Giza Eskubideen Zuzendaritzara iritsi eta erronka handia du Maribel Bakerok (Urnieta, 1970) epe laburrera. Foru aldundiak Siriako errefuxiatuen krisiari erantzuteko sortu duen lantaldearen ordezkaria da Bakero, Fernando San Martin Kooperazio zuzendariarekin batera. Haiek joaten dira Eusko Jaurlaritzak abian jarritako lantaldearen bileretara. Bakerok Hitza-ri esandakoaren arabera, ziurtasuna du errefuxiatuen beharrei behar bezala erantzuteko gai izango direla.
Errefuxiatuak jasotzeko prestatzen ari da Gipuzkoa. Zeren edo noren zain zaudete orain, jakiteko noiz eta nola hasiko diren iristen? Urritik aurrera espero dira, ez da hala?
Joan den astean Eusko Jaurlaritzak gidatuta batzorde berezi bat sortu zen, errefuxiatuen krisi humanitariori aurre egiteko. Batzorde horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartzen du. Bestalde, foru aldundiak berak, bere lana bideratzeko, jarraipen batzorde bat jarri du martxan etxe barruan, Markel Olano diputatu nagusiak zuzenduta. Batzorde horretan, halaber, Administrazio Publikoko, Kulturako eta Politika Sozialetako diputatuak, eta Kooperazioko zein Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaria ere bagaude.
Hiru bilera izan ditugu Gasteizen, eta oraindik ere Europa mailan adostasunik ez dagoenez eta Espainiako Estatuak kupoak erabakitzeko irizpidea zein den ez dakigunez, ez dakigu zenbat errefuxiatu etorriko diren. Lehen bileretan Euskadiko erkidegora 1.000 pertsona inguru etorriko zirela esaten zen, eta horietatik herenak Gipuzkoara. Herenegun beste bilera bat izan genuen Gasteizen, eta, ematen duenez, lehen errefuxiatuak urriaren bukaeran hasiko lirateke iristen EAEra, eta berrehun bat izatea aurreikusten da.
Beraz, etorrera ez da bat-batekoa izango. Pixkanaka iritsiko dira, eta urritik aurrera izango dela aurreikusten da.
Hondarribiko eta Zarauzko aterpetxeetako tokiez gain, beste herri askok eskaini dute tokia: Eibar, Segura, Zestoa, Irun… Zehazki, zenbat pertsona jasotzeko daude prest, eta zein herritan?
Foru aldundiak dagoeneko baditu 80 toki aterpetxeetan, eta, behar izanez gero, bideratu ditzake lehen fasea gauzatzeko. Hala ere, ez da pentsatzen aterpetxeak aukera egokiena direnik errefuxiatuak hartzeko; etxeak edo antzekoak hobesten dira. Baina esandakoa, behar izanez gero, baliabide horiek eskura ditugu, eta horrela jakinarazi diogu Eusko Jaurlaritzari.
Herriek ez ezik, partikularrek ere eskaini dute laguntza. Zenbat dira? Irizpide jakinik ba al dago errefuxiatuak hartu ahal izateko?
Partikularren laguntza elkarteetara bideratzen ari gara, CEAR, ACNUR eta Gurutze Gorrira, hain zuzen ere. Horiek izango dira, printzipioz, errefuxiatuen harrera eta lehen jarraipena egingo dutenak, bai kanpamentuetan, eta baita Euskadira iristen direnean ere, CEARen kasuan adibidez. Bestalde, errefuxiatuak hartzeko eskaintza egin duten partikularrei dagokienez, batez beste ehun pertsona inguruk deitu dute laguntza emateko prest daudela adieraziz; eta, lehen esan bezala, elkarteen bidez ari gara eskaintza horiek jasotzen eta kudeatzen.
Beharrak zeintzuk diren jakin ahala elkarte horiek zein erakunde publikook, ditugun bitartekoekin, errefuxiatuak hartu egingo dira, beren beharrak eta ezaugarriak (haurrak dituzten familiak, banakakoak…) jakin eta gero.
Errefuxiatuak etxean edukitzeak luze jo dezake. Hori familiei argi azaltzea garrantzitsua izango da, ezta? Bestalde, aterpe bat emateaz aparte, zein beste laguntza beharko dute errefuxiatuek? Osasun arloan, hezkuntzan, integrazioan…
Printzipioz, beren beharrak kontuan hartuta, elkarteek edota instituzioek dituzten etxeetan egokituko dira errefuxiatuak, ez familietan. Familiek modu ezberdinetan lagundu dezakete. Hainbat modu daude laguntza emateko; besteak beste, sozializazioan lagunduz, elkarteen bidez laguntza ekonomiko bat eskainiz… Aukera asko dago laguntzeko, baina printzipioz errefuxiatuak ez dira familien etxeetan egongo.
Bestalde, lagundu nahi duten horiei, euren etxean harrera egiteko eskaintza egin dutenei, esate baterako, esango nieke foru aldundiak baduela adingabeak hartzeko beharra, harrera familien beharra dagoela, eta hor lagungarri izan daitezkeela.
Europan bilera egin berri dute, eta ez dute akordiorik lortu beste 120.000 exiliatu banatzeko. Zer balorazio egiten duzue Bruselan gaiaz egiten ari diren kudeaketaz?
Europa oso itxura kaxkarra ematen ari da, eta gu, konpetentziarik ez dugunez, estatuak duenez, Madrildik hartzen diren erabakien menpe geratzen gara.
Halere, lasaitasun mezu bat plazaratu nahiko nuke; euskal instituzio eta elkarteek koordinaturik lan egingo dugula, harrera eta zerbitzuak planifikatzen ari garela, beharrak sortu ahala horiei erantzun egoki bat emateko. Errefuxiatuak gerra batetik ihesi datoz, euskaldun askok duela urte batzuk egin behar izan zuten bezala, eta eskubideak dituzte. Gai izango gara herri moduan krisi honi aurre egiteko, eta gure gizartean sortzen diren beharrei erantzuteko ere bai.
Leave a Reply