Leire Narbaiza
Ikastaro, jardunaldi, mintegi eta abarretara helburu batekin joaten gara, ponentzia bat entzutera edota gai baten gainean zer berri dagoen jakitera, ideiak egurasteko, horixe izaten delako berbaldien euren motiboa. Azken hamabost egunotan halako bitan izan naiz, oso kolore eta zio ezberdinak zituztenak, gainera. Bata Topaguneak antolatutako Topaldia izan zen, eta bestea Ipar Hegoa fundazioak Angela Davis protagonista izan zuen mintegia.
[Laga iezadazue tartekitxo hau, esan behar dut eta: Davisena itzela izan zen, ez beragatik soilik, jardunaldia euskara hutsean —estatubatuarrak izan ezik— eta hizlari guztiak —12-15 inguru— emakumeak izan zirelako. Lorea Agirrek esan zuen moduan, oasia. Ez dadila izan ispilatze hutsa].
Biak ala biak izan ziren interesgarri, eta zenbait puntu berdintsu —Lorea Agirrek egin zuen berba bietan—. Kontu batzuk gehiago gustatu zitzaizkidan beste batzuk baino, normala den bezala, baina bietatik konklusio erkide batzuk atera nituen; kontu berritzaileenak, nire ustez. Landu eta aplikatu beharrekoak edozein elkarte, talde eta militantzia motatan, haize berriak arnasteko.
Topaldian Joxemi Zumalabe fundaziokoek hitz egin zuten aktibismoa edo militantzia nola ulertzen den eta zein erronka dituen. Bertan bizipozaren kontzeptua aitatu zuten: “Nahi dudanean, nahi dudalako eta nahi dudan bezala logikaren xerka dagoen eredua. Asetasunari, poz iturriari eta beste bizi esparruekiko orekari erreparatzen diona” eta “Interes kolektiboen izenean interes pertsonalak ez desagertzeko aldarria”. Disfrutatzeaz, alegia. Barre egin, gozatu, berba baten. Ekintzaile izatea ez dadila izan samatik zintzilik daramagun harritzarra. 24 orduetan zazpi egunean.
Joan den zapatuan, Angela Davisek ere antzeko zerbait komentatu zuen feminista gazteez ziharduenean, garrantzi handia ematen ziotela euren burua zaintzeari, ondo egoteari, elkar jagoteari. Baita barre egiteari ere. Davis hainbeste gustatu zitzaidan non streaming bidez segitu nuen igandeko hitzaldia. Azken horretan ere bazioen beharrezkoa zela atsegintasuna lortzea, nekatuta gaudenean atseden hartzea, esertzea gero altxatzeko. Esandako guztiak ezinbestekoak direla begitantzen zait niri, nahiz eta oso sartuta dagoen gure imajinarioan sakrifizioak egitea beharrezkoa dela.
Hau guztia entzuteak asko poztu ninduen; izan ere, begi bistako errealitate bat islatzen du. Behintzat, hala bizi izan dut ibili izan naizen euskara eta kulturaren inguruko taldeetan. Sarriegi lan handia eta pisutsua egin, gero ezer ez ikusteko; gainera, haserreak eta gorputzaldi txarrak. Nekea, baina ezin laga, ezin jesarri. Horrela, ordea, ezin da aurrera egin. Elkar zaintzea, norberaren burua zaintzea izan beharko litzateke bidea. Aliantzak eta konplizitateak eraikitzea. Gozatzea eta barre egitea.
Sororitatea edo ahizpatasuna etorri zitzaidan ahora mintegiaren ostean lagun arteko solasaldian. Emakumeen arteko aliantza honek ahalbidetzen ditu konfiantza, elkarri autoritatea aitortzea, babesa eta laguntasuna. Batzeak eta loturak ere sortzen ditu.
Ahizpatasuna osatzen hasiko bagina, neba-arrebatasuna ere asmatuko genuke gure aktibismoari berrekin eta atsegingarria izan dadin, guk ere gehiago disfrutatzeko eta kideek goza dezaten ekintzaile lanarekin. Jende zoriontsua mundu libre batean!
Leave a Reply