Eider Goenaga
Eusko Jaurlaritzak hirugarrengoz atera du informazio publikora Donostia aldea-Bidasoa Beheko LPP Lurralde Plan Partziala. 2003an atera zuten lehendabizikoz, 2010ean bigarrengoz, eta, hirugarrenean, pentsatzekoa da Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Sailak planari behin betiko onarpena eman nahi diola. 2010eko LPPari hainbat orrazketa eginda aurkeztu dute plan berria, eta igandera bitarteko epea dago hari alegazioak aurkezteko.
LPPak egitean, Eusko Jaurlaritzak hamabost eremu funtzionaletan banatzen du autonomia erkidegoa, eta horietako bat da Donostiako Eremu Funtzionala, hamahiru herrik osatua: Andoain, Urnieta, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Donostia, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia.
LPPk 2030 arteko plana egiten du, eta Jaurlaritzak aurrera atera asmo dituen azpiegitura handiek markatzen dute haren edukia: AHTa, Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistiko intermodala, Donostiako metroa, errauste planta eta espetxe berria.
Azpiegitura handiez gain, bestelako egitasmoak ere jasotzen ditu LPPk —besteak beste, bidegorriak egitea, uholde arriskua eragiten duten ibaietako egokitzapenak, hirietako esparru berdeen sorrera…—; baina, ohi bezala, LPPn jasotako azpiegitura handiek sortu dute gatazka eta kontrakotasuna, eta horiek izan ziren, halaber, 2010ean alegazio gehien jaso zuten puntuak ere.
Izan ere, duela bost urte LPPn jasotako hainbat egitasmoren kontra aurkeztutako alegazioek babes zabala izan zuten: adibidez, Irun eta Oiartzun arteko autobidearen bigarren ingurabideak lau alegazio izan zituen, 4.464 herritarren babesarekin aurkeztutakoak; Lezo-Gaintxurizketa korridoreko plataforma logistikoaren aurka 18 alegazio aurkeztu ziren, 8.436 herritarren babesarekin; eta Pasaiako kanpoko portuaren kontrako alegazioak 65 izan ziren, 8.475 herritarren babesarekin aurkeztuak.
2015eko LPPk bazter utzi ditu proiektu horietako bi. “Ez da kontuan hartuko Pasaiako portuaren kanpoaldeko dartsena eraikitzeko aukera hipotetikoa”, dio LPPk Pasaiako portuan egitekoa zen proiektu erraldoiari buruz. Errepideen gaian, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpenak kontuan harturik, bigarren ingurabidearen etorkizuneko luzapenaren hipotesia ezabatzea” erabaki du LPPk. “Eta ezabatu egingo dira, halaber, A-1 autobiaren Andoain eta Lasarte arteko bikoiztea, N-121 errepidearen Irun eta Endarlatsa artekoa, eta N-634 errepidearen Usurbilgo eta Aginagako saihesbideak”. Hondarribiko aireportua handitzeko aukera ere “ezabatua” geldituko da 2030ra bitartean egin beharrekoetatik. Lezoko plataforma intermodalari, ordea, eutsi egin dio, eta baita horri begira egin beharreko errepide eta trenbide obrei ere. “Mantendu egingo da Lezo-Gaintxurizketako intermodala eraikitzeko proiektua”.
LPPk orotara 3.200 milioi euroko gastua aurreikusten du —ez dira sartzen sustapen pribatuko etxebizitzak—, eta horietatik 2.000 milioi AHTa eta Donostiako metroa eraikitzeko izango lirateke.
Lurralde Plan Partzialak bete beharrekoak dira, eta udaletako edo foru aldundiko egitasmoek harekin talka egiten badute, LPPn jasotako egitasmoek dute lehentasuna, gainerako planak baliogabetuz. Hurrengo hamabost urteetarako lurralde antolaketa eta azpiegiturak zehaztuta geldituko dira, beraz, LPPren behin betiko onarpenarekin. Horietako batzuk dira ondoren azaldutakoak.
Lurralde planak aurreikusten duen azpiegitura garrantzitsuena da plataforma intermodala. Lezo-Gaintxurizketa korridorean eremu logistiko handia egingo da, Lezo eta Oiartzungo lurretan. “Egun libre dagoen 180 hektareako lur azalera batean Gipuzkoako plataforma logistiko eta intermodalen gune nagusia eraikitzea planteatzen da”, dio planak.
LPPren arabera, AHTa, Renfe trenbide sarea eta Euskotren sarea elkartuko dira plataforma horretan, eta estuki lotuta dago AHTaren Astigarraga-Lezo zatiaren eraikuntzarekin. Bestalde, bertara errepidez iristeko egungo azpiegiturak zabaldu eta moldatzea aurreikusten du, hala nola Lezo-Errenteriako saihesbidea eta Altamirako tunela bikoiztea aurreikusten du LPPk, baita A-8 autobidetik Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikora zuzenean sartzeko lotune bat eraikitzea ere.
Errepide eta tren bidezko garraioari ez ezik, itsasoko garraioari begira ere egina dago plataforma intermodalaren proiektua; hain zuzen ere, Pasaiako kanpo portuaren aldeko Jaizkibia elkartearen proposamena izan zen lehendabizikoz horrelako gune bat eraikitzea. LPPk Lezoko plataformatik Pasaiako portura zuzenean joango den trenbidea eraikitzea aurreikusten du: “Eredu horrek aukera ematen du UIC zabalerako trenbide berri bat antolatzeko Lezoko plataformatik porturaino, egungo ADIF sarearen trazadurari jarraiki”.
