an>2015

Beti bezain beharrezko

"Artea eta askatasuna edozein intolerantzia baino indartsuagoak izango dira". Cartooning for peace egitasmoa babesten duten marrazkilarienak dira hitzok, Charlie Hebdo aldizkariko langileei babesa erakusterakoan egindakoak. Adierazteko askatasunak bil...

Antzerkiaren eztena sartzen

Arriskuak hartzen dituen antzerkia bultzatzea. Hori da Errenteriako Mikelazulo elkarteak arte eszenikoen arloan bultzatu nahi duena. 2009an hasi zen Eztena antzerki eta dantzaren jaialdia antolatzen. Aurten beteko du zazpigarren aldia. Normalean, ekain partean egiten dute jaialdia. Horren osagarri gisa sortu zuten, 2013an, Zizt zikloa. Elkarteko kide Oier Guillanen arabera, Eztenan sartzen ez ziren proposamenei leku egin nahi diete Zizten, igande arratsaldetan. Etzi hasiko da zikloa.

"Eztenak oso ongi funtzionatu du, eta publikoak oso ongi erantzuten du; jende askok parte hartzen du". Horrez gain, antzerkilarien artean, elkargune bat bilakatu da. "Saiatzen gara ohiko zirkuituetan ikusten ez diren lanak ekartzen. Lehentasuna euskarari ematen diogu, eta, bigarrenik, Euskal Herrian sortutako lanei, gazteleraz izanda ere. Eta, tarteka, kanpoko talderen bat etortzen da".

Eztena jaialdia, ekainaren erdialdean izanda, gehienbat kalean egiten da; Zizten kasuan, berriz, formatu txikiko antzezlanak edo dantza emanaldiak dira, eta elkartearen egoitzan egiten dira. Ez zuten urtarrilean hastea espero, baina, azkenean, etzi ekingo diote zikloari: "Gure asmoa martxoan, apirilean eta maiatzean egitea zen. Hilabete batzuk lehenago, alegia, iaz bezala", azaldu du Mikelazulo elkarteko kideak. "Baina etzikoa suertatu egin da. Usurbilgo lagun batzuek ekarri dute obra, Madrildik, nahiz eta Ana Plaza aktorea kataluniarra den. Usurbildarrek esan ziguten bi obrarekin zetozela. Bat Usurbilen egingo dute, gaztetxean, bihar —La esclusa—. Eta galdetu ziguten ea posible genuen beste bat egin Mikelazulon. Ideia ona iruditu zitzaigun".

Errenterian Ana Plazak antzeztuko duen lana Dario Fo eta Franca Rameren obra bat da. Guillani horrelako obra bat ikustea "opari" bat dela iruditzen zaio, "egile oso garrantzitsuak direlako teatroaren historian". Horregatik aurreratu dute Zizten hasiera urtarrilera. Eta sorpresarik ez bada, martxoan berriro ekingo diote zikloari: "Hasiera batean, ez dugu uste otsailean ezer egingo dugunik, baina ikusiko dugu… hau ere inprobisatua izan da".

Datorren hilabeteko zalantzak aparte, martxoko antzezlana zein izango den lotuta daukate. Horrela, D-rumbo performancea eskainiko dute. Azaroaren 15ean estreinatu zuten antzezlan hori, Donostiako Kontadores aretoan. Poesia, dantza eta musika zuzenean nahasten ditu obrak.

Hortik aurrerakoa oraindik zehaztu gabe dute. "Apirilekoa eta maiatzekoa ari gara lotzen, eta ekain erdialdean izango da Eztena. Udan beste dinamika bat dago: kale antzerkia, herrietako jaiak... Hala ere, momentuan bizi gara, gaudenen indarren arabera. Eztena eta Zizt hazten joan dira urtez urte. Aurrera jarraituko duela pentsatzen dut, baina oraingoz nahikoa lan aurtengoa lotzeko".

Antzezlan horiek guztiak bermatze aldera, Eztenakide figura sortu dute —babes ekonomikoaren truke onura batzuk jasotzeko aukera ematen du—. Publikoak babes handia eman dietela ziurtatu du Guillanek, eta, gainera, jarrera "oso aktiboa" dutela. "Emanaldiak bete egiten dira Zizten zein Eztenan, eta horrek motibatzen zaitu gauzak ekartzen jarraitzeko. Beste proposamen batzuetarako lekua eta publikoa badagoela erakusten digu horrek".

