Erosotasuna subjektiboa da

Erosotasuna subjektiboa da

Maite Alustiza

Bi autobus baino ez daude, geldirik, eta bidaiaririk ez da inguruan. Itxita daude txartelak erosteko leihatilak, eta apenas dabilen jenderik. Urte luzez geltoki izan ondoren, Donostiako Pio XII.a plaza ez da dagoeneko autobus geraleku, baina motxiladun turista despistaturen bat inguruan dabil oraindik. “Barkatu, hau dagoeneko ez da autobus geltokia, ezta? Nondik da?”.

 

Astebete da geltoki berria Atotxan ireki zutela. Hara iristeko, Amaran topatutako turistak Urumea ibaira gerturatu eta Maria Kristina zubira arteko bidea egin beharko du. Bai bisitariak, eta baita Donostiara iristen den autobusak ere. Geltoki berrian, horretaz kexu da Iruñerantz irtetear den Conda konpainiako gidari bat —ez du izenik eman nahi—: “Ulertzen dut erabiltzaileentzat erosoagoa izatea; estalitako gune bat daukate, berria, eta zerbitzuak batera dituzte, baina guretzat korapilatsuagoa da Donostia sarreratik honaino etortzea”. Ildo beretik hitz egiten du Arrasaterantz ateratzera doan Pesako gidariak ere: “Oraindik ohitzen ari gara, baina nik neuk ez nuke geltokia hemen egingo, hobe ikusiko nuke Loiolako Erriberan egitea”. Dioenez, hamar bat minutu gehiago behar dituzte orain bidaia egiteko, batik bat Donostiako sarreran egoten den trafikoa dela eta. Hiriko irteera, berriz, tren geltoki alboko errepidetik egiten dute, Martuteneruntz. Azpiegiturari berari ere aldaketak egingo lizkioke: “Gasteizko geltokia, adibidez, hobe ikusten dut. Hemen estuagoa da espazioa, mugatuagoa”.

Erabiltzaileek, berriz, erosotasuna aipatzen dute abantaila nagusien artean. Euria ari du kanpoan, haizea; barruan, 15,5 gradu markatzen ditu termometroak. Eserita dago Julio Otxoa, janari makinen pareko aulki batean, Gasteiztik datorren lankide baten zain: “Amaran zegoena ez zen itxurazko geltoki bat, eta are gutxiago halako eguraldia egiten duen egunetarako. Han ez zegoen busti gabe zain egoterik, kafetegi batean ez bazen. Komunik ere ez zegoen eta!”.

Nasen aldameneko pantailek diote Bilbo, Arrasate, Iruñe, Loiu eta Zaragozara (Espainia) doazela hurrengo autobusak. Lehenaren zain dago Amaia Jauregi, motxila bizkarrean eta maleta eskuan. 2008tik ia astero egin du Donostia eta Bilbo arteko bidaia, ikasketa eta lan kontuak medio. Lehenengo bidaia izango du geltoki berrian, eta kokalekuari ikusi dio abantaila nagusietako bat: Tolosatik iritsi da Renfe trenean, eta bi geltokiak gertu izateak denbora dezente aurreztea ekarriko dio.

Autobusen antolaketa ere egokiagoa dela iruditzen zaio: “Lehen nahiko kaotikoa zen. Guk bagenekien, baina turistentzat, adibidez, leihatila aurkitzea ez zen erraza, aparte zegoen. Horrez gain, ez zenekien autobusa non geldituko zen, aldiro ibili behar zen batera eta bestera begira; igande iluntzeetan batik bat ikasle pila bat elkartzen ginen, maletekin, eta nahaspila izaten zen”. Hori horrela, begi onez ikusi du Gipuzkoako Diputazioak igandeetako zerbitzurako iragarri duen aldaketa —17:00etatik aurrera autobusak orduerdiro aterako dira aurrerantzean—. Diputazioak “ikasleek eta unibertsitarioek egindako eskaerari” erantzun nahi izan dio modu horretan.

Turistak galdezka

Bien bitartean, ilara luze samarrak sortu dira Alsa eta Pesa konpainien leihatiletan. Azken horretan daude Elena Zanetti eta Giulia Montevecchio italiarrak, txanda noiz tokatuko zain. Sienatik iritsi ziren Donostiara pasa den astean, lagunak bisitatzera, eta Loiuko aireportura joateko txartela erostera doaz. Etorritakoa baino pisu gehiagorekin bueltatuko dira: bi maleta daramatzate, eta beste bi poltsa handi. “Lagunek janariz bete gaituzte!”. Pisu gehiago izan arren, oinez egin dute bidea Alde Zaharretik, nahiz eta Montevecchiok autobusa hartzea proposatu: “Eskerrak ez genuen beste geltokira joan behar, bestela ez dakit iritsiko ginatekeen”, dio barrez.

Txartelen leihatila erraz topatu dute, baina informazio falta ere sumatu dute maletak takiletan utzi nahi zituztenean. “Nahiz eta argibide batzuk idatzita egon, ondo legoke galdetu ahal izateko jende gehiago egotea, are gehiago orain, jendeak ez duela toki berria ezagutzen”.

Orokorrean geltokia normaltasunez ari da funtzionatzen, baina nabari da ireki berria dela. Geltoki kanpoan lanetako hesiak, behin-behineko seinaleak eta langileak daude oraindik; barruan ere, konponketa txikiak egiten dabiltza, parkingetik ateratzeko txartel makinan, esaterako.

Makinan ordaintzen ari dira Cristina Bilbao eta Peio Arrizabalaga. Bilbotarra da Bilbao, eta haren hirian ere geltoki berriago bat nahiko lukeela dio —martxan dago Termibus berritzeko prozesua—. Gustatu zaio Donostiakoa. “Kosta zaienarekin…!”, erantzun dio Arrizabalagak. Azken egunetan irekiera datarekin izandako gorabeherak kontatu dizkio autora bidean —urtarrilaren 16an ziren geltokia irekitzekoak, baina ke proba gainditu ez zuenez, joan den astera atzeratu zuten—.

Leave a Reply

Your email address will not be published.