Hitzak zenbaki, segundo gutxitan

Hitzak zenbaki, segundo gutxitan

Maite Alustiza

Hogei segundoko informazio bat hiruzpalau segundotan zenbaki bihurtzea. Azkar egin beharreko lana da; bat-batekoa, oso: «Bertsolari batek bertsoak kantatu, eta jendea txaloak jotzen ari den bitartean, zuk puntuak jarri behar dituzu bestea hasterako». Martin Aramendi ari da hizketan. Beste hemezortzi lagunekin batera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako epaile taldea osatzen du. Txapelketa final-laurdenetan sartuta dago jada, eta altua da maila. Hala ere, «onena» etortzeko dagoela ziur daude Aramendi eta Zigor Leunda taldekidea. Ia hogei urte daramatza Aramendik epaile lanetan; Leundak ere ibilbide bat egina du, 1999an aritu baitzen lehenengoz. Epaileen jardunaz eta txapelketaz aritu dira biak Gipuzkoako Hitza-rekin.

Irizpide batzuk badituzte epaileek, oinarri batzuk, baina subjektibotasunetik ere badu haien lanak: irizpideak interpretatu egin behar dituzte. 0tik 10era puntuatzen dute bertso bakoitza, zortzi puntu kontuan hartuta: gaia, hizkera, neurria, errima eta oinak, doinua, testua, baliabide paratestualak eta denbora. Bertsoak entzun ahala paperean apuntatzen dituzte errimak epaile gehienek; markak ere erabiltzen dituzte momentukoa ez ahazteko: gustatu zaiela adierazteko goranzko geziak, esaterako.

Azken bertsoak garrantzia du. Puntuatzeko garaian, bertsoaldiko azken bertsoa baliagarria gerta dakieke aurrekoa borobiltzeko. Hala dio Aramendik: «Sei bertsoko batean oso garrantzitsua da hasiera, garapena ere bai noski, baina bukaera ere bai». Bakarkakoetan ere berdin. Askotan «gai zabalak» izaten direnez, gerta daiteke hirugarren bertsora arte ez deskubritzea bertsolaria zeri buruz ari den: «Hirugarrenak argitzen ditu aurrekoetako klabe batzuk. Eta hirugarrenean saritu egiten duzu egindako lan hori». Joan den astean egin zuten bileran, hain justu, bertsoaldi bukaera bati jarri zion arreta epaile taldeak: «Egokia al da bertsoaldi bat galdera batekin bukatzea? Ze, besteak ia erantzuteko aukerarik ez du… Garrantzi handia du nola bukatzen den».

Poto egitea ere kalterako izaten da; pototik potora, ordea, aldea dagoela zehaztu du Leundak: «Potoa ekiditearren beste edozein hitz sartuz gero, esaldiak zentzua galduko luke, eta niretzat akats larriagoa da hori». Bat dator Aramendi: «Ezagutu izan ditugu bertso potodun onak, ez hamar ematekoak, baina zazpikoak bai».
Denborari dagokionez, «geroz eta zorroztasun gehiagorekin» epaitzen ahalegintzen dira: pare bat sakelako izan dituzte mahai gainean final-zortzirenetan, denbora neurtzeko. Ariketa mota bakoitzak bere denbora mugak ditu, dena den. Banakakoan, esaterako, lehen bertsorako muga bi minututan jarria dute. Hurrengo bertsoetan, 30 segundotik beherako tarteak har ditzake bertsolariak. Duela bi urte erabaki zuten gehienezko muga batzuk jartzea, Euskal Herriko txapelketan,  gehiegi luzatzea saihestearren: «Azken urteetan gai zabalak jartzen direnez, bertsolariak istorio bat osatu behar du hasieratik. Kasu askotan denbora asko hartzen zuten, 3-4 minutu».

