Maite Alustiza
Lehen gauza kalterik ez egitea da. Hipokratesena da Primum non nocere medikuntzako printzipioa. OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak bere egin du esana, eta hainbat ikerketa zientifiko aztertu ondoren atera du ondorioa: erraustegiak kalteak eragiten ditu osasunean. Taldeko medikuetako bi dira Jose Luis Paulin eta Koro Zabaleta, eta Hernanin izan dira aste honetan, Biteri kultur etxean. Osasuna jarri dute lehentasun: “Gure agintarien erantzukizuna da herritar guztien osasuna babestea”.
2000ko urteen hasieran piztu zitzaien jakin-nahia, errausketak osasunean kalteak eragin zitzakeela entzun zutelako. Hainbat dokumentu eta argitalpen aztertu ondoren, ohartu ziren ez zela susmoa, errealitatea baizik. Hala, manifestu batean bildu zuten aurkitutako informazioa, eta Gipuzkoako 500 osasun langileren baino gehiagoren babesa jaso zuten. “Inork ez zuen zalantzan jartzen hor baieztatzen zena”.
Paulinek dioenez, erraustegiaren aldekoek ere ez zituzten datuak ukatu, baina argudio nagusi bat zuten, alde agertzeko: “Esaten zuten azken belaunaldiko erraustegiekin ez zela kalterik egongo. 2002-2004 urteak ziren; geroztik, ikertzen jarraitu dugu, eta gerora egindako ikerketek diote arazoek hor jarraitzen dutela”. Bat dator Zabaleta: “Hau ez da telefonoak bezala, urtarrilean bat erosi eta urrirako berriago bat dagoela. Hemen azken erraustegiak 2000. urtekoak dira”.
Erraustegiaren alde esaten diren hainbat baieztapen baliatu ditu Zabaletak azalpenak emateko. Batetik bederatzira zerrendatu ditu.
Bat. “Diote birziklatu ezin dena soilik erretzen dela, produktu toxikoak ez daudela. Gezurra da: erraustegira iristen den guztia erre egiten da; gainera, bereizi gabe”. Paulinek Bilboko Zabalgarbi errauste plantan ikusi ahal izan zuen bertatik bertara: “Denetik zegoen han: plastikoa, papera, jostailuak, tresna elektronikoak… Dena barrura zihoan, labera”.
Bi. “Isuriak kontrolatu egiten direla diote. Teknikoki ezin da egin, ezin da 24 orduz kontrolatu tximiniatik zer ateratzen den… ez da erreala”.
Hiru. Kontrolen fidagarritasuna zalantzan jarri du Zabaletak: “Kontrolak egiten dira, baina aldez aurretik abisatu egiten dute; halako egunetan eta ordutan egingo dugu ikuskatzea. Egun horretan denak primeran funtzionatzen du, eta kito”.
Lau. “Esaten dute iragazkiak azken belaunaldikoak direla, eta ez dela ezer isurtzen. Iragazkiak dira, ez tapoiak. Zulotxoak dituzte; nahiz eta oso txikiak izan, beti egongo dira mikropartikulak, gutxienez. Mikropartikulak izateak ez du esan nahi ez direla osasunarentzat txarrak”.
Bost. “Energia berdea lortuko dela uste dute, baina dena erretzeko, gasa erabiltzen dute. Zabalgarbin ikusi dugu energia asko ateratzea zutela helburu, baina ez dutela ezer ateratzen, gastatu egiten dutela. Tenperatura oso handia behar dute erretzeko, eta gasa erabiltzen dute”.
Sei. “Diotenez, legez ezarrita dauden igorpen kopuruak errespetatzen dira, baina ez dugu ezagutzen kopuru segurua zein den. Naturak ez du irakurtzen gizakiek idazten duguna; natura natura da, eta zifrak guk jartzen ditugu”.
Zazpi. Errausketarekin zabortegirik ez dela behar esatea okerra da Zabaletarentzat. Haren arabera, erraustegian ateratzen diren toxikoak norabait eraman behar dira; “berez, legez”, zabortegi bereziak daude.
Zortzi. “Esaten dute Europan erre egiten dela gehien birziklatzen den tokietan. Guk dakigunez, Danimarkan gutxi birziklatzen dute, eta asko erretzen da”. Kontuan hartzekoa da, OEITko medikuen ustez, Europako Parlamentuak 2012an onartutako ebazpena: zabortegi eta erraustegiak apurka desagertzea aipatzen du ebazpen horrek. Paulinen arabera, “zaila da ulertzea, Europak hori esanda, erraustegirik ez dagoen toki batean erraustegia egitea proposatzea”.
Bederatzi. Beste industria batzuek ere kutsatzen dutela diotenen argudioa. “Guk ez dugu kutsatuko duen beste bat nahi; horrek ez du justifikaziorik. Beste zerbait egongo da”.
Tabakoa eta efektuak
OEITko medikuek diotenez, urte asko behar dira efektuak egiaztatzeko; “ezin da hamabost egunez edo urtebetez behatu eta ondorioak atera”. Tabakoarekin konparatu du Paulinek: “Erre edo ez erre, denek dakigu tabakoa txarra dela. Eta posible da guztiok ezagutzea bizitza guztian erre duen norbait, ezer gertatu ez zaiona. Baina osasun arazo bat izan duen erretzaileari, 10-15-20 urteren buruan hasi zaizkio kalteak agertzen”.
Errauste planten eragina aztertzean ere beharrezkotzat jo du urte kopuru bera ikertzea, benetan kaltegarria dela egiaztatzeko. Gutxieneko pertsona kopuru bat ere behar du ikerketak, estatistikoki baliagarria izan dadin.
Aztertu dituzten ikerketen artean, Espainian 2012n egindako bat aipatu du Paulinek, “kalitate handieneko bat”. Behaketa horrek hala dio: hilkortasuna, minbiziagatik, igo egin da erraustegitik bost kilometroko erradio batean dagoen biztanlerian, gizon zein emakumeetan.
Planta batetik gertu eta haren eraginetik urrun daudenen artean, honako konparaketa hau egin du: gibeleko ehun minbizia dauden tokian, 129 egongo dira; birikako ehun minbizia daudenetan, 114; eta leuzemiaren ehun kasuren tokian, 121. Erraustegiek isurtzen dituzten gasak askotarikoak dira: metal pisutsuak, dioxinak… “Hori guztia airera doa, urera, lurrera; animalietara pasatzen da, landareetara… Dioxinak munduan egon daitezkeen pozoirik garrantzitsuenetako bat dira”.
Minbizia izan gabe, Paulinek ohartarazi du metal pisutsuek —bromoak, merkurioak…— patologia batzuk eragin ditzaketela, neurri ezberdinetan: “Batzuetan, diabetes bat izan daiteke. Sinplea irudi dezake diabetes batek, askotan gehiegi pentsatzen baitugu minbizian eta abarretan, baina egunerokoan gehien kezkatzen gaituzten beste gaixotasun batzuk baditugu hor. Ez dugu ahaztu behar kasu askotan inguruneko esposizioaren ondorio direla”.
Leave a Reply