Kultura bai, eta besterik?

Kultura bai, eta besterik?

Aitziber Arzallus

Azkenean. Iritsi da 2016a. Horrenbeste itxarondako unea, batzuentzat. “Donostiaren urtea”, deitu dio Eneko Goia alkateak. Donostia Europako kultur hiriburu izango den urtea behintzat izango da. Bi aste barru ekingo dio agintaldiari, San Sebastian egunez. Dena ongi borobilduta geldituko da hala.

Lehendabiziko lau egunetan, hasierako ospakizunek hartuko dute hiria. Erakusketa han, kontzertua hemen. 70 ekitalditik gora, soilik Donostia 2016ren egitarau ofizialari dagokionez. Eta guztiaren goiburu: Elkarbizitzeko kultura. Baina herritarrek ba al dakite benetan zer den kultur hiriburutza, zer helburu dituen eta zenbat kostatuko den hori guztia aurrera eramatea? Hona hemen gako batzuk, zalantzak argitzeko.

ZER DA DONOSTIA 2016 PROIEKTUA?
“Elkarbizitzarako kultura proiektua 2008an sortu zen, indarkeriari eta izuari lotutako Donostiaren irudiari aurre egiteko”. Odon Elorza garai hartan Donostiako alkate zenaren hitzak dira. Dudarik gabe, buruzagi sozialista da aurten Donostia Europako kultur hiriburu izatearen errudun nagusia, hura izan baitzen egitasmoaren asmatzailea eta lehen bultzatzailea.”Indarkeria giroa” egonagatik Donostiak kultur bizitza aberatsa zuela dio Elorzak, eta horri balioa eman nahi izan ziotela. “Asmo horrekin proposatu nuen Donostiaren tradizioarekin eta ahalmenekin bat zetorren titulua irabaztea, garapenean zehar elkarbizitza eraikitzen ikasteko”. Kultura elkarbizitzarako bitarteko gisa definitzen du Donostia 2016 egitasmoak.
ZEINTZUK DIRA PROIEKTUAREN HELBURUAK?
Herritarren arteko harremanetan oinarrituriko elkarbizitza eredu berri eta iraunkor bat sortzea da hiriburutza proiektuaren helburua. Gizarte irekiagoa, aniztasuna aberastasun iturri izan eta berdintasuna sustatzen duena, herritar parte hartzaileek osatua eta Europara eta mundura zabalduta dagoena.Helburu potoloak, inondik ere, eta luzera begirakoak. Hain zuzen, hiriburutza proiektuaren egileek 2027a jarri dute horiek erdiesteko jomugatzat. Ordurako euskal gizarteak gatazkak gainditzeko gaitasunak eta tresnak izan behar lituzkeela diote, eta hango herritarrek komunitate solidario batean elkarlanean eta bakean bizitzeko gai izan behar luketela.
ZEINTZUK DIRA SUSTATU NAHI DITUEN BALIOAK?
Donostia 2016ren kultur programak hiru itsasargi tematiko ditu. Elkarbizitzaren balioek markatutako norabidea argitzen dute itsasargi horiek, eta hiriaren eraldaketa horren gida izan nahi dute.Lehena Bakearen itsasargia da, eta bakea eta errespetua sustatzeko honako balio hauek zabaltzea bilatzen du: giza eskubideak, elkarbizitza, identitatea eta aniztasuna. Bigarrena Bizitzaren itsasargia da, eta herritarrek bizitza osasuntsuagoa, aberatsagoa eta oparoagoa edukitzea du helburu, kirolaren, osasunaren eta hezkuntzaren bitartez. Hirugarrenak, Ahotsen itsasargia-k, adierazpen artistikoek emozioa, hausnarketa eta besteenganako loturak sustatzeko duten gaitasuna azpimarratzen du.
ZEINEK KUDEATU DU PROIEKTUA?
Donostia 2016 Fundazioak. Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sortu zuten 2012ko udaberrian, hiriburutzaren proiektua eta haren estrategia koordinatzeko, plangintza egiteko eta kudeatzeko.Fundazioaren patronatuak urte hartako irailean egin zuen aurreneko bilera, eta barne funtzionamenduari buruzko akordioak sinatu zituen. Patronatua zazpi kidek osatu zuten: hiru Donostiako Udaleko ordezkariak; bi Gipuzkoako Foru Aldundikoak, eta beste bi Eusko Jaurlaritzakoak. Handik hilabete batzuetara, Espainiako Kultura Ministerioak, bere eskubidea baliatuz, patronatuan kide bat sartzea erabaki zuen.
ZENBATEKO AURREKONTUA DU, ETA NORK PAGATUKO DU?
Hasierako proiektuak, 2012an Bruselak saritu zuen hark, 2020ra bitartean 89 milioi euroren inbertsioa egiteko asmoa jasotzen zuen. Aurrekontuaren %75 erakunde publikoek jartzea aurreikusten zuen; %20 enpresa pribatuek eta beste 1,5 milioi euro Europako Batasunak.Baina, azken urteotan, asko aldatu da testuinguru ekonomikoa, eta, egun, askoz aurrekontu apalagoa du egitasmoak: 48,7 milioi euro, 2012tik 2018ra artean gastatzeko. Kopuru horren %87,5 erakunde publikoek jarriko dute, eta gainontzeko %12,5 beste bide batzuetatik erakarri beharko dute, sektore pribatuan babesleak topatuta, sarrerak eta bestelako materiala salduta edota bestelako diru laguntzak eskuratuta.Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak 12,8na milioi euro jarri dituzte; Eusko Jaurlaritzak, 12,2 milioi; Espainiako Kultura Ministerioak, 4,55 milioi; eta Europako Batasunak, 1,5 milioi. Kutxa Fundazioak, berriz, 500.000 euroko ekarpena egingo dio egitasmoari, babesle global gisa, eta Laboral Kutxak eta Orona Fundazioak babesle berezien lekua izango dute, ekarpen txikiagoa egin dutelako.Proiektuaren arduradunen esanetan, oraindik ez dute aurreikusitako helburua ziurtatzea lortu, baina gutxi falta zaie. Gainera, 2016a zenbait marka edo enpresa jarduera jakin batzuei lotzeko “une egokia” izango dela uste dute.

