Maite Alustiza
Lotu, josi, heldu. Usurbildarrek hiru hitzokin harilkatu dute Kilometroetako Lotzen Gattunk abestia. Hariak eta sokak asko dira, eta hiru aurtengo jaiaren ardatzak: parekidetasuna, inklusibotasuna eta iraunkortasuna. Atal horiek lantzen aritu dira urte osoan zenbait batzordetan; egindako lanketaz eta igandean izango diren aukerez hitz egin dute lantaldeetako kideek:
Neska bat ageri da lantegian, beste neska bat baratzean, eta emakumea da anguletan dabilena ere. Kilometroetako Lotzen Gattunk abestiaren bideoklipean agertzen dira hirurak, “tradizionalki gizonezkoen lan gisa definituak izan diren zereginetan”. Garazi Lizaso Manterola (Usurbil, 1992) Parekidetasun Batzordeko kideak dioenez, egunerokoan barneratuta dauden eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez zaien hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan dituzte horrela: “Genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere”. Kantuaren hitzetan ere jarri dute arreta: “Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna”.
Abestiarena adibide bat baino ez da. Jai ereduen inguruko hausnarketa ikuspegi feminista batetik egin dute, eta eremu ezberdinetan landu nahi izan dute parekidetasuna: antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, horren prebentzioan eta erantzunean.
Eragile feministekin eta instituzioekin elkarlanean lan egin dute, eta, besteak beste, eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute. “Protokoloak ez du biltzen eraso bat izango litzatekeen balizko kasuan horren erantzuna soilik; indarkeria sexistaren sentsibilizazioa, erasoen identifikazioa, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina, hau da, prebentzioa ere biltzen du”. Igandeari begira, norbaitek eraso sexistaren bat pairatzen badu, jai gune bakoitzeko sorospen postura jotzea aholkatu dute.
Lizaso Manterolaren arabera, orain arteko festaren ereduak “hutsune asko” zituen: “Horren adibide garbia da batzorde batek ez duela landu gaia, eta zehar lerro gisa ere ez dela landu. Ez da inongo irizpiderik kontuan hartu jaialdi parekide bat antolatzeko orduan, ezta egitarauan edota komunikazioan ere”. Festak, oro har, “bigarren mailako eremutzat” hartuak izan direla uste du Lizaso Manterolak. “Ez da hala. Jaiak errealitateko balioen adierazleak dira. Azken finean, errealitatearen isla”.
Usurbilen beharrezko ikusi dute jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea, “egungo egiturazko zapalkuntza guztiei” aurre egiten hastea. “Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta, bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu”.
Orain arte gaia “nahiko ikusezina” izanda, parekidetasunaren alorrean urratsak egiten hasteari berari garrantzia eman diote. “Aurtengotik aurrera eraso sexisten gai ikusezina kontuan hartzea, horien aurkako mezuak barneratzea eta erasoak identifikatzea ez litzateke pauso eskasa izango”.
Egunean bertan, eremu ezberdinetan txertatuko dute gaia, hala nola emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, boluntarioen arteko lan banaketa sexuaren arabera ez egiten eta genero rolak hausten… “Ligoteo sanoaren aldeko kanpaina ikusi eta entzun ahalko da, eraso sexistak identifikatzen lagundu diezaguketen kartelak ere zirkuitu osoan egongo dira, musika taldeetan emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan da…”. Aurten pauso batzuk aurrera eman dituzten arren, “asko” dago egiteko: “Oraindik bidea luzea da. Emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzetik, taldeen mezu eta edukiak kontuan hartzera egin behar dugu salto, baita genero rolekin amaitzera ere”.
Pedagogia eta sentsibilizazio dinamika martxan izan du urte osoan Guztiok Gattunk batzordeak. “Hazitxo batzuk” erein dituzte inklusibotasunean: “Guztiok kontura gaitezen denak gizarte berean gaudela, denok garela horren partaide, eta gauzak egiterakoan, hezkuntzan, lan arloan eta aisian, unibertsaltasunean pentsatu behar dugula”. Begoña Izeta (Usurbil, 1964) batzordeko ordezkariak azaldu duenez, hiru eremutan jorratu dute inklusibotasuna batik bat: Udarregi ikastolan, herrian eta Gipuzkoa mailan.
Ikastolan, proposamen pedagogiko bat jarri dute martxan, unitate didaktiko bat ariketa inklusiboekin, Lehen Hezkuntzarako. “Lan garrantzitsua izan da. Lau haizeetara barreiatu bai, baina etxetik hasi behar da”. Ebaluazioa egingo dute gero. Horrez gain, kirol egitasmoak ere izan dira ikastolako soinketa klaseetan; adibidez, teknifikazioa landu dute gurpildun aulkian daudenekin batera.
Herria izan da inklusibotasuna lantzeko beste eremuetako bat. Horren adibide da hainbat herritarren artean egin duten Jendartean bidaide antzezlana. Bigarren emanaldia inprobisatu behar izan zuten, eta deiak jaso dituzte beste herri batzuetara eramateko. Gipuzkoa mailan, berriz, dekalogoa aurkeztu die Guztiok Gattunk batzordeak eragileei. “Erantzun polita” jaso dute, atxikimendu ugari; erakundeak ez ezik, enpresak, kirol arlokoak eta abarrak daude tartean.
