Gabonez berba egiten dugunean, oporrez eta jan-edanez gain, opariz eta jostailuz betetzen zaizkigu elkarrizketak: Olentzero versus Errege Magoak, lagun ezkutua, non erosi eskatutakoa, zer erosi… Ehiza txakurrak dirudigu usnan, oparia jaso behar duenaren desioen atzetik. Edozein iradokizun edo datsegit agindu bihurtzen zaigu, edo, hobeto esanda, erregalua lortzeko parada paregabea. Ideiak ere agortzen baitzaizkigu, gustuak ere aldatu egiten direlako, pertsonaren ezagutza urria delako, edo jasotzailearen zailtasuna benetan agerikoa delako.
Ume sinesberen kasuan errazagoa da. Nahikoa da eskutitza idazteko esatea, bertan apeta guztiak apuntatzeko aukera emango digute-eta. Sarri askotan zer eskatzen duten deskubritzea zaila egingo zaigu, jakin ere ez dugu jakingo zer den idatziz jarri dutena, guk jostailu iragarkirik ez dugulako ikusten. Baina haurraren guraria argitzeko jostailu katalogoak dauzkagu, hainbat dendak egin eta dohainik partitzen dituztenak.
Halako bat erabili zuen eta erabiltzen ari da gure iloba, iaz eta aurten, urte bietan El Corte Ingles almazen handien katalogo mardula. Egunotan bere liburu kuttuna da eta noranahi eramaten du, Olentzerorena pasatuta egon arren. Emozioz beteta seinalatzen dizkigu bere gogoko artikuluak eta gai da behin eta berriro, etengabe, orriak pasa eta begira egoteko. Edozein momentu begitantzen zaio aproposa bere gogokoak gurekin konpartitzeko. Erraz asko altzora igo eta trepeta asko erakutsi, ea gu ere, era sibilinoan, gustatu eta erortzen garen.
Iaz aho bete hortz laga ninduen bertan ikusitakoak. Neska/mutil banaketa oso argia zen: neskentzako zena, arrosa eta more argiz seinalatuta; mutilentzako zena, berde, gorri eta kolore ilunez. Jostailuen ondoan ere neskatilak edo mutikoak ageri ziren, produktu horren hartzailearen arabera. Jakina, beti gizartearen genero-banaketaren ikuspuntu klasiko eta zorrotzenetik begiratuta: panpinak, printzesak, tximeletak eta loreak, arrosak, neskentzat; eta kamioiak, superheroiak, eraikuntza-blokeak eta ninja dortokak, ilunak, mutilentzat.
Orduan sumindu egin nintzen, eta hala segitzen dut. Izan ere, aurtengoa ere berdintsua da. Horregatik ez nau harritu Susaeta argitaletxearekin sortutako polemikak, neska eta mutilentzako ipuinak argitaratzen dituela ikusita, ezta beste merkataritza guneek ere ateratako katalogo eta iragarkietan genero desberdintasun faltsu eta murriztaile hori ageri denean.
Baina nola harritzen gaitu horrek, jaio orduko niniak arrosaz ala urdinez janzten baditugu? Mozorrotzen ditugunean maitagarriz eta spidermanez betetzen baditugu bazterrak? Emakumeok etengabe printzesak garela esanez bonbardatzen bagaituzte? Horrela, pikutara aukera-berdintasuna, emakumeen imajinarioa beti izango delako ahula eta makala, hauskorra, salbatzailea behar duena, bere kabuz ezin duelako ezer lortu. Eta gizonena defendatzaile ahalguztiduna, bestea bezain faltsua eta hutsala.
Rolak betiko eta indartuta, herri desorekatua baino ez dugu lortuko, eguneroko hainbat jardueratarako gai ez diren gizabanakoak, pertsona ahul eta desorekatuak. Hori ote da lortu nahi dutena enpresa handi horietatik? Makalago izanda, zaurgarriago garelako?