Dioenez, lanketa bat behar dute Eztenak eta Ziztek, ez da programatu eta bere horretan uztea: "Ez da aukera bat ematea bakarrik: landu, zabaldu, jendeari helarazi zer den proposamen hori eta interesa piztea antolatzaile zaren heinean. Eztenan ikusi da: proposamen oso ausartak ekarri dira dantza zein teatro arloan, eta etekina ematen du".

Antzerkia, sasoiko

Oiartzualdean antzerkiaren topagune nagusietakoak dira Eztena eta Zizt. Guillanen ustez, arte eszenikoak sasoiko daude eskualdean. Hori da antzerkigintza munduaren barrutik duten inpresioa: "Antzerki munduan nabil, eta barrutik esatea agian zaila da. Baina egia da Errenterian zein eskualde osoan —Lezo, Pasaia eta Oiartzunen— antzerki tradizio handia egon dela historikoki. Errenterian, garai batean, Niessen zaharrean antzerki talde ugari egon zen, eta mugimendu handia bazen". Gaur egun, berriro, "jende asko" dabil lanean. Xehetasun batekin: "Kasu honetan, gehiago da euskaraz. Egun gabiltzan taldeen artean batzuek Mikelazulon ezagutu dugu elkar. Bakoitzak bere estetika eta bide propioa eramaten duen arren, harreman jarraitua izaten dugu. Eztenan elkartzen gara hainbat talde edo proiektutan gabiltzan jende pila bat, jaialdia denen artean aurrera eramateko. Jaialdia elkargune bat bilakatzen da herrian zein inguruan antzerkian gabiltzanontzat. Aukera dugu hemen topatzeko, egoteko, pentsatzeko, gauzak ikusteko... baita publikoarentzat ere".

Guillanek gainbegiratua egin die eskualdeko taldeei. "Tradizio handia egon da Oiartzunen Intxixu antzerki taldearen garaitik, Lezon Orratx dago, Pasaian Badia eskola sortu da, Errenterian Deja Buk koordinatzen du udalak bultzatutako antzerki eskola... Arte eszenikoei dagokienez —Kukai ere hor dago—, momentu interesgarria da Errenterian zein Oarsoaldean".

Errenteriako Olibet auzoko Lekuona okindegi zaharra eraberritzen ari dira, Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentroa egiteko asmoz. Datorren urterako bukatuko dute Oiartzun ibaiaren ondoan dagoen eraikina doitzen. Errenteriako Udalaren arabera, proiektu hori estrategikoa izango da udalerriarentzat.

Arte eszenikoen munduan egonda, Guillanek baietsi du "interes handiz" jarraitzen duela proiektua, baita Eztenako gainontzeko kideek ere. "Jakin-min handiarekin gaude. Niretzat, erantzun bat baino, galderak dira Lekuona. Bultzada izatea nahiko nuke". Horrez gain, egun arte eszenikoen munduan maila lokalean dabiltzanek harremanak lotu nahi dituzte zentroa sustatu duten erakundeekin: "Taldeen independentzia mantentzea nahi genuke, ezinbestekoa delako arte eszenikoen arlo osasuntsu bati eusteko". Era berean, uste du instituzioekin elkarlanerako bideak aurkitu behar direla, "taldeen izaera eta lan egiteko moduak errespetatuz, baina zubiak eraikiz". Guillanen arabera, historikoki "gutxitan" gertatu da instituzioetatik sortutako azpiegitura handietan dinamika interesgarri bat sortu izana. "Beti daukagu itxaropena gauza berri bat sortzean ez dela hori gertatuko. Baina ez dago gure esku".

'LA ESCLUSA'

Non. Usurbilen, gaztetxean.

Noiz. Bihar, 22:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Michel Azamaren antzezlana taularatuko du.

'LA MUJER SOLA'

Non. Errenterian, Mikelazulon.

Noiz. Etzi, 19:00etan.

Zer. Nagual konpainiako Ana Plazak Dario Fo eta Franca Rameren antzezlana taularatuko du.

