[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

[Herriz herri] Aduna: Bi mundu herri txiki batean

Jon Miranda

. Industrialdearen eta landa eremuaren arteko orekan bizi da Tolosaldeko herri hau. Askok ezaguna izango dute sagardotegiengatik. Horiekin batera bisitariei eskaintzen dizkien baliabide turistikoak erakusteko ‘Adunako grazia’ ikus-entzunezkoa prestatu dute.

 

Bi igeltsutegi, torloju fabrika bat, bi meategi, harrobi koxkor bat… XIX. mendetik ezagutu dute industria Adunan. Oriaren ibarreko lurrak nekazaritzarako lur egokiak izanagatik, begiz jota eduki dituzte lantegi handiek. Gaur egun, Irizar taldea autobus elektrikoak egiteko planta berria eraikitzen ari da 27.000 metro koadroko eremu batean. Urtea amaitzerako bukatua izatea espero dute.

471 biztanle ditu gaur egun Adunak, eta bere tamainako beste herri askok baino egitura administratibo sendoagoa behar du. Hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: “Egia da industrialdeak sarrera batzuk ziurtatzen dizkiola udalari, baina lizentziak, obrak, planak, arauen aldaketak eta errebisioak kudeatu behar dira, eta zerbitzuak eskaintzeko bikoiztu egin behar izaten dugu udaleko langileen kopurua”. Pixkanaka, lehen baserri lurrak zirenak kalifikatu eta beren pisuz joan dira industriara bideratzen. Udalaz gaindiko nekazaritza politika eraginkorrik gauzatu ez delako, segur aski.

Ingurunearekin lotura estua izan du, ordea, Adunak. Herriko azaleraren herena herri onurako mendiek osatzen dute. Orotara, 250 hektarea. “Salbuespena da hori. Gipuzkoaren kasuan, Nafarroa eta Arabako mugan dauden herrietan gertatzen da, baina, Oriaren alde honetan, bakarrenetakoa da Adunaren kasua. Mendiarekin lotura handia izan dugu historian zehar, eta, bere garaian, urtearen erdia mendian ematen zuten baserritarrek. Bideak auzolanean ireki eta konpontzen ziren. 1949an etxe guztietara eraman zen ura, eta orduan udalak materiala jarri eta esku lana herritarren kontura joan zen”, kontatu du Jabier Zabala basozain eta alkate ohiak. Gaur egun gutxi dira, ordea, lehen sektoretik bizi diren herritarrak.

Jarduerari eusten diotenak herriko bi sagardotegiak dira. Zabalako seme Luisek azaldu du: “Aita, aitona eta gizaldi mordoa dira sagardogintzan gabiltzanak. Baina 30 urte izango dira ganadu giroa utzi eta, erabat, sektore honi lotu gintzaizkiola”. Bi anaiek daramate sagardotegiaren ardura, dedikazio osoz. Berdin gertatzen da Zabalatik hamabost metrora dagoen Aburuzan ere. Aitak hasitako bideari segitu diote etxeko bi semeek. Zaharrena, Ibon, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakari izendatu dute urte hasieran. “Enpresa txikiak gara, gehienak familia artekoak; baina, aldi berean, mugimendu handia ibiltzen dugu. Ikusi besterik ez dago txotx garaiak zenbat jende mugitzen duen. Potentzial handiko enpresak gara”.

Sagar urtea denean, bertakoarekin egiten dute sagardo gehiena. “Uzta ona denean, gure sagarrarekin eta inguruko baserritarrei erosten diogunarekin moldatzen gara; eta, erdipurdikoa denean, Asturias, Galizia eta Frantziatik ekartzen dugu”, dio Luis Zabalak. Sagardogileen Elkartetik ere ari dira lanean sagardoa %100 bertako sagarrarekin egiteko. Ibon Aburuzaren ustez, “lortzeko bidean” doaz. “Guk etxean sagasti asko aldatu ditugu azkeneko urteotan, eta sagasti berri horietako batzuk hasi dira uzta ematen”.

Sagardotegiak ari dira turismoa sustatzen, eta Aduna da horren adibide. “Geroz eta jende gehiago etortzen da, eta haiei begira berrantolatu behar ditugu sagardotegiak: katak, maridajeak eta bisita gidatuak antolatzen hasita gaude, eta norabide horretan sakondu beharko dugu aurrerantzean”, esan dute Aburuzakoek. Luis Zabala ere konforme dago: “Bezeroari harrera egin, produktua salarazi, eskaini, erakutsi, sagardoaz hitz egin behar zaio… eta hori ere bada gure lanaren parte”.

‘Adunako grazia’ bideoa

Sagardotegi garaiko txotxa ekitaldi turistikoa ere badela konturatuta daude Adunan. Sektore horrekin lotuta, hainbat ostatu eta jatetxek ematen dute zerbitzua herrian. Baliabide horiek erakusten ditu Tolosaldeko Ataria-k eta 28 Kanalak elkarrekin ekoitzi duten Adunako grazia bideoak. Hala azaldu du Amilibiak: “Gure herria nolakoa den erakusteko lantxo bat da, oso xumea, baina bisitariei hemen zer topa dezaketen erakusteko modu bat da”.

Urtarrilaren 21ean lehen aldiz ikusi ahal izan zuten adunarrek bideoa, egokitu berri duten kultur aretoan. Hemendik aurrera, hainbat hedabidetan zabalduko dute Adunako grazia ikus-entzunezkoa.

Herri gunean aldaketak

Kultur aretoan egin dituzten egokitzapenez gainera, aurki itxura aldatuko diote Adunako plazari eta pilotalekuaren inguruari. Aterpea egingo dute.

Azkeneko urteetan herritarrek eskatutako aldaketak gauzatuko dira, horrenbestez: “Pilota eskolako arduradunek eskatutako moldaketak dira. Bestalde, herriko eskolak ere erabiltzen du frontoia, eta umeak bertan egoten dira eguraldi txarra denean. Moldaketa horiekin, aterpe handiagoa izango dute jolasean ibiltzeko, eta, batez ere, babesago egongo dira”, dio Amilibiak.

Izan ere, eguraldi txarra dagoenean edo euria egiten duenean ura sartzen da frontoiaren atzealdera. Euriarekin bakarrik ez, haize handia dabilenean korrontea sortzen da pilotalekuaren alde batetik, eta hori eragozteko ate bat jarri dute markagailuaren ondoko sarreran. Alkateak nabarmendu duenez, eguzkiarekin ere arazoak izaten dituzte: “Jolasten ari dela bosgarren edo seigarren koadrotik jendea eguzki printzekin itsutu egiten da, eta, horregatik, frontisaren goiko aldean itxitura bat jarri dugu”.

Tokia babesteaz gainera, segurtasunean ere irabazi nahi dute adunarrek. Gurasoek askotan azaldu dute kezka frontoia inguratzen duten barandekin. “Umeentzako arriskutsu dago, baranda tarteetatik pasa daitezkeelako eta horietara igota ibiltzen direlako. Plaka batzuk eta eskubanda bat jarri dugu buelta guztian. Erortzeko arriskua ekidin nahi dugu era horretara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.