Danel Agirre
Zure urtea txarra izango zen, baina ez ezazu nirearekin konpara. Nirea porrot masiboa izan da. Aurtengo lehentasunezko egitasmoak gainbegiratu, eta alerik ere ez dut konplitu. Kontaketa goibela da benetan, irakurri adi.
Hamabi hilabetetan, kirola zero bider egin dut. Agure baten zangoak ditut oraintxe, giharrik gabe eta biloak erortzen doazelarik, irrigarria da. Begano ere zero bider bihurtu naiz. Buruan hiruzpalau bozeto bikain banituen ere, zero bider narrastu dut nire azal zuri-zuria tatuaje berriekin. Eta bozeto bikain horiek ahaztu egin zaizkit orain. Zero bider izan naiz Sizilian eta Ipar Korean. Zero bider Casa Julianen (hori begano bihurtu aurreko astebururako pentsatua zegoen, kronologikoki). Zero bider joan naiz txakurtegira etxerako konpainia berri bila. Orain atarian parke bikaina daukat, eta jabeek keinu arraroarekin begiratzen didate aspaldi beraien txakurrekin gurutzatu eta zaunkaka hasten natzaienean (txakurrei, ez jabeei). Zero bider ikasi dut behingoz zigarroak eta porroak erretzen. Azkenik, ondorengo hau zero bider onartu beharko banuke ere. Euskal Herrian 2015ean ekoitzitako liburu bat zero bider irakurri dut. Entzundako bertako disko berrien kopuru berbera da.
Urtea triste antzera joan dela bai, baina arraioa, horiek guztiak burutu ez baditut denbora beste zerbaitetan emango nuen. Sakelakoarekin nabil, biografo hobeago baten faltan. Eta erregistroan jende berririk ezagutu ote dudan begiratzen hasi, eta txunditu nauen beste xehetasun estatistiko batez jabetu naiz oraintxe. Otsailetik (behin ostu ohi didate sakelakoa parrandan urtero, orduan gertatu zen aurten) hiru dei bakarrik egin ditut. Erantzun, hamabi, azkenekoa duela 45 egun.
Aurten hamabost dei ozta-ozta batzen dituenaren bizitza soziala nekez izango da Robinson Crusoerena baino kitzikagarriagoa, baina horrek ez dit axola. Biziki poztu nau informazioak, nik zinez gorroto dudalako telefonoz hitz egitea. Txirrinaren asaldura, beste aldekoak luzaro aritu nahi duen ala ez asmatu ezinik ibiltzea, small talk txatxua. Txoratzen nago kontu honetan historiaren hurrengo arora pasatzen ari garela egiaztatuta. Ez duzu datua eskura izango, baina zu zeu ere pasa den urtean baino askoz gutxiago jardun zara telefonoz solasean, aurrekoan baino.
Ez gaizki ulertu. Ni ere guztiok bezala sakelakoaren menpe bizi naiz. Baina whatsapp-a dei tradizionalari betirako bataila irabazten hasi zaiola elkarrekin ospa dezagun nahi nuke. Bete ez ditudan goiko egitasmo horiek guztiak konpentsatzen ditu aurrerapauso honek, sobran. Urteko albiste onena da niretzat. Dirudienez, inork ez du espero orain hots eginez gero hor egongo naizenik. Guztiak, pare bat operadore despistatu salbu, ohitu dira negoziatu beharreko guztia testu bitartez negoziatzen. Inoren bakerik eten gabe, bakoitza bere erritmoan, bizi eta natural edo bare eta burutsu, emotikonoekin, memeekin edo Olasagastiren bideoak erantsita. Madarikatutzat izango ditugu laster telefono-deiak, hildakoen berri modu solemnean emateko bakarrik erabiliko direlako (jaiotzak whatsappez jakinarazten dira egun, modu aldrebesean argiztatutako erretratu eta guzti). Estepan Aldamiz ere aspaldi konturatu zen amonak deitzeari uztera zihoazela, eta Bakarrik edo bukatu zuen (hura zen ETBren benetako saio historikoa, eta ez Goenkale).
Ni ere amaitzera noa. Urte txarra izan duzunez, eta goiko zerrendan konplitzeke utzi ditudanetatik baten bat 2016an elkarrekin egin dezagun nahi baduzu, abisatu. Baina testutxo batekin. Urteak dira zenbaki ezezagun bat pantailan ikusten dudan bakoitzean botoi gorria sakatzen dudala.
Leave a Reply