“Herri txikiek urte gutxitan aurrerapauso handiak eman zituzten”

Jon Miranda

Azpilkoeta baserrian jaio zen Jabier Zabala (Aduna, 1954), eta ondoan bizi izan da gaurdaino. Herriko kontuekin kezkatuta sartu zen udaletxean 1979an, eta 28 urte eman zituen: “Sartzen baino zailagoa zegoen ateratzen”. Egindako lanarekin gustura agertu da.

Nola erabaki zenuen udaletxean sartzea?

Garai politikoa oraingoaren ondoan oso diferentea zen. Nik 14 urte nituen 1968an, eta urte hura berezia izan zen bai nazioartean eta baita hemen ere. Aurreneko guardia zibila hemen Adunan hil zuen ETAk, eta Meliton Manzanas ere orduantxe hil zuten. Urte horretan herriko gazteek herriko festetarako Azpillaga eta Lopategi ekarri zituzten, baina gobernadore zibilaren aginduz ezin izan zuten kantatu. Hurrengo urtean gazteek boikota egin zioten festa antolatzeari. Nik giro hori guztia bizi izan nuen, eta, urte batzuk geroago, artean gaztea nintzela, lehen hauteskunde haietan osatu zen hautagaitza independentean izena eman nuen. Orduan sartu, eta 28 urte eman nituen udaletxean, horietako hamasei alkate, 1987tik 2003ra.

Urte horietan zein hobekuntza egin zenituzten herrian?

Ikusten genuen herria behera zihoala biztanle aldetik, eta horri buelta emateko zer egin pentsatzen hasi ginen. Aurreko legealditik zetozen arau subsidiarioak onartu genituen. Frontoia aspaldiko helburua zen, eta 1991n egin genuen. Eskolaren beharra etorri zen ondoren, urbanizazioak eta zerbitzuak. Behar sozialei erantzuteko, ondoko herriekin batera mankomunitate bat sortu eta Tolosaldea Garatzen-en sorreran parte hartu genuen. Garaiak halakoak ziren, eta urte haietan herri txikietan aldaketa handiak izan ziren.

Zein da gogoan daukazun unerik txarrena?

Nahiz eta orduan udaletxe barruan ez egon, daukadan oroitzapenik txarrenetakoa 2011koa da. Nik ez neukan berriz aurkezteko gogorik, jende mordo bat ilegalizatuta zegoen, eta pentsatzen genuena gertatu zen: PP aurkeztu zen udal hauteskundeetara. Mobilizazio handia sortu genuen, kolore guztietako demokrazia garaiko zinegotzi guztiak jendeari boto zuria eskatzen ibili ginen. Hamahiru boto behar zituen alderdi popularrak udaletxea hartzeko, eta hamabi lortu zituzten. Eskapada ederra egin genuen.

Herriaren omenaldia jaso zenuen 2011ko ekainean.

Bai, ezustean jaso nuen. Beste batzuek nik adina merezi zuten, baina poz handia ematen du jendeak egindako lana aitortzeak. Egun polita izan zen, eta eskerrak eman behar dizkiot herriari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.