[Herriz herri] Alegia: Plan orokorrari bultzada emanez

[Herriz herri] Alegia: Plan orokorrari bultzada emanez

Imanol Garcia Landa

GIPUZKOA BATETIK BESTERA

. Behin-behineko onarpena eman nahi dio aurten Alegiako Udalak plan orokorrari. Edukia “fintzen eta finkatzen” ari direla dio Unai Iraola alkateak. Besteak beste, osasun etxearen etorkizuna eta Larraitz auzoko urbanizazio lanak dituzte esku artean.

Aurtengoa funtsezko urtea izango da Alegiarentzat plan orokorrari dagokionez. Udalak proiektu bat aurkeztuko du irizpideen arabera egokiena ikusten duena, eta hori herritarrekin kontrastatuko du, baita proiektu horrek eragin diezaiekeen lur jabeekin ere. “Behin betiko dokumentua zehaztu behar da, eta gero hori erakundeetara bidali, onarpen osoa izateko”, azaldu du Unai Iraola alkateak.

Plan orokorrari behin-behineko onarpena urtea amaitzerako ematea du asmoa udalak. Proiektua “fintzen eta finkatzen” ari direla azaldu du Iraolak, eta sozializazio eta parte-hartze prozesu baterako edukia lantzen ari direla. Edukien sozializazioa uda aurretik egin nahi dute, eta, ondoren, irail eta urri aldera, eduki horien inguruko erabakiak hartzea bilera edo tailerren bitartez.

Horrelako proiektu batek hainbat baldintzapen ditu, bai naturak edo ingurumenak jartzen dituenak, eta baita legediak zehazten dituenak ere. Baldintzapen horiek eta herriak dituen beharrak uztartzea eta hurrengo 15-20 urteetarako Alegia diseinatzea da plan orokorrarekin zehazten den lana. “Praktikara eramanik, Alegiak arazo estruktural batzuk ditu, eta behar batzuei erantzuna eman behar zaie. Adibidez, osasun etxerako kokapen berri bat bilatu behar dugu. Bestalde, plan orokorrak eskatzen du espazio bat aurreikusi behar dela etxebizitza berriak egin nahi badira”.

Lurzoru eraikigarria oso agortua dute herrian, izan urbanizatuta dagoelako, edo uholde arriskua dela-eta ezin delako eraiki. Urbanizatzeko aukera bakarrenetakoa futbol zelaia dagoen eremua da gaur egun. “Leku horretan proiektu urbanistiko bat aurrera eramanez gero, hau da, etxebizitzak egin, osasun etxe berria kokatu, lur azpiko aparkalekua izateko aukera… Ikusi egin behar futbol zelai berri baten beharra eta non joango litzatekeen. Horiek denak operazio handiak dira”.

Gai nagusietako bat osasun etxearen etorkizuna da. Osasun etxeko langileen eskaria “historikoa” da. Txiki geratu dela diote, eta aldaketa bat behar dutela. Beste arazo batzuk ere baditu, aparkalekuarekin eta iristeko erraztasunarekin lotuta. “Eskaintzen dugu beste alternatiba bat, edo Osakidetzak Tolosan dena zentralizatzeko erabakia har dezake, adibidez. Aukera emanez gero, hemen inbertituko du Osakidetzak. Ez badago aukerarik, edukiz husten joango da zentroa”. Udalak estrategikotzat jotzen du osasun etxeak Alegian jarraitzea, eta horretarako “esfortzua egiteko prest” daudela dio alkateak. Besteak beste, zerbitzuari beste kokapen bat bilatzeko. Alegialde guztia eta Legorreta hartzen du zentroak, eta herritarrek familia medikua eta pediatra zerbitzuak dituzte han.

Bestalde, Larraitz auzoko mendebaldean urbanizazio lanak egiteko lanketa gauzatzen ari dira. “Hobekuntzarik egin ez den leku bat da auzoaren zati hori. Zoladura eta espaloiak egoera txarrean daude, eta baita zenbait azpiegitura ere”, zehaztu du Iraolak. Hirigintza proiektu bat aurreikusita dago, eta auzokideekin kontsultatu nahi dute, ez bakarrik mendebaldekoa, baita auzo guztia kontuan hartuta ere.

Beste hainbat egitasmo

Plan orokorrarekin zerikusi zuzena ez duten hainbat egitasmo ere nabarmendu ditu Iraolak. Esaterako, kultur eta kirol etxean egin diren zenbait aldaketa. Eraikinaren goiko eremuan gela batzuk egokitu dituzte jarduerak egin ahal izateko. Bestalde, haur eskolaren gainean geratzen den eremu handi bat bi gelatan banatu dute, hainbat jarduera egiteko. Horrez gain, gimnasioan sartzeko txartel elektronikoa jarri dute bazkideentzat. Modu horretara, asteburuetan eta eraikina itxita dagoen ordutegian, bazkideek gimnasioa erabili ahal dute. “Batetik, espazio falta zegoen, eta, bestetik, ordutegi zabalagoa izateko beharra. Egindako hobekuntzekin arazo horiek arindu ditugu”.

Franconi etxea herri proiektu gisa interesgarria dela esan du Iraolak: “Alegiak erabilera publikorako berreskuratu duen gune bat da”. Eraikina egokitu dute Gaztelekua martxan jartzeko, eta etxebizitza tutelatu bat izateko lekua hartu dute. Hiru logela ditu, eta egun bi erabiltzaile daude etxean, horietako bat alegiarra eta bestea altzotarra. Izan ere, etxearen kudeaketa Alegiako eta Altzoko udalen artean egiten dute.

Herritarren parte hartzeari dagokionez, orain gutxi bukatu den aurrekontu parte hartzaileen bigarren prozesua azpimarratu du Iraolak. 30.000 euro zein proiektutan inbertituko diren erabaki dute herritarrek. “Ekarpenak egin dituzte; zailagoa izan da bilera presentzialetara etortzea. Garrantzitsua iruditzen zaigu denon baliabide ekonomikoak nora bideratzen diren herritarrek erabakitzea, eta ez bakarrik udalak. Eta gero herritarrek ikustea hartzen diren erabakiak aurrera eramaten direla”.

Herritarrentzat dagoen baratze parkea ere aipatu du Iraolak, eta izena ematera animatu ditu alegiarrak: “Partzela batzuk libre daude, eta aukera oso ona da bere baratze propioa izan nahi duenarentzat”.

Beste egitasmo baten berri ere eman du alkateak. Izan ere, Ongizate Batzordea antolatu dute aurten, bere aurrekontuarekin. Genero berdintasuna eta aniztasuna lantzea du helburu. Nukleo eragile bat osatuta dago: gizarte zerbitzuetako teknikaria, gazte teknikaria, kultura teknikaria eta alkatea. Osasun etxeko eta eskolako ordezkariak ere horretan izatea nahi dute, eragile gehiagok parte hartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.