Maite Alustiza
“Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua”. Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): “Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke”.
Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. “Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da”, dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).
Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, “kontraste lan bat” egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.
Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: “Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea”. Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek “haserre” ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: “Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela”. Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: “Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun”. Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du “inolako eztabaidarik” zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: “Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko”.
Bergaran ere, martxan
Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. “Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea”.
Galdeketarekin “nabarmen” gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: “Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko”. 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: “Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko”.
Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. “Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren”.
Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea “nahas” zezakeelako.
Leave a Reply