Eider Goenaga
EH Bilduk lau urtez izandako ia erabateko hegemoniaren amaiera ekarri zuten maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek. Gipuzkoako Foru Aldundirako bozetan EAJk aurre hartu zion EH Bilduri, eta 2011ko hauteskundeetako emaitzak irauli zituen. Jeltzaleek, aurreko 80.664 botoen aldean, 112.918 eskuratu zituzten. EH Bilduk, berriz, nabarmen galdu zuen babesa; 119.100 boto lortu zituen Bilduk 2011n, eta horiei koalizioan aurkeztutako Aralarren botoak (17.230) gehituz gero, 36.000 boto inguruko galera izan zuen. Hala, EAJk foru aldundia berreskuratu zuen, eta ekainetik EAJk eta PSE-EEk osatzen dute foru gobernua, eta Markel Olano da ahaldun nagusia.
EAJk eta PSE-EEk argi eta garbi adierazi zuten kanpainan zenbakiek emanez gero Bildu foru aldunditik kentzea izango zela haien lehenetasuna, eta hauteskunde gauean bertan onartu zuen EH Bilduk jeltzaleen garaipen argia. “Autokritika” egin zuen EH Bilduren izenean Hasier Arraizek gau hartan. “Badakigu gauza batzutan gaizki aritu garela, kudeaketan konektatzeko arazoak izan ditugula, eta espero dugu ikastea”, esan zuen Arraizek. Aurrera begira, galdutako babesa berreskuratzeko egin beharrekoaz ere aritu zen. “Euren konfiantza eman diguten pertsonei ez ezik, eta asko eskertzen diegu horiei emandako babesa, honakoan gugan konfiantza izan ez dutenei ere erreparatu nahi diegu: entzun diegu, eta kasu egingo diegu”.
“Kudeaketan konektatzeko arazoak” aipatu zituen Arraizek, eta, hain zuzen ere, Bilduk gobernatutako herrietan hondakinen kudeaketan egindako urratsak giltzarri izan ziren, Gipuzkoako emaitzak ulertzeko. Izan ere, atez ateko bilketa sistema ezarritako herrietan beherakada nabarmena izan zuen EH Bilduk.
Aldaketa udal handietan
Baina jaitsiera orokorra izan zen EH Bildurentzat: 2011-2015 agintaldian Bilduk Gipuzkoako 58 herritan gobernatu zuen, eta horietako 21 galdu zituen hauteskunde emaitzen ondorioz. 35 herritan gehiengo osoarekin irabazi zituen hauteskundeak EH Bilduk, eta beste bost herritan gehiengo sinplera besterik ez zen heldu: Errenteria, Andoain, Astigarraga, Soraluze eta Mutriku. Udalen osaketan, Errenteria eta Andoaini eustea lortu zuen koalizioak; baina Soraluzen, Astigarragan eta Mutrikun, EAJko hautagaiek lortu zuten alkate makila hauteskunde osteko akordioen bitartez.
Kolpe handia izan zen EH Bildurentzat udal hauteskundeetan jasotakoa, udalen kopuruaz haratago udal handi eta garrantzitsuak galdu baitzituen, baita hiriburuko alkatetza ere. Donostian, 32 urteren ondoren, alkate jeltzalea aukeratu zuten berriro ere. EAJren eszisioaz geroztik, Eneko Goia da EAJko lehen alkatea Gipuzkoako hiriburuan.
Baina, Donostiaz gain, EAJk Azkoitia, Beasain, Ordizia, Tolosa, Arrasate, Bergara, Legazpi, Urretxu, Zarautz eta Zumaian ere lortu zuen, besteak beste, alkatetza. Herri handi samarrak guztiak ere. PSE-EEk, bestalde, Zumarraga, Irun eta Eibarren alkatetzari eustea lortu zuen udal hauteskundeetan, eta Pasaian eta Lasarte-Orian ere lehen indarra izatera itzuli zen. Bietan EH Bilduko alkate ohien eskutik jaso zuten alkate makila ordezkari sozialistek.
Jeltzaleek eta sozialistek egindako itun politikoaren ondorioz, EAJ eta PSE-EEko hautagaiek elkar babestu zuten aldundian eta hainbat udaletan. Hala, Soraluze eta Astigarraga EAJren esku gelditu ziren, sozialisten babesarekin. Baina itun hori hautsi egin zen Andoainen, eta EH Bilduk alkatetzari eustea lortu zuen, EAJko zinegotzi batek alderdiaren diziplina hautsi eta boto zuria eman zuelako.
Leave a Reply