Olatuari neurria hartzen

Olatuari neurria hartzen

Eider Goenaga

Emakumeen arrauna loraldian da. 2008an Kontxako Banderan emakumeen traineruei lekua egin zitzaienetik, gorantz egin du etengabe. Taldeak gero eta gehiago dira, oihartzuna ere handiagoa, ligak eta txapelketak ia gizonen pare jokatzen dituzte eta, ikuskizunaren mesedetan, lehia estu-estua da puntako ontzien artean. Baina, goranzko bide horretan, hartxintxarrak ere badaude. Aurten, Zumaiak ezin izan du trainerua osatzeko neska nahikoa bildu; orain arte punta-puntan egon da, baina trainerurik ez du itsasoratuko aurten. Oiartzun ere, berdin.

Olatz Agirregabiria (Itziar, 1991) da lehiatzeko gogoz baina trainerurik gabe gelditu den nesketako bat. “Bateletan eta trainerilletan ibiliko naiz Zumaiarekin, baina hitz egiten ari naiz traineruetan Oriorekin ateratzeko”. Penatuta baina esperantzaz begiratzen dio geroari. “Batzuetan, lau pauso aurrera eman ondoren, bat eman behar da atzera, berriro indar gehiagorekin jarraitzeko”.

Agirregabiriaren pena konpartitua da. “Baina poza ere bai, ezta? Bat gutxiago”, galdetu die aldamenean dituen hiru kideei. San Juan taldeko Ane Pescador (Errenteria, 1992), Orioko Nadeth Agirre (Orio, 1993) eta Getaria-Zarautzeko Aizpea Peñarentzat (Getaria, 1993), talde bat ez ateratzea arraunaren kalterako da.

“Lehiakide bat gutxiago da, bai, baina aurrera egindakoan atzera egitea esan nahi du, eta horrek adierazten du zerbait ez doala ondo”, erantzun du Peñak. Pescadorrek alde guztietatik kalterako ikusten du talde bat galtzea. “Iaz, lau traineru oso-oso pareko genbiltzan, eta, orain, bat desagertu da. Hondarribia aterako da, bai, baina Zumaiak trainerua ez osatzeak lehiari eta ikuskizunari, guztiari egiten dio kalte”.

Ezin osatuta

Zumaiari eta Oiartzuni bezala gertatu zitzaien aurretik Getaria-Tolosari eta Hondarribiari ere —aurten berriro aterako da—. Kostata osatzen dituzte ontziak, eta horretan ados daude lau arraunlariak. Arrazoiak zehaztea zailagoa egiten zaie. “Neskekin zailagoa izaten da ontzia osatzea; ez dakit zergatik, baina uste dut gehiago kostatzen zaigula segida ematea”, dio Peñak.

Talde handia osatu behar dela gehitu du Agirrek; hamalau laguneko ontzia denboraldi osoan ondo eramateko hemeretzi neska behar direla, gutxienez. “Eta gu ez gaude honetan diruagatik, baina, Orion behintzat, mutilak nahiko ondo daude, eta neskak, ez. Sarietakoa bakarrik jasotzen dugu, eta gainerakoa gure patrikatik. Kanpotik datozenek, Tolosatik edo Donostiatik adibidez, diru gehiago gastatzen dute jasotakoa baino. Dirua lagungarri litzateke”.

Pescadorrek amatasuna ere aipatu du arrauna uzteko zioen artean. “Ama izan ostean arrauna egin daiteke, aitak umearen ardura hartuta; baina, haurdunaldia eta hurrengo urte osoa ez dizkizu inork kentzen, eta horrek eten egiten du aurretik egindako lana”. Agirregabiriak gehitu du Zumaian badituztela arraunera itzulitako amak. “Ama todoterrenoak dira; entrenamenduak, estropadak, umeak, etxea, lana… denetara iristen dira, eta ez dakit nola. Egoera horretan eta, gainera, Bermeotik etortzen zen bat geneukan iaz. Aurten, pena handiz, baina utzi egin du”, azaldu du Zumaiakoak.

Traineruaren osaketari erreparatzen dio Agirregabiriak. “Ontzien adinari begiratzen badiozu, mutiletan gazteak oso gutxi dira; badaude batzuk, baina puntan ibiltzen direnak 30 urtetik gorakoak dira. Nesketan ezberdina da, batez bestekoa asko jaisten da”.

Arrauna kirol lotua eta sakrifikatua dela uste dute; halere, lau neskak gustura daude egiten dutenarekin. “Baina nik uste dut ia denok urtero izaten dugula krisi momenturen bat. Esaten duzu, ‘azkeneko urtea’; gero, iristen da iraila, pentsatzen duzu ‘bueno, beste urte bat’, eta jarraitu egiten duzu”. San Juanekoak hori esan bitartean, Oriokoak eta Getaria-Zarautzekoak buruarekin baietz egiten dute; ez, ordea, Zumaiakoak. “Niri ez zait inoiz gertatu; nik jarraituko nuke betirako, baina badakit ez dela erraza izango”.

Lau neskek bide luzea egin dute arraunean. Pescador eta Agirregabiria dira denbora gehien daramatenak: 11 urte. Agirre da arraunean urte gutxien egindakoa: bederatzi. Esperientzia handia dute, eta laurak izan dira emakumeen arraunak izan duen bilakaeraren lekuko. “Neskak lehen ere aritzen ziren arraunean, baina gazteagotan. Lehen gertatzen zen ez zeukatela erreferenterik. ‘Zertarako ibili hain gogor lanean, gero ez badaukat non segitu?’. Hori aldatu da; ikusten dute badutela segida, eta ona da”, dio Zumaiakoak.