Gazteen sormena garatzeko kluba

Sormena eta teknologia uztartzen dituen egitasmo berria jaio da Tolosaldean. Bizzia enpresak sustaturik, Doplay enpresarekin elkarlanean, Laskorain Ikastola, Obeki eta Mecanizados Harri enpresen lankidetzari esker garatu da Gazztek, kreatibitatearen ...

Donostia ONCEren Antzerki Bienalaren hiriburu izango da

Estreinakoz egingo da Euskal Herrian ONCEren Antzerki Bienala. Hamabosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta urtarrilaren 14tik 17ra bitartean egingo da. Guztira, Euskal Herriko bederatzi udalerritan emango dituzte emanaldiak, hiru Gipuzkoan: Eibarren (Coliseo antzokian), Irunen (Amaia KZn) eta Donostian (Viktoria Eugenia antzokian). Gipuzkoako hiriburuan Cadizko (Espainia) Orozu taldeak eskainiko du bienalaren amaierako emanaldia, urtarrilaren 17an.

Bienalean Arte Eszenikoen Amateur Max saria jaso duten zortzi antzerki taldek parte hartuko dute: Galiziatik Ourenseko Muxicas eta Coruñako Valacar, Herrialde Katalanetatik Palmako Sa Boira eta Bartzelonako Sarau, Espainiatik Madrilgo La Luciernaga eta Cadizko Orozu eta Euskal Herriko Oroimenak Donostiako taldea.

Javier Dominguez Donostiako ONCEko zuzendariaren esanetan, "itsuen ardura handienetariko bat kulturara eta, zehatzago, antzerkira iritsi ahal izatea izan da beti. Ardura horren babespean, orain 30 bat urte ikusmen urritasuna zuten aktoreez osatutako antzerki taldeak sortu ziren, kultura zabaltzeko asmoz, eta antzerkia taularatzearekin batera modu intentsoan bizitzeko ere bai". Reyes Lluch bienalaren zuzendari eta kultura eta braille sustapenerako saileko buruaren iritziz, "pertsona hauen bizitzarako osagarri garrantzitsua da, batetik, kulturara gerturatzen dituztelako eta, bestetik, mugikortasuna lantzen laguntzen dietelako. Izan ere, pertsona itsuentzat batetik bestera ibiltzea beti baita zaila".

Sarrerak doan izango dira, eta antzokietako leihatilatan eta ONCEren zentroetan jaso daitezke, eserlekuak bete arte. Egitarau zabala prestatu dute, lan garaikideak eta klasiko egokituak tartean, eta ikusleek taldekako manifestazio artistiko handi bat ezagutzeko aukera izango dute. Esteve Ferrer bienalaren zuzendari artistikoaren ustetan, "pertsonek interpretatutako lanak ikusteko aukera izango dute ikusleek, elbarritasunak alde batera utzita".

Donostiako talde bat

Oroimenak Donostiako taldea 2004an jaio zen antzerki tailer gisa, Maribel y la extraña familia lanarekin. Ordutik hona, hamar bat izenburu muntatu eta ehun bat emanaldi eskaini ditu Hego Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia).

Parte hartuko duen antzerki talderik zaharrena Bartzelonako Sarau izango da. 1970eko hamarkadan sortu zen, Arco Iris izenarekin. Hala ere, 1994an, Esteve Ferrerren gidaritzapean, izenez eta estiloz aldatu zuen. Irunen izango dira Federico Garcia Lorcaren Los amores de don Perlimplin con Belisa en su jardín lanarekin.

Eibarren, berriz, Galiziako Valacar antzerki taldea izango da, Somos tan imbéciles antzezlanarekin.

Lau aldiz Berri Txarrak

Erritmo biziarekin ekingo dio Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra disko berriaren aurkezpen birari. Lau kontzertu, lau egunetan. Guztiak Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Eta sarrerak amaituta daude aspalditik, baita urtarrilaren 29an Atarrabian (Nafarroa) izango denerako ere. Kontzertu sortaren aurrenekoa gaur bertan egingo du talde nafarrak, 21:00etan hasita.

Lekunberriko taldearen azken lanak harrera beroa izan du zaleen artean, eta musika kritikarien txaloak jaso ditu, Euskal Herrian zein atzerrian. Nazioartean, hain zuzen ere, urtarrilaren amaieran ikusiko du argia Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzak, eta dagoeneko atzerriko hainbat hiritan jotzeko tokiak eta egunak lotuak ditu taldeak: Bordele, Paris, Madril, Bartzelona, Frankfurt, Berlin, Hanburgo...

