Maite Alustiza
Espazio bakarra eta guztientzat berdina da itxuraz, baina ezberdina errealitatean. “Patriarkatuak berak beste kartzela bat sortzen du kartzelaren barruan”. Emakumeei ezartzen zaien zigor hirukoitzaz ari da Oihana Etxebarrieta kazetari eta Bilgune Feministako kidea: zigor penalaz, sozialaz eta pertsonalaz. Eta, zigorraz gain, moralizatzeaz: “Zigortzen zaio delitu batengatik, baina baita emakume moduan daukan rola apurtzeagatik ere”. Etxebarrietarekin batera, kartzeletako errealitateari helduko diote bihar Zuriñe Rodriguez EHUko irakasleak eta Arantza Santesteban Historian lizentziadunak Feministaldian, Donostian. Gogoetatuko dutenaren gaineko zenbait zertzelada eman dizkiote Etxebarrietak eta Rodriguezek Hitza-ri.
Emakumeak “zintzoa, esanekoa eta zaintzailea” izan behar du. Hala dio Etxebarrietak: “Bere amatasun edo zaintzaile rola apurtzen duelako ere zigortzen da”. Nork bere buruari jarritako zigorraz hitz egitean, zaintzaren faktorea aipatu du, hain justu. Etxebarrietaren arabera, kartzelan dagoen momentutik emakumeak ezin ditu bere kargura zeuden pertsona horiek zaindu, izan haurrak edo pertsona nagusiak, eta horrek “antsietate handia” sortzen dio bere buruari. “Gizonak izango du bere inguruan zaintza lanez arduratuko den sare oso bat, askotan emazteak. Baina emakumezko presoen kasuan, askok familia bakarrik hazi behar dute”.
Genero harremanei eta rolei dagokienez, polarizatutako imajinario kolektibo bat irudikatu du: “Emakumeak zaintzan irudikatzen ditugu, maitasuna ematen… Eta gizonezkoa gehiago belikotasun batean, borrokaren ideologia horretan. Badirudi banatuak izan direla: zaintza bakarrik espetxetik kanpo egin behar den zerbait balitz bezala irudikatu dugu, baina espetxe barruan ere beharrezkoa da zaintza, eta zaintzen ari den horrek ere behar du zaintza”.
Abestietan, zineman eta abarretan ikus daiteke nola eraikitzen den imajinario hori. Rodriguezek dioenez, preso batengan pentsatzerakoan, ziurrenik mutil baten imajina egingo du norbere buruak; berdin militante batengan pentsatzean. “Preso baten senidearengan pentsatzean, ordea, normalean emakume batengan pentsatzen dugu”. Adibide musikal bat ekarri du: Borrokalari kalera kantua. “Hor esaten da zain dagoela aita, zain ama; hau da, familiak zain egon behar duela eta sostengatu behar duela presoa. Eta, bestetik, familia heterosexual bat ageri zaigu. Gero, jarraitzen du: ‘zain andre eta lagunak…’. Berriz ere andrea jartzen da. Eta, aurrerago, borrokalaria; beti indartsua da, borrokarako prest dago, ezin da erori, beti egon behar du prest…”.
Kanpotik eta barrutik
Kartzela tarteko duten bikote harremanak aztertu ditu Etxebarrietak Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? tesinan. Zaintzaren gaiari eta maitasun harremanei jarri die arreta. “Oso garrantzitsua da maitasun harreman horiek edukitzea. Itxialdi egoera bati aurre egiteko, oso garrantzitsua da familiaren eta bikotekidearen babesa”. Bisitak, aurrez aurrekoak… Bikotekidea kartzelan izan zuen berak, eta bizi izandakotik ezagutzen du errealitate hori. Momentu gogorrak ditu gogoan: “Bikotekidea preso duten pertsona askorentzat momentu gogorrak dira hasieran. Presoarentzat, kalearekin konektatzeko momentu handienetako bat zen”. Etxebarrietaren iritziz, presoaren bikotekideak rol oso garrantzitsua betetzen du, batik bat zaintza lanagatik. “Batzuetan zaintza lan horiek berari ezartzen zaizkio, bere gain hartu nahi ez izan arren”.
