Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Aldundiak bere egin behar du GHKren zorra, eta desegitea aztertu beharko du

Iñaki Petxarroman- Berria

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez du betetzen legeak administrazio publikoen arloko erakundeei ezarritako zero defizitaren baldintza. Hala, Gipuzkoako Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du diputazioak, GHK osatzen duten erakundeetatik handiena delako.

Horiek horrela, zorraren eta zero defizitaren helburua betetzen ez duela antzeman den unetik hilabete batera -abenduaren 3an-, ekonomia eta finantza plana aurkeztu beharko dute kudeatzaileek hondakinen partzuergoaren batzar nagusian. Plan hori aurkeztu eta bi hilabetera onartu behar da, eta indarrean jarri behar da 2016ko otsailaren 3aren aurretik.

GHKren kontu hartzaileak egindako txostena jaso zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Txostenaren ondorioa hau da: Espainiako Gobernuak GHKren izaera aldatu duenez, eta aldundiari atxikitako tokiko elkarte publikotzat jo duenez, zorraren eta defizitaren helburuak bete behar ditu. Hala agintzen diote Espainiako Aurrekontu Egonkortasun eta Finantzaketa Iraunkortasunerako 2/2012ko legeak, eta haren aginduak bideratzeko moldatutako 27/2013 legeak eta 13/2014 foru arauak. GHK-ko kontu hartzaileak ziurtzat jo du partzuergoak eta haren sozietate anonimoak (GHK SA) ez dituztela arau horiek beteko, eta, horren ondorioz, diputazioak bere gain hartu beharko duela haien zorra. Areago doa kontu hartzailea: «2/2012 legeak dioena eta partzuergoaren estatutuek diotena batera betetzeko aurreikus daitekeen ezintasuna dela-eta, partzuergoaren 33. eta 34. artikuluak diotena aztertu beharko da». Alegia, erakundea desegitea.

BERRIA egunkariak eskuratu du GHK-ko kontu hartzaileak diputaziora igorritako txostena. Diputazioari ez ezik, partzuergoko lehendakariari, partzuergoko batzarreko kideei, EAEko Kontu Auzitegiari eta IGAEri, Espainiako Estatuaren Administrazioko Esku-hartze Orokorrari, ere igorri die dokumentua.

Kontu hartzailea kexu azaldu da, Espainiako Gobernuak partzuergoaren eta sozietatearen izaeraren inguruan egindako kalifikazio aldaketa ez diotelako jakinarazi. Hain zuzen ere, agintari berriak sartu zirenetik, abuztuaren amaieratik, hainbat txosten eskatu bazizkioten ere, ez zioten esan 2015eko abuztuaren 1ean aldatu zuela Ogasun Ministerioak erakundearen kalifikazioa. Areago, GHK-ko jarduneko presidente zen Ainhoa Intxaurrandietari ere ez zioten jakinarazi.

Ondoren, baina, kontu hartzaileak berak eduki zuen aldaketaren berri, Diputazioko Finantza eta Aurrekontu zuzendari nagusiaren gutun bat eskuratu zuelako. Horrek GHK-ko zuzendari nagusiari igorri zion gutun hori, Espainiako Gobenuak eginiko aldaketaren eta hark zekartzan betebeharren berri jakinarazteko. «Kontu hartzaile honek ez dauka ziurtasunik partzuergoan diputaziotik edo ministeriotik inolako ohartarazpenik jaso dela».

‘Swap’-en zama

Hondakinen partzuergoaren eta haren menpeko sozietatearen kontuen berri eman du kontu hartzaileak erakunde ezberdinetara igorritako Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioak GHK S.A.ren sektorizazioaren ondorengo esku hartze txostena izeneko dokumentuan.

Agiri horretan kontu hartzaileak ohartarazi du GHK-k duen egoera ekonomiko larriaz. 2015eko ekainaren 30ean 47.879.274,09 eurokoa zen erakundearen zorra. Zero defizita helburu duen lege baten azpian egon arren, 2014ko urtean %200eko zorrarekin amaitu zuen, eta bide beretik amaituko du 2015a ere. «Partzuergoak ez du betetzen 2/2012 legeak agindutako zor maila». Eta garbi azaltzen du zergatik: «Galerak zuzen lotuta daude 2011n sinatutako finantza produktu espekulatiboekin [swap izenez ezagunak], eta haien lurrunkortasunaren erruz zaila da emaitza zehatzik iragartzea, administratzaileek ez dutelako haien balioa eraldatzeko modurik. Adibidez, azken sei hilabeteotan haien balioen aldaketa lau milioi eurotik gorakoa izan da».

Ildo horretan, eta nahiz eta finantza orekari buruzko kitapena urte amaieran egingo den, kontu hartzaileak iragarri du ia ziurra dela GHK-k araua ez betetzea, eta foru arauan ageri diren neurri zuzentzaileak aplikatu behar izatea. Hots, GHK-k Europako Kontu Sistemaren (SEC) arloko finantzaketa behar izatea. GHK-k bere zorrari aurre egiteko ezintasun horren ondorioz, aldundiak hartu beharko du bere gain haren zorraren zama, eta, besteak beste, 2016an hasi beharko du ordaintzen. Alabaina, eta nahiz eta baduen GHK-ko egoeraren berri, ez du aurreikusi diru sailik zor horri aurre egiteko 2016ko aurrekontu proiektuan.

Kontu hartzaileak iradoki duenaren bidetik, Gipuzkoak Hondakinen Partzuergoa eta haren sozietate anonimoa desegingo balira, errauste planta diseinatu, finantzatu eta eraikitzeko diputazioak eta mankomunitateek eratu zuten erakundea ezerezean geratuko litzateke.

‘Swap’ produktuen itolarrian

Leave a Reply

Your email address will not be published.