Erreleboarekin du kezka San Juanekoak. “Polita da ekipo gazteak ikustea; Getariak egin du apustua, eta Hernanik ere bai, baina ez da apustu erraza. Urte pila bat daramatzagu arraunean, eta beti aurpegi berak ikusten ditugu. Ematen du erreleboa ez dela iristen. Talde berriak eta gazteak ikustea pozgarria da, nahiz eta haientzat ez den erraza, bloke oso egonkorrak eta esperientziadunak dituztelako aurkari”.

Agirrek nabarmendu du gazteen mailatik trainerurako pausoa ematea asko kostatzen dela. “Salto hori kosta egiten da. Taldeak eginak daude, egonkortuta daude, eta jende berriari tokia egitea… Apustua egin behar da; zaila da”.

Pescadorrek argi dauka beraiek errazago izan zutela oraingoek baino. “Gu arraunean hasi ginenean, emakumeen arrauna hasten ari zen, eta orduan denak sartu ginen. Garai hartan ontzia osatzen zen zegoenarekin, ezin zen aukeratu. Gazteen mailakoa izanik, taldeko beteranoena nintzen ni, eta amaren adinekoak ere bagenituen ontzian. Hori bai, ilusioa oso handia zen”. “Asko aldatu da”, gehitu du Agirregabiriak, Pescadorren hitzak entzunda. “Emakumeen arrauna profesionalizatu egin da, entrenamendua bera, prestatzaile fisikoak…”.

Jarduna bera ere aldatu da. Klubek Kontxarako osatu zituzten traineruak 2008an; egun, lehiaketa gehiago dira. Kontxa dago, eta Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak ere bai. Baina, horretaz gain, bi liga daude. “Gipuzkoako Ligan ontzi guztiei ematen zaie irteteko aukera; horrez gain, Euskotren Liga dago, eta hor lau onenak daude. Hori oso ona da Euskotrenetik kanpora gelditzen garenontzat, estropadak egiteko aukera daukagulako”, azaldu du Getaria-Zarautzekoak: “Lehen, kanpoan gelditzen zirenek ez zuten udan ia estropadarik izaten, eta etsigarria da uda osoa entrenatzen aritzea, hiru astean behin soilik estropada bat jokatzeko”.

Parekotasuna

Emakumeei dagokienez, arrauna ondo dagoela diote; gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak egon badauden arren aldea ez baita hain handia. “Arraunetik bizitzea oso zaila da, eta horretan berdintsu gaude gizon zein emakumeak, mutiletan ere oso gutxi baitira hortik bizi direnak”, dio Agirregabiriak.

Egiten dutenak jarraipena eta oihartzuna baduela eta hedabideetan tokia egiten zaiela nabarmendu dute arraunlariek. “Eta hori beste kiroletan ez da gertatzen. Begira Athleticeko neskei. Punta-puntan dabiltzan arren, medioetan ia ez dira azaltzen. Alde horretatik ez gaude kexatzeko moduan”, gehitu du Zumaiakoak. Haratago doa San Juanekoa: “Nire ustez, gainera, neskena mutilena baino interesgarriago dago azken urteotan, ikusgarriago. Estuagoa da lehia. Lau ontzi gaude oso parekatuta, segundo gutxiren aldearekin, eta horrek ikuskizunari mesede egiten dio”.

Emakume izateagatik gutxietsiak ez dira sentitzen, eta herrietan babesa sentitzen dutela azpimarratu dute lau arraunlariek. “Baina komentario matxistak ere entzuten ditugu, bai barruan eta bai kanpoan”, gaineratu du Oriokoak. Peñak, jarraian: “Entrenamenduetan-eta, entzun behar izan dugu ‘jo, baina neskak ez zarete nekatzen’. Ez, denbora pasa etortzen gara, ez daukagulako ezer hobea egiteko!”.

“Erdi txantxetan” eginiko komentarioak izaten direla gaineratu du Agirregabiriak, “erdi txantxetan, erdi egiatan”. Getariako portuan gertatutakoa oroitu du, irribarrez, Pescadorrek. “Turista batzuk zeuden han, eta gu ontzia jaisten ari ginela, esan zuten, ‘begira ze jatorrak neskak, mutilentzako trainerua jaisten’. Dena den, ez da ohikoena, eta askotan gu hobeto ibiltzen garelako mutilak ere zirikatzen dituzte”.

Agirregabiriak, bestalde, jardunean ere ezberdintasunak badaudela dio. “Trainerilletan luzera bereko estropadak egiten baditugu, zergatik traineruetan motzagoak? Gaitasuna badugu luzera berekoak egiteko. Nire ustez, telebista kontuak dira”.

Pescadorrek errespetua ere eskatu du, alde horretatik. “Gertatu izan zaigu estropada bezperan esatea bi luzetara beharrean lau luzetara egingo dugula, eta baita estropada atzeratzea ere, mutilen aurretik egin beharrean ondoren egitea, momentuan bertan abisatuta. Eta horrek asko baldintzatzen du estropada bat. Gizonezkoei egin behar!”. Agirregabiriak galdera batekin jarri dio amaiera eztabaidari. “Halakoak gertatzen dira, bai. Kasualitatea? Ez dakit”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.