Aire zikinari aurre egiteko mozorroa edo lore-errota. Bi aukera horien artean, bigarrenaren aldeko hautu garbia egin du Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak. Zubietan egin asmo duten errauste plantaren aurka batu dira hainbat herritar, eta haien kezka plazaratu dute. Kezka Gipuzkoako Aldundiak errauste plantaren proiektua berriro hartu duelako: “Esaten digute segurtasun neurri zorrotzak eta puntako teknologia izango duela, lasai ibiltzeko, kalterik ez dela izango, dena legezkoa izango dela”. Beldur dira, ordea, “legezko” izango diren gauzekin: “Legezkoa izango da kutsadura? Legezkoak izango dira kutsadura horrek sortuko dituen gaixotasunak?”. Aste honetan aurkeztu dute plataforma, eta Diego Elgezabalek eta Maider Izagirrek hartu dute hitza plataformaren ordezkari gisa.
Bi ekinbiderekin hasi du bidea plataformak: mozio bat, batetik; eta azaroaren 21ean herrian antolatu duten manifestazioa, bestetik. Mozioa udalera eraman nahi dute, eta, horren bidez, errauste plantaren egitasmoa bertan behera uzteko eskatu mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketari. Mozioan oroitarazi dutenez, hirigunea errauste plantatik “kilometro eta erdi eskasera” dago, eta mendebaldeko haizea “ohikoena” izanik, “bete-betean” harrapatuko luke herria. Horrek herritarren bizi-kalitatean eta osasunean “eragin itzela” izango lukeela diote. Plataformaren arabera, Europako hainbat azterketak frogatu dute errauste planta batetik gertu bizi diren herritarrek aukera gehiago dituztela minbizia, leuzemia, malformazio genetikoak, ernalketa sistemaren mutazioak eta bestelako zenbait gaitz pairatzeko: “Erraustegiak dioxina sortzaile handiak dira, eta Osasunerako Mundu Erakundeak berak minbizia eragiletzat jo ditu dioxinak”.
Plantaren kokalekuari ere egin diote erreferentzia: “Lasartearrok ez dugu ahaztu Zaldunbordan, Landarbason, Urnietan eta Aritzetan saiatu zirela erraustegiak egiten, Zubietan baino lehenago. Zergatik baztertu zituzten kokagune horiek eta aukeratu hau? Garbi dago: Gipuzkoan inork ez du nahi erraustegi bat bere herrian. Guk ere ez”.
Hainbat talde Gipuzkoan
Lasarte-Orian ez ezik, errauste plantaren kontra lanean ari dira beste hainbat herritan ere. “Berrabiatze fasean” daude taldeetako asko, errauste planta geldituko zelakoan jendea “erlaxatu” egin zelako. Hala azaldu du Maria Luisa Sanchezek, Gipuzkoako errausketaren aurkako plataformen koordinakundeko kideak: “Kaltea denontzat da, baina gero eta urrunago egon, jendea gutxiago animatzen da”. Lanean ari dira Andoainen, Errenterian, Oiartzunen, Zubietan, Usurbilen, Irunen; Astigarragan ere taldea berraktibatzeko asmotan dabiltza…
Herritarrei informatzen hasi nahi du berriro koordinakundeak, hitzaldiak antolatzen, eta mozio bat prestatzen ari da udaletan aurkezteko. Denbora irabazi nahi dute: “Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra iraungi egiten da, eta iraungi aurretik dena aktibatzen ez badute, berriro hasi beharko lukete berrikuspen bat egiten, eta horrek denbora eskatuko luke”.
Plantaren proiektuaren atzean interes ekonomikoa dagoela uste du Sanchezek: “Jada ez da hondakinekin zer egin; alternatibak badaude, eta haiek badakite, baina negozio bihurtu da, eta aurrera egingo dute”. Sanchezen arabera, irtenbide “erosoena” da errauste plantarena: “Hor daukazu traste bat hondakin guztiak sartzeko, berdin du birziklatu edo ez”. Koordinakundearen helburua atez atekoarekin lortutako birziklatze tasei eustea da. “Atez atekoa nahi ez badute, hel daiteke zifra horietara beste modu batera”. Bosgarren edukiontzia izatekotan hainbat baldintza izan beharko lituzkeela dio: “Derrigorrezkoa, txiparekin, sartzen dena pisatzen duena… %80ko tasetara iristeak, horrek berak baliogabetzen du errauste plantaren asmoa”.
Leave a Reply