EKONOMIAN ETA TURISMOAN ZER ERAGIN IZANGO DU?
Robert Palmerrek kultur hiriburutzen eragin ekonomikoa neurtzeko egindako azterketak dio hiriburuek inbertitutako euro bakoitzeko zortzi eta hamar euro artean jasotzen dituztela bueltan; turistek %12 gau gehiago pasatzen dituztela hango hoteletan; eta ehunka lanpostu berri sortzen direla hirian.Donostiako Udalak azterketa hori bera erabili du gutxi gorabeherako aurreikuspen batzuk egiteko. Haren arabera, kultur hiriburutzak 221 milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izango du hirian, 1,4 milioi bisitari erakarriko ditu, eta 1.800 lanpostu inguru sortu.
AZPIEGITURARIK ERAIKI AL DUTE HIRIBURUTZAGATIK?
Ez. Proiektuaren bultzatzaileek hasieratik nabarmendu zuten Donostia 2016 balioetan oinarritutako proiektua dela eta ez azpiegituretan oinarritutakoa. Hain zuzen, herritarrei horrexegatik kostatu ei zaie gehiago hiriburutza proiektuaren funtsa ulertzea.Aurretik Europako kultur hiriburu izan diren lekuetan, hiriburutzaren aitzakian, kultur etxeak, antzokiak edota museoak eraiki izan dituzte; Donostian, ordea, ez. Lehendik zeuden azpiegiturak erabiliko dituzte egitarauaren parte diren jarduerak aurrera ateratzeko. Gainera, aurrez kultur erabilerarik ematen ez zitzaien hainbat lekutan ere izango dira jarduerak.Dena dela, bada hirian Donostia 2016 proiektuarekin paraleloki berritu duten eraikin bat: Tabakalera. Eta gune horrek garrantzi handia izango du bai hiriburutzaren programa martxan den bitartean, baita aurtengo urtea igarotzean ere, arte garaikideari lotutako ekimen askori han emango dietelako jarraipena.Eta Tabakalera ez da bakarra, bai baita Donostia 2016k arrastoa utziko dion beste leku bat ere: Easo kaleko suhiltzaileen eraikin zaharra, hain justu.