Disko bat, ekoizle bat

Berri Txarrak taldearen diskografia osatzen duen zortzigarren lana da Denbora da poligrafo bakarra —tartean daude Zertarako amestu zuzeneko DVDa eta Denak ez du balio bilduma lana—, Only in Dreams zigiluak joan den azaroan kaleratutakoa. Harian diskoaren eta BTX 20 urte bira arrakastatsuaren ondotik dator azken lana, Los Angeles eta Madrilgo estudioetan grabatua izan dena. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre hirukoteak 2014ko udaberrian jo zuen Ameriketako Estatu Batuetara, bertan Ross Robinson ekoizle ospetsuarekin lan egitera. Robinson, besteak beste, Sepultura, The Cure edo eta Slipknot taldeekin batera lan egindakoa da. Elkarlana, baina, zabalagoa izan da. Madrilen, esaterako, Ricky Falkner Love of Lesbian eta Sidonie-ko ekoizlearen gidaritzapean jardun zuen hirukoteak, eta laneko hirugarren diskorako Bill Stevensonekin (All, Descendents). Disko bat, ekoizle bat. Emaitza, hogei kantuko disko hirukoitza. Batzuk erritmo elektrikoagoarekin, beste batzuk, berriz, pop ukitu nabariagoarekin.

Zortzigarren lanarekin, 101 dira talde nafarrak idatzi eta grabatutako abestiak. Ezagun egin diren horietako asko entzungo dira gaurtik astelehenera bitarte Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Berri Txarrak, zuzenean

Gaur, 21:00ean, Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Arrosa, printzesak eta superheroiak

Gabonez berba egiten dugunean, oporrez eta jan-edanez gain, opariz eta jostailuz betetzen zaizkigu elkarrizketak: Olentzero versus Errege Magoak, lagun ezkutua, non erosi eskatutakoa, zer erosi… Ehiza txakurrak dirudigu usnan, oparia jaso behar duenaren desioen atzetik. Edozein iradokizun edo datsegit agindu bihurtzen zaigu, edo, hobeto esanda, erregalua lortzeko parada paregabea. Ideiak ere agortzen baitzaizkigu, gustuak ere aldatu egiten direlako, pertsonaren ezagutza urria delako, edo jasotzailearen zailtasuna benetan agerikoa delako.

Ume sinesberen kasuan errazagoa da. Nahikoa da eskutitza idazteko esatea, bertan apeta guztiak apuntatzeko aukera emango digute-eta. Sarri askotan zer eskatzen duten deskubritzea zaila egingo zaigu, jakin ere ez dugu jakingo zer den idatziz jarri dutena, guk jostailu iragarkirik ez dugulako ikusten. Baina haurraren guraria argitzeko jostailu katalogoak dauzkagu, hainbat dendak egin eta dohainik partitzen dituztenak.

Halako bat erabili zuen eta erabiltzen ari da gure iloba, iaz eta aurten, urte bietan El Corte Ingles almazen handien katalogo mardula. Egunotan bere liburu kuttuna da eta noranahi eramaten du, Olentzerorena pasatuta egon arren. Emozioz beteta seinalatzen dizkigu bere gogoko artikuluak eta gai da behin eta berriro, etengabe, orriak pasa eta begira egoteko. Edozein momentu begitantzen zaio aproposa bere gogokoak gurekin konpartitzeko. Erraz asko altzora igo eta trepeta asko erakutsi, ea gu ere, era sibilinoan, gustatu eta erortzen garen.

Iaz aho bete hortz laga ninduen bertan ikusitakoak. Neska/mutil banaketa oso argia zen: neskentzako zena, arrosa eta more argiz seinalatuta; mutilentzako zena, berde, gorri eta kolore ilunez. Jostailuen ondoan ere neskatilak edo mutikoak ageri ziren, produktu horren hartzailearen arabera. Jakina, beti gizartearen genero-banaketaren ikuspuntu klasiko eta zorrotzenetik begiratuta: panpinak, printzesak, tximeletak eta loreak, arrosak, neskentzat; eta kamioiak, superheroiak, eraikuntza-blokeak eta ninja dortokak, ilunak, mutilentzat.

