Leire Narbaiza
Adin ertaineko gizona eskean dago Kutxabankeko bulego baten atean. Lurrean jesarrita dagoelako eta kartel bat duelako aurrean, bestela inork ez luke esango eskalea dela, bere itxura arrunta baita. Dagoen lekutik beste ikuspuntu bat du, literalki lurrean dago eta. Aurretik gizon gazteagoa pasa zaio, ume-kotxe bati bultza eginez. Kotxe zuria, dotorea, lehenengo begi kolpean marka garestikoa dela igar liteke, arranditsua delako.
Eskekoak begiradarekin jarraitu dio kotxearen ibilbideari, adi. Zoru gogorretik zer ikusten duen eta zertan dabilen pentsatzen jakin gura nuke, gurutzatu natzaienean pentsakor segitzen baitzuen eskekoak. Iraganeko konturen bat ekarriko zion akordura, akaso, gizon gaztearen paseoak? Atzean lagatako familia? Umeren bat? Amestu baina izan ezin zuen bizitza?
Aurrera egin dut eta ondoko kalean beste bi eskale gehiago ikusi ditut, gehi afrikar bat guardasolak saltzen. Errekaduetan nenbilen eta supermerkatuan sartu naiz. Atean betiko eskekoa. Barruan Mendebaldeko Sahararen errefuxiatu kanpamenduetako janari bilketa. Premia larriak 400 metroan, Eibar moduko edozein herritan, ostiral eguerdi partean.
Arratsaldean, Elgoibarren musika eskolarantz gindoazela Gurutze Gorriko lokaletan Greziara iristen ari diren iheslarien aldeko arropa batzea. Gainezka, baina dirua falta batutako guztia hara bidaltzeko. Leku berean eta astegun berean ilara izaten da, pertsona ugari erosketa-karrotxoa aldamenean dutela. Izan ere, bere egoitzan banatzen ditu jakiak Gurutze Gorriak. Eta gu bengalari (benga, benga, benga esanez umeei) musika eskolara bidean.
Etxerakoan, Twitterren irakurri dugu Espainiakoa dela OCDEko estatuen artean desparekotasuna gehien hazi den herrialdea. 13,4 milioi pertsona daude esklusio arriskuan, populazioaren %29,2. Batez besteko soldata %22,2 jaitsi da. Biztanle aberatsen %1ek pobreen %80k beste ondasun du. Hogei pertsonak 115.100 milioi euro ditu, eta aberatsenek 18 bider gehiago kobratzen dute pobreenek baino. Hau guztia Intermon Oxfam-en txosten baten agertu da.
Sare sozial berean jakin dugu ezagun bati eskaini dioten lan-eskaintza: astean 60 ordu, astelehenetik larunbatera, 3 hilabeterako gehienez, eta 900 euro gordin hilean. Aurreko paragrafoko datu meta baino hobeto ulertzen da txio hori. Adibide garbia prekarietate eta pobreziarena.
“Desparekotasunak aberastasuna eta hazkundea sortzen ditu” jaurti zuen tertuliano orojakile horretako batek, betiereko telebistako mahai inguru baten. Gezurrik ez zuen esan, Intermon Oxfam-ek argi laga duenez: aberatsenak aberatsago bihurtu eta euren ekonomia hazi egiten da. Jakina, biztanleriaren zati txiki bati begira bizi denarendako positiboa da, ziur delako berari ez zaiola tokatuko, bizkarra ondo hornituta duelako. Krudela behar du izan pertsonak, klasista eta sentsibilitate bakoa.
Hitz pozoitsu horiek jaurti zituena adin ertaineko gizon zuria da, Kutxabankeko atean eskean zegoena bezala. Nire esku balego, magia egitea banu, adin ertaineko gizon zuri bi horien egoerak trukatuko nituzke hilabetez (hotz eta euria egingo balu, hobeto). Ostean, kazetari ahozabal harroputzari bizi izandako guztiaz galdetu. Ziur naiz lurrean eserita dagoenaren ikusmoldea izango lukeela, begirada ume-kotxe dotoretan galduko litzaiokeela, pentsakor.
Leave a Reply