Eider Goenaga
Artisau erara eta eskuz betetako granadak dira. Iturgintzarako hodiak erabilita egindakoak. Hodian TNT edo dinamita sartu, metrailarekin bete eta metxa batetik aktibatzen zirenak. Dozena eta erdi aurkitu dituzte. Zartarazi gabeak —Ertzaintzaren esku egon dira hainbat hilabetez, indargabetu eta segurtasunez erakusteko moduan utzi arte—. 1936ko gerran Errepublikaren aldeko indarrek erabilitakoak dira. Zubietamendin, Txaldatxur izeneko mendi kaskoan egin dute aurkikuntza Lasarte-Oriako Islada Ezkutatuak taldekoek, eta atzo eman zuten horri buruzko informazioa, prentsaurrekoan.
Fusilekin jaurtitzeko bi rabiza (muturrean granada txikia daramaten eta fusilean sartzen diren suziri modukoak; Iparraldeko Fronteak asko erabili zituen) eta katalogoko eskuko granadak ere aurkitu dituzte tokian. Islada Ezkutatuak taldekoek aitortu dute beraientzat “sorpresa handia” izan zela horiek topatzea. “Guk pentsatzen genuen Lasarten ez zela ezer gertatu gerra garaian, eta begira nolako aurkikuntza egin dugun”, azaldu dio Hitza-ri Mailu Arruti taldekideak.
Taldearen lehen aurkikuntza defentsarako erabilitako 120 metroko lubaki eremua izan zen. Horrek bakarrik merezi zuen ahalegina. Baina lubakietan, gerraren lekuko isilak aurkitu zituzten gero; bala-zorroak, soldaduen medailak, kontserba latak… Eta horiekin batera, eskuz egindako granadak eta rabizak. Badira bi urte lubakiak garbitzen hasi zirela, eta larunbatero elkartzen da taldetxo bat lanerako.
Asko egiteko
“Oraindik asko daukagu garbitzeko, eta asko daukagu argitzeko”, azaldu dute taldeko kideek. Izan ere, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz “Lasarten eta Orian zapalduak izan ziren herritarren egia” azaleratzeko sortu zuten elkartea, eta horretan ari dira jo eta su. Gerra tokiak izan zirenak arakatzeaz gain, gerra eta gerraostea bizi izan zutenen memorian arakatzen ere badabiltza, Lasarte-Oriako herritarren testigantzak bilduz.
Txaldatxurren egindakoa “aurkikuntza inportantea” da Islada Ezkutatuak-entzat. Besteak beste, Errepublikaren aldekoak nolako armekin borrokatu ziren jakiteko. “Arerio handia izan ziren frankistentzat eta erreketeentzat. Haiek hobeto armatuta zeuden arren, asko kostatu zitzaien Gipuzkoa hartzea. Oria bailaratik barrena sartu ziren Lasarte-Oriara, baina hainbat denboran atzera eta aurrera ibili ziren; eta tarte jorretan, jo bai, jo zuten, baina jaso ere bai”, azaldu du Joxe Agustin Muguruza taldekideak.
Muguruzak dioenez, zaila da jakiten Errepublikaren aldeko indarrek zehazki zenbat denboran eutsi zioten faxisten erasoari Orian. Jakinekoak diren datak baliatzen ditu horren inguruko irakurketa egiteko. Uztailaren 19an atera ziren erreketeak Iruñetik Gipuzkoa aldera, eta Donostia ez zuten hartu irailaren 13 arte. “Kalkulatzen dugu Lasarte-Oriara irailak 4-5-6 inguruan sartu zirela. Argi dago denbora luzea dela, eta horrek erakusten du asko kostatu zitzaiela posizioak hartzen joatea”.
Tolosa erori zen arte, kolpistek zailtasunak izan zituzten aurrera egiteko, eta Tolosatik barrena, Buruntza eta Belkoain mendien artetik egin zuten faxistek Oriarako bidea. Han, Txaldatxurren zain zituzten Errepublikaren aldeko soldaduak. Frontearen zati bat da Zubietamendin aurkitutakoa, Iramuñotik (Larraul) Mendizorrotzeraino (Donostia) luzatzen baitzen hiriburua kolpisten erasotik babesteko frontea.
Goian posizioa hartuta eta lubakiak eraikita, eskura zuten guztiarekin egin zieten eraso behean kokatutako indar frankista eta erreketeei. “Eskuz egindako granadak botatzen zituzten goitik behera, eta morteroekin erantzuten zuten behetik gora. Bi bandoek zituzten armak ezin dira konparatu. Katalogoko armekin borrokatzen ziren faxistak, eta arma kaskarragoekin eta eskura zuten guztiarekin egin zuten gerra Errepublikaren aldekoek”, azaldu du Muguruzak. Errepublikaren aldeko soldaduek arma eskasagoekin baina “gogo, ausardia eta borondate handiarekin” jardun zutela erakusten du Islada Ezkutatuak-ekoen aurkikuntzak, taldekideek azaldu dutenez.
Aurkitzen lehenengoak
Iturgintzako hodiekin eginiko granaden aurkikuntzari, kopuruak ez ezik, arma horiek erabili zituzteneko datak ematen die garrantzia. Izan ere, jakina zen Errepublikaren aldeko soldaduek halakoak erabili zituztela, eta Eibar inguruko frontean aurkitu zuten halako bat. “Baina fronte hori geroagokoa da, 1936ko urritik 1937ko udaberrira artekoa. Guk aurkitutakoak 1936ko udakoak dira, gerra hasi eta hilabete eta erdi eskasera”.
Granadak non egiten ziren zehatz jakiterik ez dagoela dio Muguruzak. Baina hainbat pista badituzte. “Manuel Chiapuso historialariak idatzi zuen nola Oriako Hilaturas de Brunete enpresan Valentin Garciak fabrika bat atondu zuen granadak-eta egiteko. Eta frontea hortik kilometro batera dagoela kontuan hartuta, normalena litzateke handik ekartzea. Zuten pisua kontuan hartuta, ez dugu uste urrunagotik ekartzen zituztenik —600 gramo eta 1,7 kilo arteko pisua dute—”.
Granadak Orian egiten zituztela pentsarazten duen lekukotza bat ere badu taldeak. “Pertsona batek azaldu zigun nola bere aitonak kontatzen zion fabrikako atzeko aldean frogak egiten zituztela granadekin”. Azkenik, Frantziako L’Illustration aldizkariaren artikulu bat eta argazki bat baliatzen dute tesi horri eusteko. “Aldizkari horrek hainbat kazetari bidali zituen gerrara, eta argazki batean hainbat pertsona ageri dira granada hauek eskuetan dituztela. Donostiako frontearen inguruan kokatzen dute argazkia, zehaztasunik eman gabe. Baina lotura garbia da”.
Orian kolore eta ideologia askotako jendea mobilizatu zen Errepublikaren alde. “Oraindik gerra ondo finkatu gabe zegoen, eta jendea alderdi eta sindikatuekin mobilizatu zen: Euzko Gaztedikoak, anarkistak, sozialistak, abertzaleak, ANV, ELA, Eusko Nekazarikoak… nahasketa handia izan zen”.
Islada Ezkutatuak taldekoek lanean jarraitzen dute gerraren ondorioak azaleratzeko. Ez dute aurkikuntza gehiago egitea baztertzen, eta aurkitutakoak ezagutarazten ere jarraituko dute, testigantzak biltzen… Eta, larunbatero, lurpeko metala topatzeko makinarekin, gerraren aztarnak bilatzen jarraituko dute. “Lurpean dagoela azalera ateratzen segituko dugu”.
Leave a Reply