Jon Miranda
Kareharrizko erliebe karstikoa eta 2.158 hektareako eremua duen Hernio-Gazumek balio handiko paisaia multzoak ditu. Paisaia horietan arriskuan diren fauna espezie batzuk daude: hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak, saguzarrak eta hegazti harrapariak. Europako Batasuna aspaldi biodibertsitatearen galera antzematen hasi zen bere lurraldean. Arazo horri aurre egiteko, espezieak eta horien habitatak babestea erabaki zuen, eta Natura 2000 Sarea eratu. Kontserbazio bereziko eremuek (KBE) osatzen dute sarea, eta eremu horiek Europako Batasunaren zuzentarauaren arabera kudeatu behar dira. Eusko Jaurlaritzak 2013ko apirilean eman zion izendapena Hernio-Gazumeri. Kontserbazio bereziko eremua izanik, Alkizan garrantzia eman nahi izan diote arlo horri, Jon Umerez alkatearen esanetan: “Iruditzen zaigu erpin hori baliatu behar dugula herrian, hori baita garapen integralagoa lortzeko modua”.
Ingurunearen balioa ezagutarazteko asmoz, Fagus Alkiza Hernio-Gazumeko interpretazio zentroa zabalik dute udaletxeko goiko solairuan. Biodibertsitateari buruzko informazioa aurki daiteke erakusketan, baita mendigunean egin diren eta egiten ari diren kontserbaziorako lanak ere. Gainera, ikusgai dira bertako baso eta kobazuloen erreplikak. Udaletxeko teilatua eraberritzeko lanek iraun duten bitartean, instalazioa moldatu eta baliabideak gehitu dizkiote erakusketari. Astelehenean erakutsiko diete herritarrei espazio berria, otsailaren 29an, 19:00etan.
“Interpretazio zentrotik harago, bisitaria mendira bidali nahi dugu, aberastasun hori bertatik bertara ikus dezan”, dio Umerezek. “2014an berritu genituen Herniorainoko mendi bideak, eta eremuan aurki ditzakegun habitat eta espezie babestuen inguruko informazioa jaso genuen seinale eta panel informatiboetan. Interpretazio zentroko erakusketarekin batera, eskola taldeek edo interesatuek txango gidatuekin osa dezakete bisita”.
Ez da Alkizako lurretan egin daitekeen ibilbide bakarra. Iazko uztailean, Tolosaldea Tour-ek seinaleztatua zuen bide bat baliatu zuten Alkizako baserri paisaiak bisitatu eta horren inguruko gogoeta bultzatzeko. Udalaren eta Tolomendiren proiektua da bidea. Iker Karrera eskualdeko landa garapeneko elkarteko arduraduna da: “Paisaia horiek ez dira zerutik erortzen. Norbaitek egin du lana ganaduarentzat belarra prestatuz edo soroan barazkiak ekoitziz. Lan horien guztien ondorioa da paisaia, eta bistakoa da baduela bere balioa”.
Egun baserriak pairatzen duen egoera kontuan hartuta, Fagus Alkiza zentroak hausnarketarako gune eta aukerak bilatzeko abiapuntu ere izan nahi du. Honela dio Umerezek: “Alkizarrontzat nortasun elementu garrantzitsua da kokatuta gauden tokia, eta horrek izan behar du herriaren garapenerako motore”. Bide berriak topatzeko ahalegina egin dute, adibidez, Garaikoetxea baserrian. Han ekoizten dute Inazio Urruzola txakolina. Garai batean, sagarrondoz inguratuta zegoen baserria, eta mahastiz apainduta ikusten da gaur egun.
Naturaren eta gizakiaren arteko harremanetik sortutako kultura, hori dute hirugarren ardatza Fagus Alkiza proiektuan. Gizakiak ingurunearekin izandako harremanetik sortu diren kultur ondasunek —txondorra, karobia— tokia dute interpretazio zentroan. “Belaunaldi berriei erakutsi nahi dizkiegu horiek denak, kontuan harturik garaiak aldatuz doazela, eta horrekin batera ohiturak, ingurumenarekiko harremanak, kontsumoa…”.
Eskola herriko eragile
Alkizak 375 biztanle inguru ditu, eta hirutik bat adingabea da. Horregatik, herriko eskola txiki geratu zaie. Eraikina zahartua dago, eta ez ditu beharrezko baldintzak betetzen: “Aspalditik gabiltza arazo horrekin bueltaka. Bere garaian, proiektu berri bat egitera iritsi ginen, baina, azkenean, bertan behera geratu zen. Eraikuntza berri bat nahi genuke guk, edo behintzat behin betiko soluzioa ematea auziari”. Urte hauetan guztietan udalak bere esku dituen lokalak eta espazioak egokitu ditu, eskolak erabil ditzan. Zortzi urte dira Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan direla irtenbide bat bilatu nahian, eta gaur bertan Lakuan dute bilera eskolako arduradunek.
Bien bitartean, leku estu batean baina bizi jarraitzen dute ikasleek. Eskola orduetan plazan lasai jolasean ibiltzeko gogoak bultzatuta, Alkizako herri eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek galdeketa bat bultzatu zuten aurreko udazkenean. Eskola orduetan plaza oinezkoentzat itxi nahi ote zuten galdetu zieten hainbat herritarri; %87,5ek baietz erantzun zuten. 104 herritarrek parte hartu zuten galdeketan.
Emaitza udalaren esku utzi zuten, eta azaro amaieran etorri zen baiezko erantzuna. “Udalak behin baina gehiagotan egin die dei plazaren erabiltzaileei arazoari irtenbidea emateko. Hain zuzen, guraso eta eskolako langileak baitira, gehienetan, arazoa sortzen dutenak. Guk egindako deiak ezer konpontzen lagundu ez duenez, ikasleek galdeketan ateratako emaitzaren babesarekin udalari egindako eskaera aintzat hartu eta neurri batzuk hartzea erabaki dugu”. Abendu hasieratik eskola pareko plazaren zatia ibilgailuentzat itxita dago eskola orduetan —bizilagunentzat izan ezik—.
Leave a Reply