SUHILTZAILEEN ERAIKINA, DONOSTIA 2016 GUNEA
Hiriburutza proiektua garatzeko bidean zela zaharberritu zuen Jabier Lekuona arkitektoak Donostiako Easo kaleko suhiltzaileen eraikina. Egun, Donostia 2016 Gunea deitzen diote, duela urte eta erdi ingurutik hiriburutza proiektuaren egoitza ofiziala huraxe baita. Batzuentzat lantoki eta zenbait artista eta herritarrentzat kultur jarduerak garatzeko espazio bihurtu da. 2014ko ekainaren bukaeran aurkeztu zuten eraikin zaharberritua, baina urte hartako urriaren erdialdera inauguratu zuten ofizialki. Harrezkero jarduera andana antolatu dute han.Material birziklatua erabilita birmoldatu dute eraikina, beste erakunde batzuetatik hartutako altzariekin, bertan aurretik zeuden zenbait elementurekin… “Gauzak beste era batera egin daitezkeen froga da egoitza”, Lekuonaren hitzetan.1.500 metro koadro inguru dauzka, hiru solairutan banatuta. Eta denak daude ideia berberaren bueltan atonduta: paletak. Egurrezko oholak bihurtu dira proiektuaren bereizgarri. Paretak, sabaiak eta lurrak estaltzen dituzte.Berritzailea da; xehetasun berezituekin. Lehen solairuan, areto nagusia, informazio gunea eta 300 metro koadroko gune bat sortu dituzte. Hantxe dago patioa ere. Bigarren solairuan, tailerrak egiteko gelak muntatu dituzte, eta hirikilabs laborategi herritarrak. Goiko partean, bulegoak eta bileretarako gelak egokitu dituzte. Begiratokia ere azken solairuan jarriko lukete, egitekotan.

IBILBIDEA EMAITZA BEZAIN GARRANTZITSUA IZAN EI DA
Donostia 2016 aspaldi sortu zuten; zehatz esanda, 2008 hasieran hasi ziren eraikitzen, hautagaitzaren aurkezpenarekin eta kultur proiektuaren zimenduak jartzeko balio izan zuten herritarren laborategi batzuekin. Aurretik egindako lan horri esker, 2012ko ekainean, Donostiari Europako Kultur Hiriburu izendapen ofiziala eman zion Bruselak.Une horretan hasi ziren kultur proiektu irabazlean islatu ziren proposamenak lurreratzen, eta, aldi berean, ekimen batzuk abian jarri zituzten, Donostia 2016 hiriarentzat eta lurraldearentzat izango zenaren lehen urrats gisara. Zehazki, 2010eko apirilean, hautagaitza garaian jarri zen martxan lehen egitasmoa, Olatu talka. Hasiera-hasieratik arrakasta izugarria izan zuen herritarren partaidetzari zegokionez, eta ordutik beste sei aldi izan ditu.Baina herritarren jaialdi hori ez da hiriburutzaren aurretiko prozesuan abian jarri zuten bakarra. Donostia 2016ren beste proiektu garrantzitsuetako batek, Bake-itunak, 2013an izan zuen lehen kapitulua, Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzearen bigarren mendeurreneko ospakizunetan. Lehenago hasitako beste proiektu batzuk ondorengo hauek dira: Uda-gau bateko ametsak, Antzerki-foruma: Eta hik zer?.Kaiek ere erakusten dute prozesua azken emaitza bezain garrantzitsua dela: zenbait proiektuk fruitu garrantzitsuak eman dituzte hiriburutzaren aurretik. Adibidez, Bestelab kaiaren barruan zenbait laborategi antolatu dituzte, eta horietan herritarrek elkarrekin lan egiteko modu ezberdinak irudikatu dituzte. Hirikia kaiaren barnean, berriz, duela urte batzuetatik lanean ari da Hirikilabs, teknologia partekatua eduki nagusi duen herritarren laborategia.

