Maite Alustiza
Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak… Askotariko gai eta diziplinak batu ditu azken urteetako Bertso Egunak, baina, izenak dioen bezala, Bertso Egunean “bertsoak behar du zentro”. Jon Agirresarobe (Orio, 1983) Bertsozale Elkarteko ordezkariarentzat “urteko saiorik bereziena” da, eta uste du urteen joanarekin lortu dutela saioa “denen neurrira” egokitzea. Bihar, egun osoan, 28 bertsolarik parte hartuko dute Bertso Egunaren barnean izango diren hiru saioetan. Ekitaldi nagusitik haratago, hainbat berrikuntzarekin dator aurtengoa, goizeko eta gaueko saioei dagokienez.
Kaleko ohiko poteoa jaialdi formatuko saio batek ordezkatuko du eguerdi partean. Emanaldia musikatua izango da, gainera. “Beti geunden halako zerbait egiteko gogoz, batik bat baldintza meteorologikoak kaskarrak izaten direlako: ziklogenesiak tokatu zaizkigu, haizeak eraman gaitu ia…”. Aurtengo neguak beste itxura bat daraman arren, saioa barrura eramateko aukera aprobetxatu dute, eta “goxotasun bila” joan dira. Formatoa ere ezohikoa izango da. Saioa musikatua den arren, bertsolariak ez dira musikatuta ariko: gai-jartzaileek izango dute musikarien laguntza.
Gaueko ekitaldiari dagokionez, berriz, Kursaalak hartuko du jaia berriro. Bi urte zeramatzaten Manteo kiroldegian egiten, baina Kursaalera buelta eginda “erosoagoa” izango dela uste du Agirresarobek. Eskaintzera doazena ere “handia” izango da: bat-bateko bertsoak eta jarriak; sei bertsolari ariko dira lehenengoetan, eta bost bigarrenen partean.
Azken urteetan bezala, arratsaldeko saioa Kursaalean izango da. Hamar bertsolari oholtzan, Aitziber Garmendia aurkezle, eta 2zio taldearen bi kantu: azken diskoko abestia bata, eta egunerako propio osatutakoa bestea.
Irail aldera hasitako prestaketei azken osatuak eman dizkiete asteotan Bertsozale Elkarteko kideek. Sustapen taldeaz gain, urtero taldetxo bati ematen diote ekitaldiaren gidoia osatzeko ardura. Aurten, Eneko Lazkoz, Urko Casado, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze aritu dira. “Gustatzen zaigu Kursaalean kantatzea zer den dakien jendea egotea taldean, gauza berezia delako”. Gaia bera ere sustapen taldearekin batera adostu dute. Aurtengoa: bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak. “Izan daitezke hartu beharreko erabakiak, edo hartu ahal dituenak, edo hartzeko geratzen direnak…”. Agirresarobek dioenez, “bertsogintzatik datorren gai bat” hartzen saiatzen dira, edo gizartean puri-purian dagoen gai bat. “Badakigu indar gehiena bertsogintzatik datozen gai horiek izango dutela, eta oso kontziente gara bertso saio bat egin behar dugula”. Gainera, bertsolari talde erakargarria osatzen ahalegintzen dira urtero; kontuan hartzen dute adin ezberdinetakoak izatea, herrialdeen arteko oreka… “Eta ustez jarritako ariketei ondo erantzungo dieten bertsolariak, noski”.
Kursaalaren baliabideak
Saioa egiten den tokiak ere badu berezitasuna eta garrantzia: “Kursaalak asko markatzen du”. Baliabide aldetik, beste saio batean ez dauzkaten baliabideak eskaintzen dizkie; dena den, Agirresarobek argi du bertsolariei bertsotarako baldintzak eman behar dizkietela: “Inprobisatzen dugu, baina neurrian; laborategia egiten dugu, baina neurrian”.
Hori horrela, “oholtzaren neurriko espektakulu bat” emateko lan egiten du elkarteak: “Azken urteetan txip hori badugu; erabiltzen ditugun baliabideak ez dira soberakoak; hor daude ariketari ondo datozkiolako. Ez da esatea: ‘Zerbait handia egin behar dugu, eta erabil dezagun hau edo bestea'”. Kursaalaren aurretik, Viktoria Eugenian izaten zen ekitaldi nagusia; Astoria antzokian, Karmelo Baldan eta Anoeta pilotalekuan ere egin izan dituzte saioak.
Harrera ona izan ohi du Bertso Egunak ikusleen aldetik; “askotan betetzen da, eta betetzen ez bada, hortxe-hortxe”. Agirresarobek dioenez, badu bere publikoa, kontsolidatua. Eta tartean dira oso bertsozaleak direnak eta bertsolaritzari hain lotuak ez direnak, urtean hainbeste saiotara joaten ez direnak. “Gustuko saioa izaten da; normalean iritzi zorrotzagoa izaten du bertsolaritzari jarraipen handiagoa egiten dionak, baina hori beste edozein kasutan ere hala izaten da”.
“Urte guztian zain”
1968ko urtarriletik, San Sebastian Egunaren bueltan egin izan da Bertso Eguna Donostian; urtero, 1970 eta 1980. urteetan izan ezik. Lehenean “emergentzia egoera” ezarria zegoen; 1980an, berriz, urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa Donostian jokatu zen, eta besterik ez egitea erabaki zuten, nahikoa zelakoan.
Antolaketaz Kultur eta Turismo Ekintzetxea arduratu zen hasieran. Bertsolarien Omenaldiak izenarekin, plazetan zebiltzanak omenduz hasi ziren; “bat, bi eta hiru ere bai, noizbait”.
Txomin Garmendiak, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazitakoak, hala gogoratu zituen 2007an Bertso Egunaren lehen aldiak: “Urte guztian egun orren zai egoten ziran senar-emazte pranko baziran; nolaz gelditu aurreko urtean berak aukeratutako bertsolaria besarkatu gabe?“. Hala zioen, lehen urte haietan entzuleek aukeratzen zituztelako omenduak: sarrera txarteletan jartzen zuten hurrengo urteko omenduaren izena. Manuel Olaizola Uztapide izan zen lehen omendua; zerrenda horren parte dira, besteak beste, Fernando Aire Xalbador, Manuel Lasarte, Mattin Treku eta lñaki Eizmendi Basarri ere.
Bertsozale Elkarteak bilduta daukan informazioaren arabera, ordea, oso gazterik omentzen zituzten bertsolariak, eta hori ez zen oso begi onez ikusten bertsolarien aldetik. 1981etik aurrera, beraz, batzorde batek hartu zuen omenduak aukeratzeko ardura, uste baitzuten ez zela bidezkoa bertsolari gazteak omentzea, “eta, aldiz, bertsolari izandako eta erretiratutako bertsolariez ahaztea”. Ordutik aurrera, Bertsolari Eguna izena eman zioten, harik eta Bertsozale Elkarteak Bertso Egunaren gidaritza hartu zuen arte —Donostia Kulturaren lankidetzarekin betiere—.
1990eko hamarkadan norabidea aldatzea proposatu zuen elkarteak. “Eguneratze bat” behar zuela sinetsita, helburu berriak jarri zituzten; hala nola orduko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea… Eta hortik etorri ziren Zazpi Eskaleren 1995eko diskoa, Pedro Mari Otaño eta Jorge Oteizaren esanak, domino jokoak, magoak, kameleoiak…
Leave a Reply