Orduan sumindu egin nintzen, eta hala segitzen dut. Izan ere, aurtengoa ere berdintsua da. Horregatik ez nau harritu Susaeta argitaletxearekin sortutako polemikak, neska eta mutilentzako ipuinak argitaratzen dituela ikusita, ezta beste merkataritza guneek ere ateratako katalogo eta iragarkietan genero desberdintasun faltsu eta murriztaile hori ageri denean.

Baina nola harritzen gaitu horrek, jaio orduko niniak arrosaz ala urdinez janzten baditugu? Mozorrotzen ditugunean maitagarriz eta spidermanez betetzen baditugu bazterrak? Emakumeok etengabe printzesak garela esanez bonbardatzen bagaituzte? Horrela, pikutara aukera-berdintasuna, emakumeen imajinarioa beti izango delako ahula eta makala, hauskorra, salbatzailea behar duena, bere kabuz ezin duelako ezer lortu. Eta gizonena defendatzaile ahalguztiduna, bestea bezain faltsua eta hutsala.

Rolak betiko eta indartuta, herri desorekatua baino ez dugu lortuko, eguneroko hainbat jardueratarako gai ez diren gizabanakoak, pertsona ahul eta desorekatuak. Hori ote da lortu nahi dutena enpresa handi horietatik? Makalago izanda, zaurgarriago garelako?

Umorez hausnartuz kontsumo ohiturak

Galiziako Valacar taldearen eskutik iritsi da Euskal Herrira Somos tan imbéciles antzezlana. Lino Braxek idatzitako eta zuzendutako obra umoreaz baliatzen da kontsumo ohituren inguruan hausnarketa egiteko. Valacar 1989an jaio zen antzerki tailer gisa, eta laster antzerki konpainia bilakatu zen. Itsuz osatutako Galiziako lehen antzerki taldea izan zen. Valacarrekin 40 aktore baino gehiago hezi dira; gehienak erabat itsuak ziren edo ikusmen urritasun larria zutenak.

Somos tan imbéciles

Ostegunean, 19:30ean, Eibarren.

Euskara sustatzeko ahalegina, guztiona

Euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko "benetako beharrak" detektatu behar dira, hori uste du Villabonako Udalak, eta ideia horretatik abiatuta parte hartze prozesu bat abiarazi zuen 2013an. Helburua bakarra zen: 2017a bitarteko Euskara Sustatz...

Patxi Azkargorta zenari buruzko lana argitaratu du Uztarriak

Bergaran jaio eta 24 urte zituela joan zen Azpeitira bizitzera Patxi Azkargorta Arteaburu zena, ezkondu zenean. 1950. urtea zen. Azpeitiko Santiago kalean lehen arropa garbitegia zabaldu zuen orduan. Aitaren lanbideari heldu zion Azpeitira joanda ere: aitak Bergarako Onena tindategian garbiketa eta tindaketa lanak egiten zituen, eta han ikasi zuen ofizioa Patxik. Besteak beste, Azpeitiko Ilunpe pilota elkartearen eta ikastolaren sortzailea izan zen Azkargorta. "Langilea eta umore handiko gizona" zela nabarmendu dute hura ezagutu zutenek. Iazko irailaren 10ean hil zen, 88 urterekin.

Azkargortari buruzko biografia liburuxka kaleratu berri du orain Azpeitiko Uztarria komunikazio taldeak. Aintzane Larrañaga kazetari gazteak egin du, eta joan den larunbatean aurkeztu zuten jendaurrean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.

Uztarriak 2009ko martxoan jarri zuen abian hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua eta Azkargortarena proiektuko hamaikagarren lana da.

Aintzane Larrañaga biografiaren idazlea denak lanaren aurkezpenean esan duenez, Azkargortak herrigintzan lan handia egin zuen: "Lanerako gogo handikoa zen. Garai gogorrak ezagutu izan zituen frankismoan eta, baina Azpeitiko pilotan, ikastolaren alde eta bestelakoetan hainbat lan egin zuen".

Iñaki eta Irune Azkargortak, Patxiren seme-alabetako bik, Uztarria taldeari eta biografia idazleari eskerrak eman zizkieten haien aitari buruz egindako lanagatik: "Lanaren enamoratua zen gure aita, eta alaia ere bai. Umore handia zuen".