IBILBIDE ERRAZA IZAN AL DU HIRIBURUTZA PROIEKTUAK?
2008ko martxoan, kultur hiriburu izateko hautagaitza proiektua aurkeztuko zuela jakinaraztean, bide “luzea eta zirraragarria” iragarri zuen Odon Elorza orduko Donostiako alkateak. Luzea izan da, ia zortzi urte igaro direlako harrezkero, luzea eta bihurgunez jositakoa. Zortzi urteotan hiru alkateren gidaritzapean egon da Gipuzkoako hiriburua, eta, horrenbestez, baita kultur hiriburutza proiektua ere: Odon Elorza (PSE-EE) aurrena, Juan Karlos Izagirre (Bildu) bigarrena eta Eneko Goia (EAJ) hirugarrena. Eta ez hori bakarrik, zuzendaritzako kideen kargu uzte eta dimisioak ere behin baino gehiagotan izan baitira albiste. Kulturaren bitartez elkarbizitza erraztea helburu duen proiektuak estualdi latzak pasatu behar izan ditu kolore desberdinetako alderdi eta politikariek elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko izan dituzten arazoengatik.Dudarik gabe, momenturik zailena 2014ko apirilean izan zuen Donostia 2016k, Itziar Nogeras azken zazpi hilabeteetan zuzendari nagusi izan zenak kargua utzi zuenean. Aurretik, Nogeras Eva Salaberriaren ordez izendatu zuten zuzendari, eta izendapena bera ere ez zen polemikatik salbu egon.Hiriburutza proiektua gidaritzarik gabe eta nora ezean gelditu zen orduan. Egoera hartan, Donostia 2016 bulegoetako langile talde batek urrats bat aurrera egin, eta proiektuaren gidaritza hartu zuen, sei hilabeterako. Gero iritsi zen Pablo Berastegiren izendapena, egun proiektuaren zuzendari orokor denarena. Haren izendapenak ere hautsak harrotu zituen, euskara ez zekiela eta. Izendapen hori hizpide, ohar bat kaleratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zigor Etxeburua Euskarako zuzendariak sinatua (EH Bildu). Ohar horretan eskerrak eman zizkien euskaltzaleei, “marra gorriak ezartzeagatik”, eta Berastegik euskara ikasteko erakutsitako konpromisoa ere eskertu zuen. Ordura arte euskarari lehentasuna emateko egindako urratsen bidetik jarraituko zuela berretsi zuen diputazioak. Hori izan da azken polemika. Orduz geroztik urak zertxobait baretu direla ematen du.