Irizpideez gain, badira beste zenbait atal epaileengan eragina dutenak: esperientzia, gustuak, elkarrekin ikasitakoa…Kantaerak ere bai, «agian inkontzienteki», baina badu eragina. Aramendik, esaterako, asko begiratzen dio doinuari, eta, esaten denaz gain, esaten den moduari bereziki erreparatzen dio. «Euskararen inguruan aritzen naiz lanean, eta nola esaten den ere garrantzitsua da niretzat». Euskara akats bat zuen bertso bat izan du hizpide; nor-nork behar zuen tokian, nor-nori-nork zuen. «Baina ondo sartzen zen». Leundak dioenez, interesgarria horixe da: «Nahiz eta zu konturatu, esatea ‘ez dago hain gaizki’. Epaile bezala, ez konturatzeak ematen dizu pena».

Kontzentrazioa
Boskote bat aritzen da saio bakoitza epaitzen, fase bakoitzean epaile talde bera. Saio baten aurretik, fase horretako lehendabiziko bertsoaldia entzuten dute, kokatzeko: «Normalean lehenengo bertsoari ematen diozun notak markatzen du zure langa. Noski, beste egun bat da, beste aldarte bat, beste bertsolari eta gai batzuk, beste publiko bat… Baina ahalegin hori egiten da».

Kontzentrazio handia eskatzen duen lana da, «nekagarria» ere bai, Aramendiren hitzetan: «Bukatzen duzunean pott eginda zaude. Gozatzen duzu, baina ez da saio batez gozatzeko modurik onena». Ez da erraza bertso guztiak kontzentrazio maila berarekin neurtzea: «Niri zailena egiten zait bertsoren bat dudakoa izaten bada, ze nota eman ez dakidana, bestea kantatzen hasi eta aurrekoa oraindik buruan edukitzea. Horregatik saiatzen gara nota jarri lehenbailehen eta aurrera jarraitzen».

Kontzentrazioari eusteko, kokalekua garrantzitsua da Leundarentzat. Joan den asteko bi final-laurdenak jarri ditu adibide: «Larunbatean publiko guztia gure aurrean genuen; goian geunden, inor ez genuen atzetik, eta gertuen geneukan publikotik tarte bat bazegoen. Igandekoan, berriz, ikusleen ilara mahaiari pegatuta zegoen; pixka bat luzatuz gero puntuazioak ikus zitzaketen». Argi dute, ordea, areto bakoitzak bere aukerak dituela, eta antolatzaileek ahal duten lekuan jartzen dituztela. Bertsoaldi bakoitza arretaz eta adi entzun ondoren komentarioak ere egiten dituzte batzuen eta besteen artean, kontrastatzeko: «Poto egin du, ihes egin dio…».

Taldearen dinamika
Hemeretzi laguneko epaile taldean beteranoak nahiz hasiberriak bildu dira —azken horiek urtebete pasa badaramate—. Genero ikuspegia ere hartu dute kontuan; «oreka» mantentzen saiatu dira: 8 neska daude taldean, eta 11 mutil.
Urtero behintzat bi-hiru bilera egiteko ohitura dute. Txapelketaren baten aitzakian, bertsoaldi batzuk hartu eta aztertu. Gipuzkoako txapelketa prestatzen, urtarriletik-edo dabiltza, hasieran hilabetean behin eta gero maizago.
Fase artean egiten dituzten bileretan, aurreko fasean gorabeheratsuenak izan diren bertsoaldiak lantzen dituzte. Aramendik dioenez, berriz aztertuta ere, gertatzen zaie bakoitzak berearekin jarraitzea. «Batzuetan iristen gara adostasun batera, eta besteetan eztabaidak luze jarraitzen du».