Bigarren etxea, frontoia

Betiko zaletasuna eskupilota izan zuen Azkargortak, eta horri lotuta lan egin zuen Ilunpe pilota elkartean, hainbat gazteri pilotan erakutsiz. Gainera, Ilunperen lehen presidentea eta bakarra izan zen. Haren gertukoen arabera, "bigarren etxea" zuen Azpeitiko Frontoi Txikia. Euskaltzalea eta abertzalea ere bazen "Bergarako" azpeitiartua, eta Azpeitiko lehen ikastola sortzeko 1960ko hamarkadan "ahal zuena eta gehiago eman zuen".

Liburuxka biografikoen proiektua, hainbat azpeitiarren biografiak argiratu eta herriko kazetari gazteei idazteko aukera emateko helburuekin sortu zuen Uztarriak. Patxi Azkargortari buruzko biografia hamaikagarrena da. Aurretik honako hauenak atera ditu: Julian Bereziartua, Leo Etxeberria, Valentina Agirre, Santi Lazkano, Amaia Garmendia, Enkarna Arregi, Iñaki Bergara Pio, Bernardo Aizpitarte Kabra, Enrike Zurutuza eta Maria Jesus Arregi. Aurten ere liburuxka biografikoen proiektuarekin jarraituko du Uztarria komunikazio taldeak, baina iragarri du hamabigarren liburuarekin proiektuari bukaera emango diola.

Somotoko tronutik akusatuen aulkira

Dirutza handiak kudeatzen ditut nik, eta 944.485 dolar bildu ditut oraingoan, Somoton lan garrantzitsua egiten duten erakundeen artean banatzeko". 2007ko uztaila zen, eta harro mintzo zen Ana Urtxuegia Somotoko (Nikaragua) biztanleen aurrean. Garai hartan, Lasarte-Oriako alkate zen Urtxuegia, eta kooperaziorako diru laguntza publikoak nahieran erabiltzea leporatu zion Espainiako Epoca aldizkariak artikulu batean. Salaketak gezurtatzeko egin zuen agerraldia alkateak. "Diru hauek ez dira ezein erakunderenak. Nireak eta beste hiru pertsonarenak dira, eta eskuzorroen nahiz bestelako artikuluen salmentari esker bildu ditugu, Somotoko herriari laguntzeko". Beste askok, ordea, ez dute horren argi zer gertatu zen 2000 eta 2010. urteen artean kooperaziorako emandako diruarekin. Laguntzak nola kudeatu ziren ikertzeko eskatu die Lasarte-Oriako Udalak epaileei.

Abenduaren 19an hartu zuen erabakia udalbatzak, Bildu, EAJ, LOHP Lasarte-Oriako Herritar Plataforma eta PSEko zinegotzi ohi Marisa Zubiriren botoekin. PSE eta PPren udal taldeek, berriz, abstentziora jo zuten. "Alkatetzarenak ez diren zenbait eskumen erabili zituen Urtxuegiak urte horietan: lokal bat erosi, ondasunak eman, lan kontratuak sinatu... Hori guztia prozeduratik kanpo egin zen. Horrek bide ematen digu esateko kudeaketa erabat desegokia izan zela eta diru publikoen erabilera bidegabearen zantzuak daudela. Gertatutakoak, gutxienez, ikerketa bat merezi duela uste dugu", azaldu du Lasarte-Oriako egungo alkate Pablo Barriok (Bildu).

PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek, berriz, interes politikoak eta elektoralistak izatea egotzi zien alderdi abertzaleei, urteko azken osoko bilkuran: "Zuen helburu bakarra PSE Lasarte-Oriako alkatetzatik kanporatzea zen. Ez duzue ezer argitu nahi izan; gure izena gezurrez belztea izan da zuen asmoa". Egia azaleratzeko interes handiena duen alderdia PSE dela gaineratu du Zaballosek behin baino gehiagotan.

