Atentatuaz, berrikuntza gabe

Danel Agirre

Nire zutabeen atzean dagoen estrategia funtsezkoa igarri zenuen zuk ere aspaldi. Benetako gai garrantzitsuez (euskalgintza, hondakinen kudeaketa, feminismoa) ezer fundamentuzkorik idazteko talenturik ez dudanez, saihestu egiten ditut, eta gogoeta labainkorrik eskatzen ez duten kontu arin eta populistagoei heltzen diet. Gaurkoan guztiz amortizatuta, erreta dagoen afera batekin natorkizu, halere. Ikuspegi bereziki berritzailerik gabe, gainera. Atentatuaz geroztik beldurra ezin uxatu nabilelako.

Arratsalde osoa irratia entzuten neraman, arreta handirik ipini gabe, krimena jazo zenean. Asaldatuta, arriskuan egon zitezkeen ezagunei mezuak bidaltzea izan zen nire lehenbiziko bulkada. Apurka joan ziren iristen erantzunak. Onik bai, baina trauma ez dugu sekula uxatuko, jasotako whatsapp bat. Minik handiena egiten duen tokian jo gaituzte, ederki dakite zertan ari diren, beste alea.

Krudelkeriaren ondoren sare sozialak biraoz josiko zirela jakitun, irratia itzali eta larunbata, igandea, eta zetorren aste osoa lasai hartzea erabaki nuen, bakartu samar. Babesturik sentitu nuen neure burua eraikitako burbuilan. Baina burbuila berriz gizarteratzearekin batera zulatuko zela ere ohartzen nintzen. Interneteko bost pezetako gogoetak baretuko ziren, halako batean. Baina jarrai al nezakeen lehengo bizitzarekin lasai plantak egiten? Nire mundua segurua izango ote da hemendik aurrera?

Odol hotzeko azken kolpearen benetako egile intelektuala nor den ez dakit, oraingoan ere ez baita konspirazioaren teoriarik falta. Baina jomuga gure denbora libreaz gozatzeko eraiki ditugun ohiturak baldintzatzea duela bai. Hori lortutakoan egile intelektual horrek inposatu nahiko ligukeen gizartean nahiago nuke ez bizi. Errealitate anker honi modu aktibo eta ausartean aurre egiteko ez nago prest oraingoz, ordea. Onar dezadan, kaka eginda nago. Dantzalekura joandakoan aiene batean ibiltzea ez da aisialdirako neure buruari desira diodana. Eta ahal dudan heinean, arriskutsuak diruditen tokiak ekiditen saiatuko naiz oraingoz.

Horiek horrela, aurten ez naiz Durangoko Azokan izango, orain nire segurtasuna bermatzea besterik ez dudalako gogoan. Beldurragatik horrelako bilkura bati uko egitea gehiegikeria da, batere neurririk gabeko erreakzioa. Barregarri geratzen ari naiz, ados nago zurekin. Arrazoiaren eta zentzumenaren aurkako borroka galdu dudala agerikoa da. Baina nire barrenei kontra egiten ez nintzela sekula gehiago saiatuko agindu nion, aspaldi, nire barrenengan inongo kontrolik ez duen nire buruari.

Zu ez zaitut ikaratu nahi, halere; barka horrelakorik gertatu bada. Honaino iritsi bazara, abisu bat onartuko didazu, ordea. Gure gotorleku ezin bortxatuzkoa zirudien horretan amesgaiztoa errepikatuz gero. Inor ez badago zoramen hau geldiarazteko gai denik. Esne Beltza bere single doilorrarekin berriz oldartzen bada, alegia, ez duzu non ezkutaturik izango.

Leave a Reply

Your email address will not be published.