Jon Ander De la Hoz
Negua dator, hotza; migranteek Mediterraneoaren barnako ihesaldian jasan beharko duten oztopo bat gehiago. Lesbosera iritsi nahi dute askok; bederatzi kilometroko tartea egin ohi dute, Turkiatik irten eta Egeo itsasoan, baina ez da beti egingarria izaten, eta batzuk bidean hiltzen dira. Tragedia hori saihesten laguntzera joango dira Jaime Rochas (Zarautz, 1990) eta Ibai Mujika (Orio, 1982) sorosleak, Mediterraneoko uretara. Horretarako, Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) elkartea sortu dute beste lagun batzuekin batera.
Lesbosera iritsi nahian hiltzen diren errefuxiatuen kopuruak kezkatuta, hara joatea erabaki dute, boluntario: “Badakigu ez dela Zarauzko hondartza, baina gure ezagutzek balioko dutelakoan gaude”, azaldu du Rochasek. Urrian 218.000 heldu ziren Europara, iaz urte osoan iritsitakoak baino gehiago hilabete bakarrean, eta aurten dagoeneko 744.000 iritsi dira, horietatik 601.000 Greziara, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera.
Datuen atzean dauden pertsonak kezkatuta emango dute pausoa: “Bizpahiru lagun hasi ginen hizketan, eta sorosle ibilitakoekin lortu dugu taldea osatzea”. Gainezka dauden txalupak izango dituzte helburu, izan ere, Mujikaren esanetan, “behar baino jende gehiago” joan ohi baita txalupetan, eta ontzi asko irauli egiten dira. Halako kasuetan jendea uretatik ateratzea izango da haien egitekoa:”Lehorrean laguntza dezente dago, baina itsasoko zatian babesik gabe daude”.
Dagoeneko 25 laguneko taldea osatu dute, eta laguntzeko proposamenak 50etik gora izan dira: suhiltzaileak, medikuak eta erizainak tartean. Horrek aukeraketa bat egitera behartu ditu kanpainaren antolatzaileak. Rochasek azpimarratu duenez, “joateko sorosle edo itsasontziko patroi profesional titulua behar denez, taldea murriztuz joango da”. Abenduaren 1ean irtengo da lehen taldea, sei lagunek osatua, eta hogei eguneko txanda egingo dute beste taldekide batzuk iritsi arte. Horrela ariko dira ISHko taldeak, dirua ahitu arte.
Hilaren lehenean furgonetan joango direnek eramango dute salbamendurako beharrezko materiala. Diru bilketan ari dira egunotan, hura erosi ahal izateko. Besteak beste, uretako motorrak, flotagailuak, salbamendu jakak eta manta termikoak. Ez dira batere merkeak: bigarren eskuko motorrak 5.000 euro inguru balio du. Kontu korronte bat ireki dute jendeak lagundu dezan, eta 3.000 eurotik gora lortu dituzte bi astean. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta enpresa pribatuekin harremanetan jarri dira, haien laguntza lortzeko asmoz. Hango itsasoa hemengoa baino lasaiagoa izan arren, egun osoan ibili beharko dute uretan, eta, materialari dagokionez, “ondo prestatu beharra” ikusten du Mujikak.
Eguraldiak baino gehiago, desesperazioak sortzen ditu arazoak Lesbosen. Kostara gerturatu ahala, uretara salto egiten dute askok. Horrez gain, hogei pertsonarentzat izaten diren txalupetan halako bi joaten dira askotan; horrek ontzia iraularazten du. Halakoetan ezbeharrak saihestea izango da haien egitekoa, eta halakoetan sor daitezke arazorik handienak, Mujikaren aburuz: “Ez da gauza bera uretatik pertsona bat ateratzea edo 50ekin gauza bera egin behar izatea”. Horri egoeraren garratza gehitu behar zaio, Rochasen esanetan: “Psikologikoki oso gogorra izango da, orain artean ikusi ez ditugun egoerak ikusiko ditugulako”.
Hango biztanleekin eta jada han dauden militarrekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean aritzeko asmoa dute Itsas Salbamendu Humanitariokoek. Erreskate lanei ekiteko, haien abisuak jasotzea ezinbestekoa izango da, jendea Lesbosko kostara gerturatu eta errefuxiatuak etorkizun hobe baten bila jarraitzeko moduan izan daitezen.
Parisek, zerikusirik ez
Iragan ostiralean Parisen izandako atentatuek proiektuan ez dutela eraginik izango uste du Mujikak:”Sare sozialetan begira aritu naiz, eta jendeak argi du errefuxiatuek ez dutela zerikusirik Parisko sarraskia egin zutenekin. Are gehiago, jendeak badaki haiengandik ihesi datozela”.
ISHkoek ez dute politika egin nahi; arrazoi humanitarioek bultzatu dituzte errefuxiatuak laguntzera, eta horretara mugatuko dira. Rochasen arabera, “errefuxiatuak ez datoz lan bila, ezta gogoak hala agintzen dielako ere; bere herrialdeko bonbardaketetatik ihesi datoz”.
Leave a Reply