Barrio alkatearen ustez, baina, aurkeztutako kereilak oinarri sendoak ditu, eta ez du hauteskundeekin zerikusirik: "Kereilaren inguruko lanketa ez zen agintaldi honetan hasi, aurrekoan baizik. Batzorde berezi bat sortu zen udalean auzia ikertzeko, eta alderdi guztiek adierazi zuten gertatutakoa argitzeko asmoa. Horren ondorioa da aurkeztu berri dugun kereila. Egia da prozesua asko luzatu dela, guk nahi genuena baino askoz gehiago, baina hortik harago, ezin zaigu ezer egotzi, agintaldia hasi zenetik buru-belarri aritu baikara auzi hau ikertzen. Orain arteko jarrerarekin koherenteak izan gara, besterik ez".

Zehazki, Barrioren esanetan, bi oinarri nagusi erabili ditu udalak kereila aurkezteko: alde batetik, ikerketa batzorde bereziak bildutako dokumentazioa; eta, bestetik, 2012an Zubizarreta Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena. "Informazio horrek guztiak oinarri sendoa ematen digu aurrera egiteko, zantzuak asko direlako eta asko dagoelako argitzeko", gaineratu du alkateak.

Legedi espezifikorik ez

2012ko txostena ontzean, Zubizarreta Consulting taldeko ikerlariek "irregulartasun ugari" atzeman zituzten Lasarte-Oriako diru laguntzen banaketa prozesuan. Txostenean aipatzen denez, 38/2003 legea indarrean jarri arte (2004ko otsailaren 18an) sektore publikoak ematen zituen diru laguntzen alorra ez zegoen arautua, eta udal bakoitzak ordenantzen bidez erregulatzen zuen bere kooperazio politika. Diru banaketa eta operazio opakuak ahalbidetu zituen horrek.

Zehazki, 2000. eta 2010. urteen artean, Lasarte-Oriako Udalak 2.486.386 dolarreko laguntza (2.112.505 euro) eman zien hiru entitateri: LOSSB Lasarte-Oria-Somoto Senidetzearen Bulegoa, Asodecom eta Somotoko alkatetza. Lehenbizikoak ez zuen izaera juridikorik ere, eta, beraz, desagertu egin zen 2008an. Horren ordez, Somoto Fundazioa sortu zuten bi udalerrietako alkateek.

Asodecom elkarteari emandako dirua ere polemika iturri izan zen 2006an. Diagonal aldizkariak argitara eman zuenez, kooperaziorako funts publikoa Somotoko enpresaburu handiak aberasteko erabili zen: "Besteak beste, Lacteos Froylan enpresa. Diru publikoen truke, esnearen kalitatea eta kantitatea hobetzeko eta ekoizle txikiak laguntzeko proiektu bat garatu behar zuen enpresak, baina, horren ordez, prezio merkeena eskaintzen zuten konpainiei erosi zitzaien esnea", argitaratu zuen aldizkariak. Asodecom elkarteko presidentea, Marcio Rivas, Somotoko alkate eta Urtxuegiaren bikotekide ere bazen garai hartan.

2011n, bestalde, Noticias taldeko zenbait kazetarik erreportaje sorta sinatu zuten Somoton aurkitutako irregulartasunen inguruan. "Ordurako, entzunak genituen hainbat zurrumurru, eta afera bolo-bolo zebilen euskal kooperanteen artean", gogoratu du Guillermo Nagore kazetariak. "Finean, gure iturriek esan zigutena izan zen Urtxuegia alkateak nahieran banatzen zituela diru laguntzak eta bere burua Somotoko erreginatzat zuela".

Nikaraguara joan zirenean, ordea, zurrumurru horiek izozmendiaren tontorra besterik ez zirela ikusi zuten kazetariek. "Ikertzen hasi ginenean, Urtxuegiaren izenean zeuden sei lursail eta higiezin topatu genituen. Eta hori oso susmagarria da berez: oso deigarria da, Lasarte-Oriako alkate izanda, udalak kooperaziorako daukan diru sail osoa Nikaraguako herri bakarrari ematea eta —hango biztanle gehienak miseria gorrian bizi diren arren— toki horretantxe hainbat lursail eta etxebizitza erostea", azaldu du Noticias taldeko kazetariak.