Elkarrengandik ikasteak duen garrantzia nabarmendu dute biek: «Bertsoak jarri, baloratu, eztabaidatu… Aberasgarria hori da, asko ikasten da. Bertso horiek aztertzen ditugunean, ondokoak begiratu dio zuk begiratu ez diozun zerbaiti, eta hurrengoan zuk ere erreparatzen diozu».
Ados egon edo ez, denon ekarpenen batura da puntuazio orokorra, batzuetan onartzea kosta arren: «Zuk zure koadernoan puntuazio bat daukazu, eta gero denonak batuta beste bat ateratzen da. Urteekin ikasten duzu onartzen horrela dela». Epaileentzat onena zera da: bertsolariren bat saioan nabarmentzea. «Saioa oso berdindua baldin bada, dispertsio handia dago, eta edozer gauza atera daiteke, baina bat edo bi nabarmentzen badira, gu ere normalean bat etortzen gara».

Bertso onak 7tik gora puntuatu ohi dituzte; akats larriak dituztenek, berriz, bi, hiru, edo laukoa jaso dezakete. «Hala ere, lautik jaistea kosta egiten zaigu. Oso seguru egon behar duzu hainbeste jaisteko», dio Leundak. Bertsolariek duten mailak horretan zerikusia duela uste du Aramendik: «Gerta liteke isiltzea, baina teknikoki denek dute maila ona edo oso ona, eta denek moldatzen dute».

Txapelketaren maila altua
Aramendi eta Leunda bat datoz orain arte txapelketak emandakoaz: maila altua. Leundaren arabera, Gipuzkoan jende asko dago bertsotan ondo egiteko prest: «Final-laurdenetan 30 lagun daude, eta ia-ia denek seguru dutela helburu finalerdietara pasatzea, eta gainera helburu erreala eta posiblea». Saioek euren gorabeherak izan arren, maiatzeko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik maila gorantz doala diote.

Era berean, lehia izateak zuhurtziaz jokatzera eramaten du bertsolaria, Aramendiren ustetan: «Bertsolarientzat ez da erraza. Askok helburu dute finalerdietara iristea, gero Euskal Herrikorako txartela lortzen dutelako, eta horra iritsi arte agian lotuta aritzen dira».
Epaileen artean, Gipuzkoakoan «betiko kuadrilla» elkartzen da, eta «hurbilekoagoa» gerta dakieke, Euskal Herrikoarekin alderatuta: «Han bizkaitarrak, arabarrak… elkartzen gara. Bakoitzaren entrenamenduak ere ezberdinak dira, talde bakoitzak bere filosofia dauka…». Iraupenari dagokionez ere, luzeagoa da Gipuzkoakoa.

Epaile epaituak
Kritikak jasotzea ere tokatzen zaie; hala ere, errespetuzkoak izan ohi dira, eta ez asko. Leundak dioenez, epaile lanetan daramatzan hamasei urtetan bi esperientzia negatibo baino ez ditu gogoratzen. «Saioa bukatu eta bertsolari bat bero-bero joatea pasatu zait, tentsioarekin. Baina zenbat saio epaituko genituen, ehun?».  Aramendi bat dator: «Euren [Bertsolarien] lana zaila da, eta gurea ez da erraza. Denok saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten».

Ikusleen aldetik ere jasotzen dituzte komentarioak; normaltzat dute: «Bakoitzak epaile txiki bat dauka bere barruan». Bertsozaleen artean entzuna da bertso bera batek edo besteak kantatu, puntuazioa ez dela bera. Bi aldeko txanpona da hori, Aramendiren ustez: «Nahi gabe, zeinek kantatzen duen eragin egiten digu, baina izena duen bertsolari batengandik beti bertso hobea espero dugu. Ez da berdina ez bertso bera, ez txiste bera batek kontatu edo besteak kantatu. Batzuek badute ibilbide bat, ezagutzen ditugu, baliabide batzuk dituzte hasiberri batek agian ez dituenak, baina hasiberriak dauka sorpresa faktorea».

Publikoan egon daitezkeen ikuspuntuak islatzen dituen taldea izan nahi dute, irizpide batzuen barruan, baina norbere xehetasunekin: «Helburua ez da epaile guztiek berdin puntuatzea; hala balitz, epaile bakar batekin nahiko litzateke».

Leave a Reply

Your email address will not be published.