Gazte hasi zen Belen Nevado (Gasteiz, 1969) antzerki tailerrak ematen institutuetan. Gaur egun Zapalduen Antzerkia tailerra ematen ari da, besteak beste, Azkoitian, Elkargunean; eta Arrasaten, Emakume Txokoan. Arrasaten dagoeneko ikasturte bat baino gehiago darama, eta Meridan (Extremadura, Espainia) bi ikasturtetan eman ditu. Joan den astean hasi zuten tailerra Azkoitian, abendura bitarte; 11 herritar ari dira parte hartzen. Nevadoren ilusioa eta ametsa da han eta hemen tailerrean parte hartu duten emakumeak ekitaldiren batean elkartzea. Detritus Teatroko aktorea ere bada.
Zer da Zapalduen Antzerkia tailerra?
Batik bat emakumeentzako tailerra da. Antzerki mota bat da, gatazkak konpontzeko eta komunikazio trebetasunak lantzeko erreminta bat.
Zein da tailerraren helburua?
Batek bere jarreran edota egoeran aldatu nahi duen hori eraldatzeko ahalmena da Zapalduen Antzerkiak eskaintzen duen gauza bat. Norbaitek bere egoera aldatu nahi izanda ere, nahi izatea bakarrik ez da nahikoa. Horretarako, gauza zehatzetara jo behar izaten da, askotan gauza abstraktuetan edo zabaletan galtzen garelako. Egoera bat errituek inguratzen dute; behin eta berriro errepikatzen ditugu. Sarritan, errituak ez dira nahi direlako egiten; inertziaz egiten ditugu, edo behin eta berriro egiten ditugu tranpa batean erori garelako. Kontua da pauta horiekin apurtzea. Zapalduen Antzerkia bizitzarako entsegu bat da.
Nola entsegu bat?
Azken batean, prozesu bat da; agian, aurreneko ahaleginean edo bigarrengoan ez da ateratzen batek nahi duen hori, baina beste pertsona batzuekin eta rol ezberdinak hartuta jarduten da tailerrean. Beraz, entseatu du, egiteko gai badela ikusi du, eta bizitzarako abantaila hori badu dagoeneko. Aldatuz doazen gizakiak gara. Bizitza bera arriskuak hartzea da, baina, askotan, beldurrak blokeatu egiten gaitu, eta, horregatik, segurura jotzen dugu askotan.
Nola lantzen duzue hori guztia?
Hiru zatitan edo bloketan banatuta dago tailerra. Aurrena, gorputzaren kontzientzia hartzeko ariketak egiten ditugu: bakoitzak bere muga fisikoen kontzientzia hartzeko eta gorputzaren esperientzia sentitzeko. Musikarekin ere jarduten dugu, mugimendua eta dantza landuz. Ariketa dinamikoa da. Ondoren, jolasaren espiritua berreskuratzeko beste ariketa batzuk egiten ditugu, taldean jolastea zer den ahaztuz joaten baikara. Ondoren, inprobisazioaren zatira pasatzen gara. Aurrena, egoera jakin batzuetatik abiatuta aritzen gara. Pixkana-pixkana, taldea konfiantza hartuz joaten da; parte hartzaileek benetakoak izan daitezkeen egoerak proposatzen dituzte, eta rol desberdinak hartuta aritzen gara. Zati horretan, ipuinak ere lantzen ditugu, ipuinen antzinako bertsioak, batik bat.
Tailerrean egindako hori nola eramaten da gero bizitza errealera, egunerokora?
Saiatzea bera aldaketa bat da, eta, hortik aurrera, saiatzen jarraitu behar da. Tailerreko prozesuaren barruan, hainbat gauza kanporatzen dira, eta mailaz maila aldaketa horretan aurrera egitea da. Garbi utzi nahi dut, ordea, hau ez dela terapia bat, ni ez bainaiz psikoterapeuta. Bakoitzak bere horretan egin beharreko ikasbide bat da. Bakoitzak bere egoera propioan ditu arazoak, baina oinarrian denonak antzekoak dira, arazo guztiak gaur egungoak eta garai honetakoak direlako.
Parte hartzen dutenek nolako garapena izaten dute?
Tailerrean konfiantzazko espazio seguru bat sortzen ahalegintzen gara. Gerora ere, tailerreko parte hartzaile batzuekin posta elektronikoaren bidez harremana izaten dut, eta gauza batzuk kontatzen dizkidate. Tailerra egin ondoren autoestimuan irabazi egiten dute, gauza batzuk egiteko gai direla ikusten dute, eta gai ikustea ahalduntzea da. Behintzat tailerrean ikusi dute hainbat gauza egiteko gai badirela, eta hori beti da positiboa. Horrez gain, bakartuta egotetik talderatzeko aukera dutela ikusten dute: zenbait egoera bati bakarrik pasatzen zaizkiola pentsa daiteke, eta hala ez dela gertatzen ikusteak eta norberaren hori besteekin banatzeak indarra ematen du. Azken batean, tailerrean parte hartzen dutenak indartuta ateratzea da nire asmoa, nork bere burua gehiago maitatuz eta ahaldunduta.
Han eta hemen emakumeen antzerkiko gero eta talde gehiago ari dira sortzen.
Antzerkia antzinako lengoaia bat da, eta denok egiten dugu antzerkia, txiki-txikitatik. Ondoren ere, edozein une eta espazio txikitan egiten dugu gure antzerkitxoa: ispiluaren aurrean, igogailuan… Gainera, toki ezberdinetan dugun jarrera ez da bera, kontzienteki edo inkontzienteki. Elkartu eta espazio horiek sortzea beharrezkoa da; denbora oso gutxian lotura estuak sortzen dira, eta geure burua gehiago ezagutzeko aukera ematen dute. Ni tailerreko saioetan ahalik eta gutxiena hitz egiten saiatzen naiz; aurkezpeneko protokoloa ere ez dut betetzen. Niri ez zait interesatzen parte hartzaileek zertan egiten duten lan… Informazioa begiradaren, keinuen eta emozioen bidez jasotzea nahiago dut. Emakumeen antzerki taldeak edo tailerrak sortzea esanguratsua da.
Antzerkiak bide asko lantzeko aukera ematen du?
Orain dela 20-30 urte ingurura arte, antzerkia profesio bide bat zen, eta intelektualen munduari lotutako artea. Herri mailan sortutako taldeei esker, aldatuz joan da. Espresio modu berriak esperimentatzeko beharrak ekarri du talde horiek sortzea. Antzerkiak emakumeoi aukera eman digu talde lanean aritzeko, garen bezalakoak onartzeko eta gaitasunak eta trebetasunak garatzeko.
Leave a Reply