Tantaz tanta lortzen da litro erdia. Kantitate horixe da, hain zuzen ere, odol emaileek odol ateraldi bakoitzean ematen duten odol kopurua. Tantaz tanta, litro erdiz litro erdi, beste herritarren baten bizitza salbatzeko egiten duten lan ikusezina da odol emaileena. Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak urteko batzarra egin du Azpeitian. Urola aldeko, Debarroko, Oiartzualdeko, Lasarteko, Tolosaldeko eta Goierriko odol emaileen lan ikusezina eskertu dute beste behin ere. Donostiakoa aurretik egin zuten. Aurten, guztira, 663 odol emaileri diplomak banatu dizkie, odola hainbat aldiz emateagatik.
Rosa Urbieta azpeitiarrak urrezko diploma jasoko du, dagoeneko 40 ateralditik gora egin dituelako. Urtean lau aldiz ematen du odola. Azkeneko hilabeteetan ez du ematerik izan ahoko arazoekin ibilita hainbat medikamentu hartu dituelako. “Deseatzen nago berriz odola emateko”, dio. Senarrak behin odola behar izan zuen, eta familia osoa dago odola ematearen garrantziaz kontzientziatuta.
Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez, odol emaileek egiten duten lana oso garrantzitsua da gizartearentzat, eta diploma banaketekin, haien konpromisoa eskertu nahi izaten dute. “80 aldiz odola eman duenak 80 pertsonari lagundu die. Baina odol emaileak askotan ez dira konturatzen zenbaterainoko garrantzia daukan odol ateraldi bakoitzak, zenbat bizitza salbatzen dituzten. Herritarrek hori ikusiko balute, odol emaile gehiago egongo lirateke”. Izan ere, lautik hiruk odola edo odol osagai bat jasoko du bere bizitzan. Hausnarketarako datua da hori, Urzelairen ustez. “Gipuzkoan odol asko dago, zorionez, eta ez da albistea izaten. Denok daukagu eskubidea odola jasotzeko behar dugunean, baina jendeak ez du pentsatzen eskubide hori izateko norbaitek odola eman behar duela. Lan ikusezin bat da odol emailearena”.
Besotik besora, aurrez aurre
Garai batean, dena den, bistakoa izaten zen odol emaileen lanaren garrantzia. Urzelaik gogorarazi duenez, odola besotik besora ematen zen duela 40 bat urtera arte. “Odol emaileak eta gaixoak ondoan egoten ziren, eta bata eta bestea zertan ari ziren ikusten zuten. Odol emaileak zuri-zuri zegoen gaixoa zuen aurrean eta pixkanaka kolorea hartzen nola joaten zen ikusten zuen. Miraria begi aurrean gertatzen zen”. Gaur egun, odol emaileak odola eman, poltsan jaso, hozkailuan gorde eta odol emailea hurrengo egunean ez da gogoratzen odola eman duenik. Eta jasotzen duenak gauza bera: ospitalean dagoenean ez da konturatzen odola jasotzen ari denik.
Gipuzkoan odol arazorik ez izatea albiste ona da. Baina horrek badu alde txar bat: “Odol falta albiste ez izatea ona da, baina beste aldetik, jendeari ez zaio odola emateak duen garrantziaren mezurik iristen, eta ez da pentsatzen jartzen norbera ere odol emaile izan daitekeenik”.
Egun, 18.500 emaile
Eskuzabaltasun pixka bat eskatzen die Urzelaik odol emaile ez direnei, eta odol emaile elkartera hurbiltzeko dei egin die: “Garai hau ona izan daiteke pentsatzen jartzeko. Diploma banaketekin ikusten da jende asko dagoela odola askotan ematen duena, eta txarra edo minbera balitz edo arazoak eragingo balitu, omenaldia jasoko duten horiek guztiak ez lirateke hainbeste aldiz joango odola ematera”. Urzelaik emandako datuen arabera, Gipuzkoan 18.500 odol emaile inguru daude. Urtean gutxi gorabehera 32.000 odol poltsa biltzen dituzte. “Litro erdi eskaseko poltsak dira, 450 zentilitrokoak”. Gutxienez 50 kilo izatea da odol emailearen baldintzetako bat. “Ateratzen dugun odol kopuruak 50 kilotik gora duenari ez dio inongo arazorik eragiten. Ez da komeni %13 baino gehiago ateratzea, eta 50 kilo baldin badituzu, 450 cl %10 baino gutxiago da”.
18 eta 65 urteko herritarrak izan daitezke odol emaileak. Osasuntsu egotea da beste baldintzetako bat.
Odol emaileek urtean hiru aldiz ematen dute odola. Odola eman baino lehen arriskuko praktikarik egin gabe egotea ere beharrezkoa da. Arrisku praktikatzat hainbat herrialdetara bidaiak egitea, harreman sexualak babes neurrik gabe izatea eta medikazio jakin batzuk hartzea dira. Dena den, “odola ematera joaten diren %95ek odola ematen dute”.
Leave a Reply