Nerea Uranga
Zarautzen martxan da Zarautz On udazkeneko zikloa, Zientzia eta teknologia bertatik bertara izenburu hartuta. Zientziaz Blai saioan, hitzaldi bat emango du Ander Ramos ikertzaileak (Donostia, 1980) azaroaren 10ean. Iaz, Alemaniako Etorkizun Handiko Ikertzaile Gazte Onenaren Walter Kalkhof-Rose saria jaso zuen. Egun, Donostia eta Alemania artean dabil: Donostian, Tecnalian; eta Alemanian, Tubingengo Unibertsitateko Institute of Medical Psychology and Behavioral Neurobiology-n, neuroteknologiako ikerlari.
Donostia eta Tubingen artean ari zara lanean; nolatan?
Unibertsitate ikasketak egin, eta Fatroniken hasi nintzen lanean, 2004an; gero, Tecnalia bihurtu zen. Ordutik, Tecnaliari lotuta jardun dut, baina, aldi berean, ikasten jarraitu dut: master bat egin nuen Munich eta Ameriketako Estatu Batuen artean, eta gero doktoretza Tubingenen. Duela zortzi urtetik, Tubingen eta Donostia artean nabil joan-etorrian, gero eta sarriago bidaiatuz.
Neuroteknologiako ikertzaile zara. Zer da zehazki neuroteknologia?
Oinarrian, teknologiaren —ingeniaritza elektronikoa, softwarea edo mekanikoa— eta neurozientziaren —neurologia, neurokirurgia…— artean interfazeak edo interakzioak egitea da. Gure kasuan, adibidez, burmuineko infartua eduki dutenak birgaitzeko helburuarekin darabilgu. Baina neuroteknologia erresonantzia magnetikoa ere bada. Neuroteknologian, teknologia nerbio sistema zentralaren disposiziora ipiniko genuke, diagnostikorako, tratamendurako edo elkarreraginerako tresna izateko.
Gaur egun, garuneko infartua eduki dutenak birgaitzeko erak ikertzen ari zara, beraz.
Neuromakina interfazeekin ari naiz orain lanean. Horiek burmuineko aktibitatea erregistratzen dute; gero, algoritmoekin prozesatzen dugu, interesatzen zaizkigun seinaleak dekodifikatuz. Burmuineko infartu baten ondorioz galdutako funtzioak berreskuratzea dugu helburu; funtzioetako bat mugimendua da. Neurona lesio batean by-pass teknologiko bat egitea litzateke. Hau da, neurona mailan teknologia eta giza gorputza fusionatzea.
Gaur egun, ikerkuntza horren zein fasetan zaudete? Frogatu al duzue emaitzarik ba al duen?
Lehen fasean, gorputzetik kanpoko teknologia erabili genuen, eta aukera izan genuen burmuineko aktibitatea erregistratu eta hainbat gauza dekodifikatzeko. Hainbat gauza antzematea ez genuen lortu, ordea. Hala ere, urteetan erabat geldirik eta mugimendurik gabe egondako pazienteak zentimetro gutxi batzuk mugiarazteko gai izan ginen. Horrek itxaropenerako ate bat zabaldu zigun pazienteei eta guri. Gure ikerketarako oso garrantzitsua izan da: teknologiaren bidez mugitzeko intentzioa eta mugitzeko akzioa bera lotzea lortu dugu. Hau da, lesioaren ondoren nerbio sistema giharrak kontrolatzeko gai izatera bideratu dugu. Orain, lortu dugunaz jabetu eta hobetu nahi dugu. Beste maila batera joan nahi dugu, informazio gehiago emango diguten seinaleak jasotzeko. Horretarako, kirurgia txiki batekin, garunaren azalean mikroelektrodo batzuk jarriko genituzke, seinaleak hobeto dekodifikatzeko aukera izateko.
Ikerketa horri esker, iaz, Alemaniako Zientzia eta Letren Akademiak ikertzaile gazte onenaren saria eman zizun.
Walter Kalkhof-Rose saria da. Sariak kimikari aleman ospetsu bat zenaren izena du. Haren alargunak —egun bizi da, 90 urtetik gora ditu— bere bizitzan ikerketa lagundu eta zientzia bultzatu du. Saria niri eman didate, baina ikerketa hau jende askoren lanaren emaitza da, tartean Nerea Irastorza zarauztarrarena.
Alemaniarra ez den aurrenekoa zara sari hori jasotzen. Ilusio handia egin al zizun sariak?
Bai, noski, ilusio handia egin dit; lanean segitzeko motibazioa ematen du. Zientzialariok bakoitzak eduki dezakeen motibazioaz gainera, ez dauzkagu motibatzen gaituzten tresna asko. Gaur egun gizartean dugun rola eta egiten duguna kontuan hartuta, ikerlarioi begirune gutxi zaigu. Mundua eta gizartea zientziari esker doaz aurrera: ikertzen delako, gauzak hobetzen eta ulertzen direlako, gauzek zergatik funtzionatzen duten azaltzen delako… Gaur egun, honetan jende gutxi ari da; ez daude ondo ordainduak, eta espero da jendeak besterik gabe egin behar duela. Horrelako sariak urteetan egindako lanean segitzeko bultzada dira. Nahiago nuke jendea zientziaren garrantziaz kontzientziatuko eta jabetuko balitz, eta positibotik duen guztia ikusiko balu.
Sariak, ikertzen segitzeko akuilu izateaz gainera, zuen lana gizarteratzeko ere balio al du?
Tira, gure lanak nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratzen dituzte bestela ere. Baina gizartean gehiago ezagutarazteko balio dute sariek.
Zientzian eta ikerketan nahikoa inbertitzen al da hemen?
Gauza askotan, beste herrialde batzuen desberdinak gara. Alemanian, niri eman didatena bezalako sari asko daude, eta hemen, ia batere ez. Bestalde, han ikerketarako dirua emateko ohitura dago; erakunde askok gizartetik jasotakotik funtzionatzen dute, eta hemen hori arraroa da. Baina, paradoxa da, organoak ematen hemen gehiago gara, eta katastrofe natural bat gertatutakoan ere gehien ematen dugunetakoak gara. Finantzaketa aldetik, berriz, zorionekoak gara, beste lurralde batzuetan (Espainia, Italia, Grezia…) ikerketarako finantzaketa bideekin gertatu dena kontuan hartuta; ez, ordea, iparraldeko beste lurralde batzuekin alderatuta, diru publiko eta pribatu gehiago jartzen baita zientziarako. Tecnalian ari naizelako zorioneko naiz, zientzia eta teknologia berritzailearen alde egiten baita han. Ditugun elementu baliotsuak —pertsona oso kualifikatuak, erakundeak, balioak…—zaindu beharra daukagu, ordea.
Zarautz On-ek antolatutako udazkeneko zikloan, Zientziaz Blai-ko hitzaldia emango duzu.
Horrelakoak antolatzen dituztenen lana eskertzekoa da; oso garrantzitsua da euren denbora eta gogoa era honetako gauzak antolatzen erabiltzen dutenen lana. Gainera, ohore bat da han parte hartzera gonbidatu izana. Gure ardura ere bada horrelako hitzaldi bat ematera goazenean teknologiaz eta zientziaz bakarrik ez jardutea; gure esperientzia kontatu eta interesgarria egin eta parte hartzea bultzatu behar dugu.
Leave a Reply