Leire Narbaiza
Hiztegizalea naiz oso. Ikaragarri maite dut hiztegiak kontsultatzea. Baina sarri sorpresak hartzen ditut hitz ezagunak begiratzean, askotan uste baino adiera gehiago dauzkatelako. Zenbaitetan, gaztelaniako ordaina topatutakoan, ez nago hiztegiak emandakoarekin konforme, zehatz-mehatz ez duelako bat egiten buruan dudan kontzeptuarekin. Hizkuntza berean mintzo garen arren, sarriegi hitzei beste esanahi bat ematen diegu. Bakoitzak du definizio bat termino batzuendako, eta hori, normalean, munduaren ikuskerarekin lotuta egoten da.
Seguruenik, mundu ikuskera desberdina dugulako asaldatu ninduten igandean Urkulluk egindako adierazpenek. Euskaldun batzuon lehendakariak (bai, letra xehez) Kataluniaren procès delakoa aitzakia hartuta zera esan zuen Gipuzkoan irismen handia duen komunikabide batean: “Ikaratu egiten nau erantzukizun gabeko mugimendu sozialek Katalunia baldintzatzeak”. Glups! Ni ikaratu ninduen gizartearen kontzepzio horrek! Izan ere, Kataluniako mugimendu sozialez iritzi hori badu, edonongo gizarte-mugimenduez gauza bera pentsatuko du.
Euskal Herriko zati baten lehendakari horri (bai, minuskulaz), gogorarazi nahiko nioke mugimendu sozialik barik ez genukeela ikastolarik izango, ezta euskarazko hezkuntzarik ere. Mugimendu sozialek bultzatu eta bermatu dituztelako, hainbat aurrerapauso egin dira herri honetan —eta beste batzuetan ere bai, jakina—. Beste adibide batzuk ere bururatu zaizkit, baina badakit Urkullurendako ez direna eredugarri izango. Hor egon liteke koska: niretako eredu dena berarendako, seguruenera, ez da hala izango, presidente horrek bere ideologia du eta.
Mugimendu sozial sendoak izatea demokraziaren oinarria dela begitantzen zait niri. Gizarte osasuntsu eta kezkatuaren erradiografia ona baitira. Egoera kaskarrak aldatu eta eraldatu nahi dituzten pertsona antolatuak gizartearen bizitasunaren seinaletzat ditugu zenbaitek. Demokraziaren oinarria dira, herriko jendearen sentimena direlako.
Hala ere, uler nezake asko ikaratuta egotea, mugimenduen abiapuntuak kritikotasuna izan beharko lukeelako, zirikatu eta akuilu lanak egin ahal izateko. Eta jakina da askorendako kritika eta akuilua ez direla gustukoak. Horregatik, deserosoak direlako, ez zaizkie gustatzen, zapatetan enbarazu egiten duen harri-txintxarriak direlako.
Antza denez, Urkulluk eta biok mundu-ikuskera arras desberdina dugu. Arestian esan dudan moduan, hitzen definizioak lotuta daude kosmobisioarekin. Ez darabilgu lexiko bera, hizkuntza berbera erabili arren. Argi dago Urkulluren hiztegian demokraziak beste definizio bat duela: eman botoa lau urtean behin, eta laga dena nire eskuetan.
Sarrionandiaren Hitzen ondoeza glosarioan demokrazia hitza agertzen da. Bertan dio jatorri grekoa duela berba horrek eta demokrazia grekoaren urrezko sasoian Atenasen ez kanpotarrek, ez esklaboek, ez emakumeek ez zutela parte hartzeko eskubiderik. Ereduzko demokrazia hartan ere biztanleetan lautik batek baino ezin zuen parte hartu. Tira, hori bada jatorrizko definizioa, eta nahasmendurik izan ez dadin, beharbada guk erabiltzen dugunari demokrazia deitu beharrean beste izen bat jarri beharko genioke. Herrikrazia? Sozialkrazia? Uf! Bota zuen proposamenak, kontzeptuak bataioa behar du eta!
Leave a Reply