Jabetza horien guztien artean, atentzioa eman ziena milioi bat metro koadroko etxalde bat zen. Hori erosteko prozesua erabat iluna izan zela uste du Nagorek: "Lasarte-Oriako Udalak emandako laguntzekin gobernuz kanpoko erakunde bat sortu zuten Somotoko alkate ohiak eta Urtxuegiak berak; gero, GKE horrek lursail bat erosi zuen eremu hartako ekonomia pizteko, abeltzaintza sustatzeko eta baserritarrei laguntzeko... eta, handik urte gutxira, Urtxuegiaren esku gelditu zen dena".

Auziak hedabideetara jauzi egin zuenean, Urtxuegiak zenbait bilera egin zituen Somoto inguruko nekazariekin, bere burua zuritzeko eta, aldi berean, bere azpilanen berri ematen zutenei mehatxu egiteko. "Irakurtzen eta idazten ere ez zekiten baserritar askok lau orduko bidaia egin zuten Doña Ana-ren konferentzia entzuteko, ogitarteko baten truke. Baina baten batek hitzaldia grabatu eta Youtube atarian jarri zuen, eta polemikak eztanda egin zuen. Nekazari xume horien aurrean Urtxuegiak izandako jarrera harroa eta mehatxuzko tonua iraingarriak ziren. Kolonien garaiko jauntxo bat ematen zuen. Kazike bat".

Itzalaldi informatiboa

Hedabideek argitaratutako guztia gezurra zela esan zuen Urtxuegiak, eta PSEk ere babestu egin zuen Lasarte-Oriako alkatearen jarduna. Nagoreren esanetan, Eusko Jaurlaritza bera ere (sozialisten eskuetan) kazetarien lana oztopatzen saiatu zen: "Somoto auziak eztanda egin zuenean, 2011n, Patxi Lopez Ajuria Enean zegoen, eta halako eskandalu bat azaleratzeak izugarrizko kaltea eragin ziezaiokeen. Gainera, Espainiako eta Euskal Herriko komunikazio enpresa handienentzat, Lopez heroi bat zen, Ibarretxe agintetik kenduta, PPren babesarekin gobernatzen zuelako. Horregatik ez zuten txintik ere esan auzi horren inguruan. Isiltasun mediatikoa izugarria izan zen; inoiz ezagutu dudan itzalaldi informatiborik zorrotzena. Lehendakariak bere esanetara zituen Espainiako egunkari, irrati eta telebista jeneralista nagusiak. Ukiezina zen".

Euskal Herrian hedabideek aurre egin beharreko oztopoak ez ziren deus izan Somotoko berriemaileek sufritu zituztenekin alderatuta. "Guk zailtasunak eta trabak jasan genituen hau guztia ikertzeko, baina Nikaraguan genituen kontaktuek bereak eta bi egin behar izan zituzten informazioa lortzeko: zenbait erregistrotara sartzeko debekuak, datuak eskuratzeko trabak... Ustelkeria eta indarkeria oso hedatuta daude hango erakundeen barruan, eta Urtxuegiak Somoton zuen boterea izugarria zen. Herritar askok ez zuten kazetariekin hitz egin nahi. Beldur ziren", gogoratu du.

Oztopoak oztopo, sare sozialen eta hedabide alternatiboen ugaritzeak erraztu egin zuen irregulartasun salaketen zabaltzea, eta horrek Urtxuegiaren ibilbide politikoaren gainbehera bizkortu zuen. "Ordura arte, PSEk gehiengo osoa zuenez, eroso ibili zen alkatea, baina 2007ko hauteskundeetan galdu zuten gehiengoa sozialistek, eta Ezker Batuarekin ituna sinatu behar izan zuten udalean. Une horretatik aurrera, Urtxuegiak ez zuen den-dena kontrolatzerik izan, eta orduantxe hasi ziren lehen arrakalak. Aldi berean, PSEren barruan ere, militante asko nazkatu egin ziren Urtxuegiaren moduekin. Berez, informazio baliotsuena filtratu zutenak ez ziren oposizioko zinegotziak izan, PSEko kide batzuk baizik", azaldu du Nagorek.

Arrazoi batengatik zein besterengatik izan, alderdiarentzat zama handia bihurtu zen Ana Urtxuegia. Alkate izateari utzi zion 2010ean. Txile eta Perurako EAEko ordezkari izendatu zuten, eta kargu horretantxe lan egin zuen 2013an, EAJ Eusko Jaurlaritzara itzulita, kargugabetu zuten arte.