Maialen Igartua
Abenduan kaleratuko du Baleuko ekoiztetxeak Olentzeroren inguruko bosgarren pelikula, eta berritasun nabarmenak izango ditu. Batetik, istorioa ospitale batean gertatuko da, eta ez landa eremuan. Bestetik, pelikulak apenas egingo dien erreferentziarik Gabonei. Salto horren arrazoiak eta pelikularen inguruko beste hainbat xehetasun argitu ditu Txetxu Altolagirrek (Legazpi, 1969). Bera da istorioa idazteaz arduratu den gidoilaria.
Zer du berritik Olentzeroren inguruko bosgarren filmak?
Esaldi batean laburtuta, galdera honi erantzungo lioke pelikulak: “Non dago Olentzero Gabonak ez direnean?”. Diseinu aldetik ere marrazkiak oso ezberdinak dira; teknika berriak erabili dituzte.
Zergatik erabaki duzue salto hori ematea?
Gaur egun ere Olentzero existitzen delako. Lehen ematen zuen istorio hori sinisgarria izateko gugandik urruti kokatu behar genuela, mendian, zehaztu gabeko garai batean… Bosgarren pelikula izanda, zerbait desberdina egiteko garaia zela pentsatu genuen, eta horrela erabaki genuen saltoa ematea. Ekoiztetxearen hausnarketa prozesu baten emaitza izan da.
Labur azalduta, zein da argumentua?
Istorioa ospitale batean kokatzen da. Hainbat haur daude ospitale horretan, gaixo: batek minbizia du, beste batek osteogenesi ez-perfektua du —kristalezko hezurrak—, eta, azkenik, Amila dago, pertsonaia nagusia. Amila ospitalean dago, baina inork ez daki zer gertatzen zaion; frogak egiten ari zaizkio. Olentzero, berriz, ospitaleko mantentze lanak egiten dituen gizona da: Lorentzo.
Olentzero agertu arren, Gabonen inguruan ez kokatzea erabaki duzue.
Ez, Gabonei ez zaie erreferentziarik egiten. Bukaera-bukaeran bakarrik, Olentzero ospitaletik ateratzen denean, Gabonak prestatzera. Horrek bi abantaila ditu. Batetik, pelikula aproposa izango da urte guztian ikusi ahal izateko. Bestetik, Euskal Herritik kanpo bizi den eta Olentzero ezagutzen ez duen edonork ulertu ahal izango du istorioa.
Hori da asmoa, pelikula Euskal Herritik kanpora zabaltzea?
Bai. Olentzeroren pelikulak, harrigarria badirudi ere, asko saldu dira nazioartean: Asian, Errusian… Ez da hori helburu nagusia, baina aukera hori beti izaten dugu buruan, eta gidoia idaztean ere kontuan izaten dugu. Gaztelaniazko bertsioaren titulua, esaterako, El secreto de Amila izango da; Olentzero ez da aipatzen.
Zein da Amila?
Lamiaren eta gizakiaren arteko alaba da Amila. Kondairak esaten du Lamiaren eta gizakiaren alaba izanik adin jakin batera iristean aukeratu egin behar duela Lamia ala gizakia izan. Horretarako, mundu mitologikora pasatu behar du, Lamiaren orrazia laku batetik erreskatatzera. Orrazi horrek botere handia eskaintzen du.
Amilak, ordea, etsai bat izango du, ezta?
Mundu mitologikoan Tasuri dago. Tasuri gaiztoa da, eta Amilaren orrazia lortu nahi du, boterea lortu eta Mariren lekua hartzeko. Hortaz, esan daiteke gure munduaren eta mundu mitologikoaren artean saltoka dabilen istorio bat dela.
Eta Olentzerok zein rol jokatzen du istorioan?
Ospitaleko mantentze lanen mutila da; Amila arazoak izaten hasten denean, ordea, bere benetako izaera agertzen du, lagundu ahal izateko. Olentzerorekin batera, Amilaren lagunak mundu mitologikora pasatuko dira, Amilari laguntzera. Eta hainbat abentura izango dituzte han.
Zergatik kokatu duzue istorioa ospitale batean?
Gaixo dauden haurren kasuan, askotan, ahaztu egiten dugu haurrak direla. Atentzio gehiago jartzen diogu gaixotasunari, haurrari berari baino. Ezin da ahaztu gaixotasuna hor dagoela, noski, baina haurrei kasu egin behar zaie. Hori transmititu nahi izan dugu.
Horrez gain, zein balio erakusten dizkie filmak haurrei?
Elkartasuna, adiskidetasuna… Adibidez, Tximasek, minbizia duen mutikoak, ez du adiskidetasunean sinesten. Ospitale askotatik pasatu da, eta uste du ospitale batean sortzen diren adiskidetasun harremanak behartuak direla. Aurrerago, ordea, konturatuko da beti ez dela hala izaten, eta bere inguruko jendea laguntzeko prest dagoela. Bestalde, uste dut generoaren aldetik ere lan polita egin dela. Protagonista ez da betiko mutil maskulinoa, neska bat baizik. Balio asko lantzen dira.
Ahots ezagunak ere bilatu dituzue.
Gorka Aginagaldek, Jon Plazaolak, Barbara Goenagak, Gorka Otxoak eta Miren Ibargurenek egin dituzte bikoizketak. Ahalegina egin nahi izan da pelikula erakargarriagoa egiteko, jendea zinemara joan dadin.
Haurrentzako pelikulak idazteko, haurren azalean sartu beharko duzu. Nola egiten duzu hori?
Kanpoan zer egiten den eta besteek zer egiten duten ikustea garrantzitsua da. Nik ere baditut haurrak, eta horrek ere lagunduko duela pentsatzen dut. Dena den, urte asko daramatzat haurrentzat idazten. Betizu saioko gidoilari izan nintzen, eta hau Olentzeroren inguruan idazten dudan hirugarren pelikula da. The Wish Fish [Desioen arraina] ere nik idatzi nuen, haurrak arraina jatera bultzatzeko pelikula bat. Haurrentzako bi ipuin ere idatzi ditut… Neure burua definitu beharko banu, haurrentzako edukien sortzailea naizela esango nuke. Nire makineria dagoeneko horretarako prestatuta dago. Lan handiagoa emango lidake orain helduentzako zerbait idazteak.
Zein osagai behar ditu haurrentzako eduki batek?
Ez dago errezeta magikorik. Baina argi izan behar da haurrentzako edukiak egitean helduentzako egiten dituzunean bezainbeste zaindu behar dituzula. Haurrek helduek adina kontrolatzen dituzte ikus-entzunezkoak. Haur bat ezin duzu engainatu, eta gakoa da edukiak seriotasunez egitea. Eta ez haurrak direlako bi tontakeriarekin konbentzituko direla pentsatzea.
Nola hasi zinen gidoilari?
Aktore lanetan hasi nintzen, eta gero telebistatik deitu zidaten, ETBko saio baten aurkezle izateko. Aurkezle nintzela, saio hartarako gidoiak idazten hasi nintzen. Saioa bukatu zenean, gidoilari bezala jarraitzeko aukera eman zidaten ekoiztetxe hartan. Orduan justu Betizu sortzen ari ziren, eta lantaldean sartu ninduten, gidoilari bezala. Kamera aurretik kamera atzera pasatu nintzen, hortaz. Zorte handia izan dut; izan ere, oso jende gutxi bizi da gidoiak idaztetik. Egoera txarra da, beste lanbide askotan bezala.
Leave a Reply