Jon Ander De la Hoz
“Zerbitzu energetikoak lortzeko gehiegi ordaintzea, edo haiek ordaintzeko gaitasunik eza”. Hala laburbildu du pobrezia energetikoa Beatriz Martikorena Gipuzkoako Foru Aldundiko Energia Saileko arduradun teknikoak. Egia-Kareaga fundazioak egindako ikerketa baten arabera, zaurgarritasun energetikoan daude Gipuzkoako etxeen %19,2, eta horietatik %12,3k pobrezia energetikoa pairatzen dute.
Aldundiak antolaturiko bosgarren Energia Jardunaldietan aurkeztu zituzten ikerketaren datuak, joan den astean. 2014ko irail eta azaroa bitartean Gipuzkoako 1.507 familiari egindako galdeketetan oinarrituta daude emaitzak. Etxeko diru sarrerak kontuan hartuta, zerbitzu energetikoak ordaintzeko zailtasunak dituztenak dira pobrezia energetikoa pairatzen dutenak, gipuzkoarren %12,3. Kasu horietan, urteko errentaren %8,5 inguru bideratzen dute gastu energetikoa ordaintzera. Martikorenaren ustetan, “egoera kezkagarria da”, Espainiako Estatuan baino hobea izan arren.
Gipuzkoarren urteko energia kontsumoa 1.238 eurokoa da batez beste: 709 euro argia ordaintzeko erabiltzen dituzte, eta 531, gasa eta beste erregai batzuetarako. Gutxi gorabehera, jatekoa erosteko erabiltzen denaren %25 da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urteko batez besteko energia kontsumoa 1.131 eurokoa da.
Energiaren prezioarekin lotu du Martikorenak azken zazpi urteetan kontsumoa jaitsi izana: “Prezioak igotzen jarraitu du, eta kontsumoa jaitsi bada, ez da jaitsi jendeak aurrezten ikasi duelako, ordaindu ezinda geratuko delako baizik”. 2012. urtean, gipuzkoarrek 1.300 euro gastatzen zituzten energia kontsumitzeko; egun baino %4,8 gehiago.
Hiru aldagai erabili dira ikerketan. Lehena, etxeetako tenperatura. Urteko hilabeterik hotzenetan 18 graduko tenperatura mantendu ezin dutenak zaurgarritasun energetikoaren mugan kokatzen dira. Etxebizitzen %8,5 daude egoera horretan. Neurketaren bigarren fasean, familia bakoitzak energian duen gastua neurtu dute, atalase batetik gora daudenak pobrezia energetikotzat joz. Hirugarren fasean, kontsumitzaileen esanak hartu dira kontuan, konparazioak egiteko: fakturak ordaintzeko arazorik duten ala ez, esaterako.
Profil ezberdineko jendea dago pobrezia energetikoak jota, baina bost talde nabarmentzen dira. Emakumezkoak, familia monoparentalak, 65 urtetik gorakoak, etorkinak eta langabezian denbora asko daramatenak izan ohi dira zailtasun gehien dutenak. Haiei zuzentzen zaizkie laguntza gehienak: “Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaz (DSBE) gain, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ematen zaizkie, uneko ordainketak egin ditzaten”.
Prebentzioa oinarri
Aldundiak eskatuta egin du ikerketa Egia-Kareaga fundazioak, eta plan orokor baten zati da. Ikerketaz gain, pobrezia energetikoari zuzendutako neurrien inbentarioa eta eragile sozialen posizionamendua ere neurtu ditu aldundiak. Prebentzioan jarri du arreta foru erakundeak, energiaren kontsumoa aurreikusi eta familiak efizientzia energetikoa lortzeko. Martikorenaren ustetan, “arazo honi konponbidea ematea guztioi dagokigu, ez da erakunde eta eragileetara mugatzen; lurraldeko enpresek eta norbanakoek ere badute zeresana”.
Horregatik, haren departamentuak hiru motatako neurriak jarri ditu abian: larrialdikoak, prebentziozkoak eta kontsumoaren eraldaketari dagozkionak. Diru sarrera urriak izateagatik energia hornidura ordaindu ezin duten etxeetara bideratzen dituzte larrialdi neurriak; energia beharrak asetzen laguntzeko, laguntza ekonomikoak ematen zaizkie familiei. Kontsumo ohitura txarrak eta eraikinen eta instalazioen efizientzia energetiko eskasa zuzentzeko, prebentziozko neurriak hartzen dituzte. Kontsumo ohitura txarrak dituztenei aurrezteko eta ohitura onak hartzeko informazioa helarazten zaie. Bestalde, eraikinen efizientzia hobetzeko obrak egiten dira etxeetan, eta autokontsumorako gailuak ezartzeko diru laguntzak ematen dituzte.