Azkenik, gaur egun Irungo geltokian egiten diren hainbat jarduera Lezon egitea aurreikusten du LPPk, “Irun erdialdea transformatzen laguntzeko elementu gisa”.
Irungo erdialdean Trenbide Espazio Berria izeneko eremua eraikitzeko asmoa jasotzen du LPPk, eta bertara iristeko autobidetik errepide bidezko gaitasun handiko lotune bat eraikitzea. Halaber, Irungo Hegoaldeko Saihesbidea eraikitzea eta Irungo Bentak auzotik Behobiarainoko errepide zatian noranzko bakoitzean hiru erreietara zabaltzea aurreikusten du, “Irun erdialdeko etorkizuneko lotuneak edo erdilotuneak sortuko duen trafiko berriaren inpaktua murrizteko”.
Trenbide Espazio Berriarekin, Irun erdialdeko hiri ingurunearen birmoldaketa planteatzen du LPPk. Hala, egun Irunen dauden trenbide instalazioen eremuan honako hauen kokapena aurreikusten du: ADIF edo Renfe geltoki berria —aldirikoak, ibilbide luzekoak eta AHTa elkartuko dituena—, ETS edo Euskotreneko geltoki berriak —Donostiako metroaren egitasmoarekin lotuta—, autobus geltoki berria, Irungo geltokiaren eta aireportuaren arteko zuzeneko loturak eta gune komertzialak.
Zubietan aurreikusten diren hainbat egitasmoren baieztatzea dakar lurralde planak. Izan ere, bertan kokatzen ditu bai Gipuzkoako Foru Aldundiak egin asmo duen errauste planta —”Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko zentroa” izena erabiltzen du—, bai kartzela berria eta baita Añarbeko sistema amaierako ur biltegi berria ere.
“Zubietako goialdeak, espazio erabilgarritasun handikoa izaki eta hirigintza okupaziorik eta landa jarduerarik gabe egonik, jarduera ekonomikoentzako lurzoru berriez gain, ezarpen berriko ekipamendu periferiko handiak hartzeko aukera eskaintzen du, hala nola Gipuzkoako hondakin solidoak tratatzeko instalazioa eta Gipuzkoako espetxe berria bertan ezartzeko”, dio lurralde planak.
Hala, LPPk Arzabaletako eremua planteatzen du “etorkizuneko Gipuzkoako Hondakin Kudeaketa Zentroa” eraikitzeko toki “ideal eta eskuragarri” gisa. Espetxe berriari buruz, “interes orokorreko eta kokapen estrategikoko ekipamendu” gisa definitzen du, eta toki berean kokatzen du.
“Proiektu horiek sortzen dituzten faktore sinergikoak baliatuta”, halaber, Zubietan “jarduera ekonomiko eta logistikoetarako poligono handi bat” eraikitzea aurreikusten du planak: “Eskualdeko izaerako eta sustapen publikoko poligono hori, 70 hektareakoa, zuzenean konektatuko da bide sare nagusiarekin”. Ildo horretan, Oria (N-1) eta Txikierdi (N-634) artean errepide berria eraikitzea aurreikusten du LPPk.
Donostia, Astigarraga eta Hernani artean hedatzen den Urumea bailararen eremua “Donostia Erdialde eta Urumeako Hiri Talde” gisa definitzen du LPPk; eta bertan “etengabeko hirigune” bat eraiki eta “bere baitan guztizko hiri zati bat” bilakatzeko apustua egiten du. “Donostiako hiriaren hedapena izango da datozen urteetan emango den funtsezko eraldaketa urbanistiko bat, Amaratik Hernaniraino, Urumea bailaran barrena”. Eremu horretan udalez gaindiko planifikazioa ezarri du LPPk, non lurralde planak udalek izan dezaketen edozein proiektu eta egitasmo baldintzatuko duen.
Azpiegitura handiez gain, LPPk Donostia aldean eta Bidasoa Behean eraikiko diren etxebizitzen aurreikuspena egiten du. Guztira, 2030. urtea bitartean 24.000 etxebizitza berri eraikitzeko plangintza jasotzen du. Tartean daude Auditz-Akular (3.000 etxebizitza) eta Antondegiko (3.000 etxebizitza) operazioak, Donostian; 10.600 etxebizitza berri Irunen eta 3.100 etxe Hondarribian; eta 1.000 etxebizitza gehiago Zubietan. Bestalde, “bigarren etxebizitzaren eskaera espezifikoari dagokionez gerta daitekeen gorakadari erantzuteko, Donostiako erdialdean eta Hondarribian hazkunde erresidentzialaren aurreikuspenak areagotzea” eskatzen du.
Azpiegitura handien atalean, “azken urteetan ekonomiak izandako geldialdiari” egozten dio planak Pasaiako kanpoko portuaren eta Oiartzundik Irunerako autobide berriaren eraikuntza LPPtik kanpo utzi izana. Atzeraldiak, ordea, ez die beste hainbat azpiegitura lani eragingo. Aurretik aipatutakoez gain, Donostiako metroa, Andoainen Sorabilla eta Bazkardo arteko N-1aren ibilbide berria, Oiartzun bailaran errepide sarbide berri bat egitea edota A-8 autobidearen ohiko ibilbidean korapilo edo lotune berriak egitea Aritzetan, Loiolako Erriberan, Intxaurrondon, Auditz-Akularren eta Pontika-Loidin.
Leave a Reply