Maite Alustiza
“Orain, hemen, suizidioari aurrea hartzen ari gara, komunikazio ekintza hau prebentzioa da. Gutariko bakoitza da agente antisuizida bat”. Mediku psikiatra da Mercedes Navio, Madrilgo osasun zerbitzuko langilea. Donostiako San Telmo museora bildutakoei ari zaie hizketan, Gazteetan suizidio arriskua detektatzea eta prebenitzea hitzaldian. Suizidioari aurre egiteko “radarrak” falta direla dio, suizidioaren ondorioak “tragedia izugarriak” direla; hala ere, ezinbestekotzat du prebentzioa lantzea eta, bereziki, gaiaz hitz egitea: “Isiltasunaren eta zarataren artean, badago modu bat suizidioaz hitz egiteko”. Naviorekin batera, Julio Guija Sevillako Unibertsitateko irakasle eta auzitegi medikuak parte hartu zuen mintegian, joan den ostiralean.
Tabua da biek gehien darabilten hitzetako bat. Suizidio kasuengatik izaten den dolua gogorrenetarikoa dela dio Naviok, are gehiago gertuko batena denean. “Ez dut arinkeriaz aritu nahi, baina suizidioa armairu sozialetik atera behar da; inork ez du sartu nahi. Gizarte moduan kulpa sentimenduak oso indartsuak dira”. Garaiak aldatu arren, Naviok hainbat hamarkada egin du atzera egungo egoera arrazoitzeko: “Duela 50 bat urte norbere burua hiltzea delitua zen, eta bekatua. Lortzen ez zuena kalabozora zihoan. Tamalez, zigor horren izaera sinbolikoa ez da aldatu”.
Guijak gertutik ezagutu du senideekiko harremana, errudun sentitze hori. Autopsia psikologikoak egiten ditu, eta horietan, heriotza gertatu eta hilabete batzuetara biltzen da familiarekin, sei-zortzi hilabetera. “Emozioak deskargatzera datoz, kulpa sentimendua dute, are gehiago hildakoa semea edo alaba badute. Esaten dute: ‘hura esan zidanean beste hura esan nahi zidan, eta ni ez nintzen konturatu…'”. Bizpahiru orduz hitz egin ondoren elkarrizketak balio ote dien galdetzen die: “Ia denek baietz diote, sentitzen dutena esan ahal izan dutela”.
Eskolan ere dolua lantzea garrantzitsua dela uste du Naviok, hildakoa eskolako kide bat denean ere. “Isiltzeak fantasiak elikatzen ditu, eta aukera dago gertatutakoa guztiz gaindituta ez geratzeko”. Suizidioaren inguruan dagoen mito bat gehitu du Guijak: “Uste da gaiaz hitz egiten badugu horretara bultzatzen ari garela”.
Gertatu ez dadin, ordea, prebentzioa posible da: “Aurrea hartu dakiokeen heriotza da suizidioa”. Eta, horretarako, bi gako aipatu ditu Guijak: arazoa kuantifikatzea eta arrisku faktoreak zeintzuk diren identifikatzea. Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen artean heriotzaren bigarren kausa da suizidioa mundu osoan —2012ko datua da—. Dena den, datuak zuhurtziaz hartu behar direla dio, beti ez baitira errealitatearekin ondo egokitzen.
Arrisku faktoreak
Jokaera suizidan eragina duten arrisku faktoreei dagokienez, berriz, hiru talde bereizi ditu: indibidualak, familiakoak eta inguruari lotutakoak. Argi utzi du hasieratik: “Suizidio baten atzean ez dago kausa bakarra”. Indibiduoari lotutakoen artean zerrendatu ditu suizidio aurrekariak izatea, nahasmendu portaerak, faktore biologikoak… Familiakoen artean, besteak beste, senide baten suizidioak izan dezakeen eragina nabarmendu du: “Hildakoa aita izan bada, bi aldiz biderkatzen da arriskua; ama izan bada, aldiz, bost bider”. Guraso eta nerabearen arteko harreman gatazkatsuak eta gurasoak banantzea ere arrisku faktore izan daitezke, baina betiere “beste patologiei lotuta doazenean”. Berdin gertatzen da bullying-arekin inguruari lotutako faktoreetan, Naviok gaineratu duenez: “Bullying-a ez da kausa bakarra, baina bai suizidio asko lasterragotzen dituena”.
Posible al da portaera suizidari aurrea hartzea? “Datuek baietz diote”. Guijaren ustetan, beharrezkoak dira ezagutza eta kontzientziazioa. Prebentzioaren globalizazioaz hitz egin du: “Suizidioa ez dagokio osasun sistemari bakarrik; lehen mailako arreta zerbitzuari, irakasleei eta gizarte langileei ere badagokie”.
Prebentzioa lantzerakoan ere, hiru maila bereizi ditu: lehen mailakoa litzateke jokaera suizida agertu aurreko fasea; bigarren mailakoa, agertu denean tratamendua jartzea; eta hirugarren mailakoa, tratatu ondoren jarraipena egitea.
Bat dator Navio, eta erakundeen ekintza faltaz kexu da: “Badakigu zer egin behar den, baina ez dago borondate politiko argirik, eta gizartea ez da ondo egituratzen. Nekatuta dagoen jende asko topatzen dugu eskoletan, Polizian, farmazietan… Egunerokoan lanean ari dira, baina kostu eta boluntariotza handiarekin. Sare handi bat osatu behar dugu, eta hori gutako edonork ehun dezake”. Sare horretan barruan hedabideak “aliatu handienak” izan beharko liratekeela uste du: “Oso tristea da gaiari ematen zaion trataera; kasu konkretuetan agertzen da, eta xehetasun morbosoekin askotan”.
Leave a Reply