Neurri eraldatzaileekin osatzen du aldundiak energia programa: “Energiaren prezio altuek pobrezia bultzatzen dute, eta haiek zuzentzeko beharra dago, egungo kontsumo eredua sostengaezina baita”. Neurri eraldatzaile horiekin energia eredu berri bat bilatzea da helburua. Horretarako, gizarte eragile ezberdinekin jarri dira harremanetan. Talde ekimenak bultzatzea da helburua, jada abian dauden kooperatiba eta elkarteen iritziak jaso eta etorkizuneko energia ereduan parte hartze aktiboa mantentzeko asmoarekin.
Bide horretan zenbait neurri abian jarri ditu aldundiak: Argitu programa, esaterako. Energia kontsumoaren inguruko aholkularitza pertsonala da, eta 450 etxetan dago abian. Funtzionamendu sinplea duela azaldu du Martikorenak: “Kontagailu bat jartzen da etxean, eta software batek zure eguneko gastua eta zertan gastatzen duzun azaltzen dizu, aurrezteko aholku batzuk emateaz gain”. Programa horrekin etxeek duten aurrezteko potentzialtasuna zenbatekoa den jakin nahi du aldundiak.
Eskualdeak aitzindari
“Eskualdeetako energia planak bultzatzea” da aldundiak egin duen beste hautua. Gipuzkoan gero eta ohikoagoak dira halako taldeak, eta Urola Garaian, Debabarrenean eta Oiartzualdean hedatu dira, besteak beste: “Eskualde mailako hausnarketa prozesuak dira, bertako eragileekin, ahalik eta autokontsumo maila handiena lortzeko”, azaldu du Martikorenak. Bide horretan jorratzen dute, besteak beste, energia berriztagarriek eskualdean zer presentzia duten, efizientzia arloan zer hobetu daitekeen eta kooperatiba energetikoak sor daitezkeen.
Aldundiak abiarazitako beste neurrien artean daude aurrezte programei eta udaletxeei emandako diru laguntzak eta Goienerrekin duen hitzarmena. Horrez gain, azken urteetan Gipuzkoako pobrezia energetikoaren behatokia jarri dute martxan: energia adierazleak behatu, egun abian dauden neurriak behatu eta eskualdeetako gizarte eragileekin harremana mantentzen dute, efizientziaren alorrean aurrerapauso bat emateko.
Politika, egoera aldatzeko
Energia jardunaldietan, Caritas elkarteak pobrezia energetikoaren arazoa konpontzeko zenbait proposamen egin zituen. Tartean, neguko hilabeteetan energia hornidurak mozteko debekua ezartzea. Martikorenak ez du argi ikusten: “Beste erkidego batzuetan saiatu dira, baina Auzitegi Konstituzionalak eskumen hori estatuari dagokiola ebatzi zuen, eta ezin da ezer egin”. Haren aburuz, “lan politikoa egin behar da, gobernu zentralari presioa egin eta energia alorrean zentzua berreskura dezan”.
Eusko Legebiltzarrak eskaera batzuk egin dizkio Espainiako Gobernuari, baina Martikorenak esperantza gutxi du: “Enpresa energetikoek indar handia dute, eta legea eskuetan ezinezkoa da zerbait aldatzea. Proposamenak helarazi eta aldaketak lortzea besterik ez da geratzen”.
Autokontsumoa bultzatzea da beste gakoetako bat. Aldundiak baditu eguzki plakak, eta zati batean haien bidez hornitzen da, besteak beste, Hondarribiko aterpetxea. Espainiako Kongresuak onartutako dekretu batek, baina, jendea atzera bota du etxean halako praktikak ezartzeko orduan. Legez, autokontsumoa baimenduta dago, eta falta den energia sare ofizialetik har daiteke. Arazoa etxe batek soberako produkzioa duenean sortzen dela azaldu du Martikorenak: “Soberakina sare ofizialean txertatzeko asko ordaindu behar da, eta jendea beldurtzen du horrek”. Gakoa, esan du, egoera hori gainditu eta autokontsumitzaile eta enpresen arteko bitariko sistema bat ezartzean dago.
Leave a Reply