Itzea Urkizu
Milurteko hasierara egin behar da atzera, Tolosako Berdintasun Saila sortu zenekora itzultzeko. 2000. urtetik hona gizon eta emakumeen eskubideen balantzak orekaren alde egin duela dio Agurtza Zuberok, Tolosako Udaleko berdintasun teknikarietako batek. Baina, milurteko hasieran joera hori izanagatik, sendatu beharreko gaitza mendez mende gotortutako kate bat da, eta ia ezinezkoa da zuritik beltzerako aldaketak sortzea: “Gure lana, neurri batean, astuna da: zaila da emaitzak ikustea, baina egoera aldatu da”.
Besteak beste, emakumeek “gero eta gehiago” salatzen dute indarkeria matxista, gizarte zerbitzuetara joz, eta udal barruko lanetan berdintasuna “ezinbesteko irizpide izatea” ere aurrerapausotzat dute teknikariek. Lorpen zerrenda horri, gainera, azken urteotan jabetze eskolaren proiektuak izandako gorakada ere gehitu diote. Horrela, urtez urteko garapen horrek utzitako uberari argazki bat atera, eta, iraganeko lanaren emaitzak oinarri hartuta, Tolosako III. Berdintasun Plana ondu berri dute orain; hurrengo urteetarako bide orria izango da.
Zertarako balio du, ordea, berdintasun plan batek? Hainbat herritarren buruan errepikatutako oihartzuna izan liteke galdera hori; paper zuriaren gainean idatzitakoak, sarri, kontu abstraktu suerta daitezke. “Guretzako bide orri bat da, bost urterako egitasmo bat. 2015. urtean hasita, 2020. urtera bitarteko helburuak ezarri ditugu, Tolosan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan; eta helburu horietara iristeko neurri zehatzak proposatu ditugu”.
Proiektu guztietan bezala, berdintasun plan bat idazteko ere behar-beharrezkoak dira sukalde lanak. Bada, epe ertainera begirako egitasmo horretan, 2008. urtean Tolosan onartutako berdintasunerako udal ordenantza izan da abiapuntua, eta hortik abiatu dute udalerriko gaur egungo genero diagnosia: “Norbanakoekin eta eragileekin elkarrizketak egin ditugu, eta bi saio ere bai, hainbat herritarren laguntzaz. Bilkura horietako informazioarekin batera, ordea, datu bilketa xehetua egin behar izan dugu”. Eta hori izan da lanik gogorrenetakoa, urtebeteko jardunean: “Hainbatetan ez zegoen sexuaren arabera banatutako daturik, eta, kasu horietan, Eustatera jo dugu”.
Ikusezin bezain garrantzitsu
Ia beti, indarkeria matxistaren eta lan egoeraren inguruko datuek hartu ohi dituzte komunikabideetako lerroburuak, berdintasuna hizpide denean. Eguneroko bizitzan, ordea, badira itzalean geratzen diren beste hainbat zenbaki; horiek azpimarratu nahi izan ditu, hain zuzen, Zubero teknikariak. Hirugarren adinekoen kasuan, adibidez, emakumezkoak dira nagusi eguneko zentroetan. Aldiz, osasun mentaleko eta gizarteratzeko zentroetan, gehienak gizonezkoak dira.
Gizarte zerbitzuetatik euskarara jauzi eginez gero, berriz, bada paradoxa txiki bat: emakumezkoek gehiago erabiltzen dute euskara, baina, era berean, Tolosako Aitzol udal euskaltegiko ikasle gehienak emakumezkoak dira: “Galtzaundi bezalako euskara taldeetan, ordea, gizonezko gehiago dago; parte hartze publikoan emakumezkoak gutxiengoa diren seinaleetako bat da hori”.
Dena den, datu bilketa orokorraren gainean lupa nonbait jarri beharko balute, landa auzoetako emakumeen egoerari begiratzeko erabiliko lukete Tolosako berdintasun teknikariek. Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuak baliatu dituzte, eta zenbakiek argi diote nekazaritza eremuetako ustiategien jabetza gizonezkoena dela: “Landa auzoetako emakumeek autonomia falta dute, eta zaintzaren inguruan oso lotuta daude, gainera”.
Lau ardatz eta eskari bat
Txosten mardula da berdintasun plana, eta milaka datuk osatzen dute haren mamia. Datu hutsekin ez da aurrerapausorik ematen, ordea, eta, ikusi eta neurtutakoa aldatzeko, lau bide nagusitatik egingo dute saiakera: genero zeharkakotasuna; jabetzea eta parte hartzea; zaintza eta bizitzaren iraunkortasuna; eta, azkenik, indarkeria matxistarik gabeko ingurunea.
Tolosako Berdintasun Saila lanean ari da jada, eta bost urteko atzerako kontuan buru-belarri sartu dira, Tolosako gizartea berdinzaleago bilakatze horretan. “Jabetze arloan, esaterako, neurri bat izan daiteke jabetze eskolako urteko ikastaroak prestatzea, eta baita Guretzako emakume atzerritarren taldearekin lanean hastea ere”, azaldu du Zuberok.
Bide beretik, “jauzi kualitatibo bat” eman nahi dute, emakumezkoen parte hartze soziopolitikoa bultzatuz: “Orain arte antolatu izan ditugun jarduerak gorputzarekin eta autoestimuarekin oso lotutakoak izan dira, oro har, baina harago joan nahi dugu, emakumeen ahotsa herrian eta udalean entzun dadin”.
Ideia berriz eta asmo onez mugi daiteke mundua, baina, tamalez, baliabide ekonomikoak behar dira gainerako balioen aldamenean, zerbait lortuko bada. Berdintasun politikekin ere gauza bera gertatzen da, eta Emakunderen diru laguntza bati esker —15.000 euro— gauzatu ahal izan du III. plana Tolosako Berdintasun Sailak.
Zuberok, dena dela, argi dauka “borondate politiko handiagoa” behar dela, mendeetan belaunaldiak lotu dituen kate pisutsu hori apurtzeko: “Urtez urte aurrekontu handiagoa izaten da berdintasun politikak garatzeko, baina, gure helburuetara benetan iristeko, babes zabalagoa eta benetako borondatea behar ditugu; eta, zer esanik ez, biolentzia matxistaren arazoari muinetik heltzeko”.
Leave a Reply