Loinaz Agirre
Gipuzkoako herririk txikienetan hirugarrena da Altzaga, 167 biztanlerekin. Goierriren bihotzean dago, 279 metroko garaieran. Ordizian N-1 errepidea utzi, eta Aramatik gora GI-3871 errepidean joanda dago Altzaga herria. Altzagarate auzoan bukatzen da errepidea. Gipuzkoako ikuspegi ederra ikus daiteke handik.
1990ean Itsasondotik eta Aramatik bereiztea erabaki zenean, Altzagak ehun biztanle baino gutxiago zituen. XX. mendeko azken hamarkadan, herri kaskoan etxebizitza berriak egitea erabaki zuen udalak, biztanle kopuruari eusteko. Hala, 2000. urte inguruan, eskualdeko gazte ugarik aukeratu zuten Altzaga bizilekutzat. Pako Zubeldia udaleko administrariak dioenez, herritar gehiago gerturatzeaz gain, hainbat altzagarrek herrian bertan gelditzeko erabakia hartu du urteotan, etxebizitza berriei esker. Horren guztiaren ondorioz da Altzaga gaur egun 167 biztanleko herria. “Zazpi haur jaiotako urteak ere izan dira”.
Altzagan ez dago ikastetxerik, eta herriko haurrak Itsasondoko eta Ordiziako eskoletara joaten dira. Dena den, herriko haurren harremanak eta nortasuna sendotzeko, ludoteka egokitu dute. Larunbatetan elkartzen dira Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arteko haurrak.
Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik 18 urtera bitartekoentzat, gaztegune zerbitzua antolatzen ari dira, Artea elkartearen azpian dagoen gelan. Telebistarekin, ordenagailuarekin eta sukaldetxoarekin dute lokala egokitua. Orain, funtzionamendua adosten ari dira. 18 urtetik gorakoen elkargunea Artea elkartea da. Altzagako Olagi sagardotegia eta Altzagarateko jatetxea, berriz, altzagarren eta kanpotarren topaleku dira.
Gertu baina urrun
Garraioari dagokionez, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako autobus zerbitzuari esker, altzagarren bizi kalitatea hobetu egin da, neurri batean. “Aurretik txanda eskatuta, egunero 12 autobus ditugu jaisteko eta igotzeko. Gazteek eta gurasoek askatasun handiagoa dugu orain. Ordutegia oso zabala da”. Ordiziatik hiru kilometrora dago Altzaga. Zubeldiak dioen bezala, gertu daude, baina urrun: “Behin Arama pasatzen dugunean, txipa aldatu egiten dugu: deskonektatu egiten dugu herri handietako bizimodutik”.
Altzagak bizi egin nahi du, bizitasuna eduki. “Bizitzeko herri txiki polit bat da. Bizitzeko toki lasaia da; paisaia eta ibilbide ederrak dauzka”. Gaintza eta Baliarrain mugakideetara joateko oinezko bideak egokituta dauzkate.
Beste herriei batuta
Inguruko herriei lotuta egon da Altzaga urte eta mende askoan. XIV. mendean, 1399tik 1695era bitartean, Ordiziari batu zitzaion. 1615ean hiribildu titulua erosi, eta, urte horretan bertan, Itsasondo, Arama, Gaintza, Legorreta eta Zaldibiarekin batera, Oria ibaiko Batura osatu zuten. Guztiek elkarrekin Batzar Nagusietako ordezkaria partekatu, foru gehiago bildu, gastuak murriztu eta oihartzun handiagoa lortzea zuten helburua. 1845era arte iraun zuen batura hark.
Baina 1966ko otsailaren 5ean, udalerri txikia zela eta diru falta argudiatuta, Itsasondori batzeko eskaria egin zion Altzagak. 1967an onartu zuten eskaria, eta, 1990era arte, Arama ere tartean zela, herri bakarra osatu zuten: Hiruherri. 1990ean, udalerri bakoitzak bere bideari ekin zion. Dena den, oraindik ere zerbitzu asko partekatu egiten dituzte hiru herriek elkarrekin: udal administrazioan, medikua…
Urteen joan-etorrien gertakari guztiak San Migel elizaren atarian dauden arteek bizi izan dituzte. Gaur egun dagoen arteak 120 bat urte ditu; aurretik 300 urte bizi izan zenaren lekua hartu zuen. Gaur egungo arteak 3,60 metroko zirkunferentzia eta 16 metroko altuera dauka. San Migel eliza pasatu du dagoeneko altueran. Artearen itzala ederki aprobetxatzen dute altzagarrek, batez ere udako arratsalde beroetan. Han dago Antton Ibarguren mendizalearen oroigarria ere; 1989ko uztailaren 13an hil zen, Himalaian, Gasherbrum II mendiaren gailurrera (8.035 metro) iristea lortu ondoren, behera zihoala.
Leave a Reply