HERRITARREK NOLA PARTE HAR DEZAKETE?
Hiriburutza proiektuan ezinbesteko parte izan dira herritarrak hasiera-hasieratik. Egitasmoaren arduradunek beti bultzatu eta bilatu izan dute parte hartze hori, bai proiektua idazteko garaian, bai jarduerak antolatzerakoan, bai eta zenbait ekimen eta diru laguntzak nori eman eta nori ez ebazteko orduan ere. Hala nahi izan duten herritarrek momenturo izan dute modu pasiboagoan edo aktiboagoan parte hartzeko aukera. Eta aurrerantzean ere hala izango dute: boluntario izan daitezke, eta proiektuaren kide izan unean-unean edo epealdi luze batez; Donostia 2016ren enbaxadore izan daitezke beste herrialde batzuetan; eta zale ere egin daitezke, proiektuari babesa emateko, besteak beste.
KRITIKARIK JASO AL DU DONOSTIA 2016K?
Bai, noski. Iazko udaberrian, esaterako, 2016 Desokupatu taldeak Manuel Delgado antropologoa Donostiara gonbidatu zuen kultur hiriburutza proiektua aztertu eta haren inguruan hitzaldi batzuk ematera, eta oso gogor kritikatu zuen egitasmoa. Besteak beste, dakartena “playbackaren kultura” dela adierazi zuen, “zurruna, ongi aurkeztua, museistikoa”, baina ez diola kultur sorkuntzari eta hiriko kultur bizitzari batere mesederik egingo. Kontrara, hiriburutza urtea igaro ostean “bizitzeko leku garestiago, esklusiboago eta baztertzaileago bat” besterik ez ei zaie geldituko donostiarrei.Komunikazioaren esparruan gabeziak izatea ere egotzi izan diote hiriburutzari. Urtea hasteko bi hilabete baino gutxiago falta zirenean, donostiar askok zioten artean oso ondo ez zekitela proiektua zer zen.
KULTUR HIRIBURUTZAREN URTEA IGARO ETA GERO, ZER?
2017ko urtarrila data garrantzitsua izango da proiektuaren arduradunen esanetan. Orduan hasiko baita ernetzen Donostia 2016k ereindako hazia, eta ordutik aurrera ikus ahal izango baita hiria zertan eraldatu den eta herritarrengan zer arrasto utzi duen.Herritar parte hartzaileago eta aktiboagoak utzi nahi lituzke proiektuak. Giza eskubideak gehiago errespetatuko dituzten herritar askeagoak eta humanistagoak sustatzea izan da Donostia 2016 proiektuak jaiotzatik xede izan duen legatu nagusietako bat. Gizarte parte hartzaileagoa, bere gatazkak kulturaren eta artearen bitartez konpontzen ikasteko gai izango dena.Horretarako, egitasmoa garatze prozesuan zen bitartean, zenbait ekimen antolatu dituzte herritarrak kultur kudeaketaren esparruan inplikatzeko. Ardora batzordea eta Eta hik zer? antzerki foruma dira horren adibide batzuk. Kulturaren arloan parte hartzeko modu berriak bilatu nahi izan dituzte.Baina ez hori bakarrik. Herritar parte hartzaileagoez gain, Donostia 2016 proiektuak lan egiteko beste modu batzuk ere utzi nahi lituzke legatu gisa. Hiriburutza urtea igaro ostean, erakundeek, eragileek eta elkarteek, publikoek zein pribatuek, elkarrekin lan egiteko modu eta bide berriak izango dituztelakoan daude.Hain zuzen, hori lortzeko helburuarekin deszentralizatu ei dute Donostia 2016ko kultur programaren parte diren ekimenen kudeaketa eta garapena. “Azken batean, Donostia 2016rekin batera proiektu horiek sortzen diharduten eragileak eurak baitira 2017tik aurrera iraungo dutenak eta hiriburutzaren espirituari eta balioei jarraipena eman ahal izango dietenak”. Horrez gain, irauteko asmoarekin Donostia 2016k hainbat ekarpen egin ditu Gipuzkoan eta Euskal Herrian finkatuta dauden erakunde eta ekintzen programetan, Elkarrizketak lan ildoaren bidez.

Hiriburutzaren babespean garatutako beste hainbat proiektu ere, Olatu Talka eta Musika Parkean kasurako, hiriaren kultur agendaren zati bihurtu dira. “Donostia 2016k ez du aztarnarik utziko hiriaren azalean, baina bai bere ariman”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.