Emakumezkoen espetxe baten barruan egoteko aukera ere izan zuen Etxebarrietak, Alcala Mujeres-en (Madril), ikastaro batzuetan. Lehen aldia zuen emakumezkoen modulu batean. Azaldu duenez, gaur egun dauden emakumezkoen kartzelak ez ziren sortu emakumezkoen espetxe izateko; Alcalakoa, esaterako, adingabeen zentro itxi bat zen. Ikusi zuenak baino gehiago, ordea, harremanek eman zioten atentzioa. “Ume batzuk bezala tratatzen zituzten kasu gehienetan. Infantilizatu egiten dituzte, eta ongia egiten ariko balira bezala hitz egiten dute”. Kartzelatik buelta bat emateko aukera ere izan zuen: “Paradisu bat izango balitz bezala erakutsi ziguten; oso gaizki pasatu genuen”.
Preso sozialen eta politikoen artean ere bada berezitasunik. Politikoei, FIES fitxategiak ezartzen zaizkie —preso arriskutsu edo preso bereziei jartzen zaien sistema da—. Eragin nabaria du, bai komunikatiboki, baita espazialki ere: “FIESen hirugarren gradua ezartzen zaie, eta horrek sakabanaketa dakar, gutun eta dei kopuruaren murrizketa, patiora ateratzeko ordu kopuruak gutxitzea…”. Etxebarrietaren arabera, emakume preso politiko gutxiago daude, eta, beraz, errazagoa da Espainian eta Frantzian haiek sakabanatzea: “Sakabanaketa gehiago da emakume presoekin, espetxe gutxiagok hartzen dituztelako emakumeak. Gainera, politikoen kasuan, gradu bereziak jartzen zaizkienez, horrek suposatzen duenarekin; batzuetan bakarrik daude, jende gutxi ikusten dute…”. Joxepa Ernagaren kasua ekarri du gogora. 1980ko hamarkadan atxilotu zuten, eta 27 urtez egon zen espetxean; horietatik hamalau bakarturik —iazko abenduan atera zen libre—. “Hor genero aldagaia kontuan hartu beharra daukagu. Ikuspuntu hori falta zaigu, eta ikusi behar dugu momentuan ere badaudela egoera horietan dauden emakume presoak”.
Gatazka, iraultzeko
Irakurketa feminista bat egiteari garrantzia eman dio Rodriguezek ere. Besteak beste, ETAko emakumeen parte hartze politikoa aztertzen dabil, eta, dioenez, orain arte ETAri buruzko liburuetan ez da berak jasotakorik azaldu: “Hori da orain arte emakumeak elkarrizketatu ez ditugulako, edo protagonista izan ez direlako”.
Rodriguezen ustetan, kartzela gatazkaren “alderik gogorrenetariko bat” izan daiteke, eman diren hausturak irudikatzeko tokia. Patriarkatua gatazkan indartu egiten dela dio, “noski”, eta emakumeek sistematikoki pairatu izan dutela biolentzia. Era berean, ordea, patriarkatua bera gainazpikatzeko aukera batzuk ere izan dira, bere lanean bildu duenez: “ETAko lehenengo urteko emakume askorentzat ETAn sartzea etxekoandre ez izateko aukera zen; eurentzat bai, eurentzat izan zen emakume liberazio prozesurako oso lagungarria. Asko Frantziara joan ziren, komandoetara edo errefuxiatu moduan. 1960ko hamarkadan, esaterako, eta justu pilulak han legezkoak ziren”.
Presoez, armagabetzeaz eta bestez hitz egiten den bezala genero harremanak nola eman diren jorratzea ere funtsezkoa dela uste du. “Ez badugu hitz egiten, egingo dugu bake bat, baina erdiko bake bat izango da”. Rodriguezek argi du gatazka armatuaren bukaerak ez duela esan nahi biolentzia bukatu denik. “Galdetu behar dugu: norena da bakea, eta norentzat? Gaur egun gutxiago kobratzen dugu, hiltzen gaituzte gure senarrek… Ez da benetako bakea”. Dioenez, bakea benetakoa izango da gizonak, emakumeak eta beste identitateak bakean bizi ahalko direnean. Horretarako, mugimendu feminista lehen mailako aktoretzat du: “Bake prozesu batean eta negoziazio batean mugimendu feministak interlokutore nagusienetako bat izan behar du”.
Leave a Reply