Gainerako lantaldeek bezala, bilerak egin dituzte urte osoan, eta bertaratu ezin zutenen iritziak posta elektronikoz jaso dituzte. Bide askotatik jaso dituzte ekarpenak; hala ere, arazoak egunerokoan dituztenen aldetik sentsibilizazio gehiago nabari du Izetak: “Ezgaitasuna guztiok daukagu; mota askotakoa izan daiteke, ikusten ez dena ere bai. Baina egia da alaba, iloba edo gizona gurpil aulkian badaukazu egunerokotasuna zaildu egiten zaizula, eta beti ateratzen da kontzientzia gehiago halako jendearengandik”.
Egunari begira, zirkuitua guztiontzako egokitu dute. Hala ere, saihetsezinak diren hainbat traba badaude: aldapak. Dena den, ibilbidearen %95ean porlana izango da, gurpil aulkian joateko egokia. Aldapek duten desnibela esku orrietan adieraziko dute: “Ez da gurpil aulkian doana bakarrik; bikiak organ daramatzanak ere planifikatu beharko du bidea”. Porlan gabeko bideetan, alternatiba egongo da: laguntzaileak jarriko dituzte beste bide batzuetatik pasatu eta gero zirkuitura itzultzeko.
Guneetan ere, inklusibotasuna lantzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Bereziki landu dute ikastolen artean egin ohi duten Erronka: aurten, gaitasun ezberdinen neurketa jarri dute deman, joko ezberdinekin; taldeak zabaldu egin dira, frogak banatu… 21 ikastetxek parte hartuko dute, eta denak iritsiko dira finalera; tarteko frogak ez dira filtro izango.
Hondakinik onena sortzen ez dena leloa izan du goiburu Ingurumena eta Garbitasuna Batzordeak. Lantaldearen izenean, Ainhoa Arrozpidek dio (Usurbil, 1973) orain arte garbitasunera mugatu izan dela ingurumenarekin lotutako atala, eta, aurten, hori aldatu nahi dute: ingurumenean eragin, ondoren garbitu beharrekoa ahalik eta gutxiena izan dadin.
Igandeari begira, hainbat neurri edo proposamen egin dituzte ildo horretatik. Usurbilera iristeko, esaterako, bizikleta martxa antolatu dute Donostia eta Usurbil arteko bidegorria aprobetxatuz. 09:30ean aterako da Alderdi Ederretik, 10:15ean pasatuko da Lasarte-Oriatik eta 11:00ak aldera sartuko da Usurbilen.
Jairako produktuak gertuko hornitzaileekin hitzartu dituzte, ahal zuten neurrian; eta festa garaian ere egongo dira aldaketak: freskagarriak ez dituzte aluminiozko latan zerbitzatuko; sagardo, ardo eta txakolinaren botilak berreskuratu egingo dituzte; eta iturriko ura kontsumi dadin, herriko iturriak seinaleztatu, txosnetan iturri gehiago jarri, eta sustapen mezuak zabalduko dituzte. “Botilako uraren beharra multinazionalek artifizialki sortua da. Garestia da botilako uraren iruzurra. Iturrikoa baino mila aldiz gehiago ordaintzen da. Gainera, petrolioz eginda dauden plastikozko botilek gure airea, itsasoa, ibaiak eta lurra kutsatzen dituzte, besteak beste. Usurbilen badaukagu hori saihesteko aukera: iturriko ura, primerakoa, oso ona eta doan”.
Edalontziak berreskuratzen ere indar berezia jarri dute. Basoengatik gordailu gisa utzitako dirua berreskuratu ahal izango da gune guztietan, eta, horretaz gain, bereziki festaren bukaeran, edalontziak itzultzeko eskatuko diete festazaleei. “Horrela lortuko da urtero edalontzi berri pila berriro fabrikatu beharrik ez izatea”.
Birziklatzeari dagokionez, berriz, sortuko diren hondakinak ez nahasteko “nahikoa baliabide” jarriko dituzte. Hondakin organikoak hiru gunetan egokitu dituzten konpost guneetan jarriko dituzte une berean. Higienearen atalean, komun idorrak egongo dira gune batean: “Zerrautsa botaz dena konposta egiteko eramaten da. Horrela egiten dute Lekornen [Lapurdi] ospatzen den EHZ musika jaialdian. EHZko kideen laguntza izango dugu”.
Jaia ahalik eta modurik iraunkorrenean garatzeko ahalegina egin dute. Horretarako, aurrelanketan jarri dituzte indarrak. Kilometroekin lotura duten praktika guztietan, publiko zein pribatuetan, iraunkortasun irizpideak kontuan hartzen saiatu dira; urte osoko ekintzetan ere aintzat hartu dute iraunkortasuna: salmenta puntuetan, herriz herri ibili den puntu ibiltarian eta herrian zabaldu den dendan, adibidez, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte, eta ekitaldietan eta prentsaurrekoetan iturriko ura lehenetsi dute. Maiatzean, Kilometroak Kultur Elkarteak Zero Zabor hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, bide horretan, pausoak ematen doaz murrizketan, berrerabiltzean eta birziklatzean.
Leave a Reply