Aizpea Amas
Hamahiru urte daramatza Borja Arbelaitzek AEKn (Errenteria, 1976), horietatik hamabi Oiartzualdeko zuzendari. Euskara ikasteko eredu berri bat martxan jarriko dute eskualdean, eta, dioenez, ikasleak aspalditik egiten ari diren eskaera bati erantzungo dio. Bizitza erritmora gehiago egokitzen dela dio, baina, era berean, euskaltegian eta beste ikasleekin euskaraz aritzeko harremana galdu gabe.
Euskara ikasteko eredu berri bat proposatu duzue. Zein berezitasun ditu?
Orain arte, nagusiki bi ikastaro mota zituen onartuak HABEk: aurrez aurrekoak eta autoikaskuntza. Ikastaro berria bien arteko nahasketa bat da. Hainbat saio izango dituzte ikasleek astero; kasu honetan, bi orduko bi saio, eta, horrez gain, tutoreak lan batzuk emango dizkie euren kabuz egin ditzaten. Tutoretza saioak ere izango dituzte.
Zergatik eredu hau?
Beharra bazegoen. Ikasleek aspalditik eskatzen duten kontu bat da. Geroz eta gehiago eskatzen dizkigute ikastaro motzagoak, eta ez ematea hainbeste denbora euskaltegian. Horrek arazoak sortzen dizkigu, ikasketa prozesua luzatu egiten baitu. Ikasleen eskaeraren aurrean, halako ikaskuntza konbinatua ontzat jo genuen. Arazoa zen ez zegoela homologatua. Aurten lehen aldiz HABEk aukera eman du.
Non eskainiko dituzue ikastaro horiek?
Erabaki dugu proba gisa martxan jartzea Bilbon eta Oarsoaldean. Guk geure burua eskaini genuen, eta aukeratu gaituzte.
Zenbat lagunek eman dute izena zuenean?
Hogei inguru daude izena emanda ikastarorako, eta, agian, bi talde sortzeko ere emango du kopuru horrek.
Zein abantaila ekarriko dizkio eredu berriak ikasleari?
Gaur egungo gizartearen erritmoa kontuan hartuta, gehiago egokitzeko aukera. Ikastaro arruntak astean 6-8 ordukoak izaten dira. Autoikaskuntzak, berriz, diziplina handia eskatzen du, eta, horrez gain, ikasleak oso harreman txikia egiten du taldearekin eta euskaltegiarekin, eta guk oso garrantzitsutzat jotzen dugu hori. Euskaltegian, euskara ikasteaz gain, ikasleek euskaraz aritzeko harreman sare batzuk sortzen dituzte. Horregatik egiten ditugu horrenbeste kanpo ekintza. Horrenbestez, eredu honek autoikaskuntzaren malgutasuna eta aurrez aurrekoaren abantailak elkartzen ditu.
Zein kanpo ekintza egiten dituzue?
Afariak, normalean. Garrantzi handia ematen diegu. Izan ere, gure ikasle askok eta askok, batez ere Oreretan, euskaraz aritzeko aukera euskaltegian bakarrik daukate. Ekintza horiekin harreman sare naturalak egiten dituzte, non euskara nagusi den. Horri lotuta, oso garrantzitsuak dira Mintzalaguna eta antzeko egitasmoak. Horrez gain, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, eskualdeko euskaltegi guztiek Mintzalagun programa egiten dugu. Hilero tailer bat ematen diegu ikasleei, eskualdeko sei euskaltegietan: AEK-ko lautan, eta bi udal euskaltegietan, Pasaiakoan eta Oreretakoan. Aste honetan, esaterako, sakelako telefonoarekin egindako argazkilaritza tailer bat egingo dute. Tailer horiekin helburua da jakintza esparru berri batzuk euskaraz lantzea, ikustea jakintza esparru horiek euskaraz ere landu daitezkeela, eta, horrela, jakintza esparru horiek euskaraz garatzea. Azken finean, ikustea euskara euskaltegiko lau paretetatik kanpo ere ohiko gauzetarako erabil daitekeela.
Probako esperientzia egin ondoren, asmoa zabaltzea da?
Nik uste dut baietz, etorkizuna hortik dator.
Eskualdean zenbat ikasle dituzue? Helburua 500 ikasle lortzea zen.
Iaz eskualdeko AEKtik 525 ikasle pasatu ziren, eta 44 talde izan ziren. Aurten dagoeneko 300dik gora ikasle gaude, eta iaz baino pare bat talde gehiagorekin hasi gara. Gauzak nola doazen ikusita, iritsi eta pasatuko garela uste dut.
Zer-nolako ikasleak dira horiek? Maila, adina…
Denetarik. Badago jende asko beheko urratsetakoa, tamalez, euskaraz asko ez dakiena edo deus ez dakiena. Badago beste jende asko titulu bat atera edo azterketa bat prestatu nahi duena. Adinari dagokionez, nabaritzen da ikaslea geroz eta helduagoa dela. Normala da, duela urte batzutatik hona eskolatik pasatu denak, behintzat, euskara ezagutzen duelako. Zaharrak ere badira. Ikasle asko dauzkagu erretiroa hartu dutenak eta, orain denbora daukatenez, euskara ikastea erabaki dutenak. 85 urteko ikasleak ere baditugu. Inoiz ez da zaharra deus ikasteko, eta are gutxiago Euskal Herrian euskara ikasteko.
Etorri berriak ere animatzen dira?
Ari dira. Badago beraientzat propio bideratutako eskaintza bat: Aisa ikastaroak. Urtero talderen bat sortzen dugu; kasu horretan, udalekin elkarlanean. Talde arruntetan ere badira etorri berri asko, eta geroz eta gehiago. Aitortu behar zaie integratzeko egiten ari diren ahalegina.
Izena emateko garaian, diru laguntzak badira. Zeintzuk?
Bi diru laguntza mota daude. Batetik, udalen diru laguntzak, eta, bestetik, HABEren diru laguntzak. HABEren diru laguntzak lortu ahal izateko titulu ofizial bat lortu behar duzu euskaltegiko ikasle zarela. Udalen diru laguntzak lortzeko aski izaten da udalerri horretako herritar izatearekin, eta, normalean, asistentzia eskatzen dute. Eskualdeko udalen ahalegina eskertzekoa da alde horretatik, baina badago oraindik zertan hobetu.
Eta zertan hobetu behar da?
Aurreko legegintzaldian Gipuzkoako Aldundiak proiektu partekatu bat bultzatu zuen. Han parte hartu genuen aldundiko ordezkariek, hainbat udalerritako teknikariek eta euskaltegietako zenbait ordezkarik. Helburua zen aztertzea euskara ikasteko diru laguntzak nola hobetu eta nola egin eraginkorrago. Alde batetik, epeetan aurreratzea proposatu zen. Izan ere, badago jendea nahiz eta jakin matrikularen zati bat itzuliko diotela, aurreratzeko ez daukana. Bestetik, kopuruak handitzea; eta, azkenik, doakotasunerako pausoak ematea, ez delako justua zure herriko hizkuntza ikasteagatik ordaindu behar izatea. Gero, agian lehentasun bezala pertsona talde batzuk markatu behar dira. Adibidez, gurasoak —familia bidezko transmisioa bermatzeko—, edo merkatariak —herrien barruko bizitza sozialean gakoa direlako—. Euskararen maila unibertsalizatzeko bidean pausoak eman behar dira. Alegia, euskararen ezagutza maila bat bermatzea, izan daitekeena B1 maila, eta horretara arte ikasteko prozesua debalde izatea.
Leave a Reply