Julene Frantzesena
Eusko Jaurlaritza osatzen ari den suhiltzaileen lege proiektua hautsak harrotzen ari den honetan, hainbat suhiltzaile boluntariori harrera egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean. Urolako (Azpeitia), Goierriko (Ordizia) eta Korostiko (Legazpi) parkeetako hogei bat boluntario izan ziren omenaldian, eta egindako lana eskertu zien aldundiak. Izan ere, aurrerantzean ez da suhiltzaile boluntariorik izango parke horietan. Gipuzkoako Foru aldundia pausoak ematen ari da Suak Saihesteko eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Foru Zerbitzua osatzeko, eta bide horretan hartu du erabakia.
Suhiltzaile kaskoak kendu dituzten dozenaka gipuzkoarretako bi dira Iñaki Etxezarreta (Matxinbenta, Beasain, 1948) eta Iñigo Iriondo (Urrestilla, Azpeitia, 1962). Biak Azpeitiko suhiltzaile parkean aritu dira urteetan lanean. Etxezarreta 1991. urtean hasi zen boluntario lanean; urte batzuetara batu zen taldera Iriondo, 1995ean. Orotara, 25 eta 21 urte egin dituzte suhiltzaile lanean, hurrenez hurren. Urte horietan guztietan, lantaldeak ez ezik, lan egiteko moduak ere bilakaera izan duela diote biek: “36 boluntario izatera iritsi ginen, eta 13 izan gara azken urteetan. Hasieran, etxeetako eta basoetako suteez eta lokaletatik ura ateratzeaz soilik arduratzen ginen, eta, gerora, istripuetara-eta bertaratu behar izaten genuen. Profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen”.
Casto Orbegozo Enbil alkate zela sortu zuen Azpeitiko Udalak suhiltzaile boluntarioen taldea, 1922an. Etxezarretak dioenez, orduan “bitarteko askorik ez”, eta “ahal zen moduan” ibiltzen omen ziren. Urteek aurrera egin ahala, osatzen joan zen suhiltzaileen taldea, eta, 1983an, hitzarmena sinatu zuten udalak eta aldundiak. Akordio haren arabera, Azpeitiko suhiltzaileek Urola erdialdean lan egin beharko zuten aurrerantzean, eta udalak materiala ekarri beharko zien behar bezala lan egiteko.
Done Jakue kalean urteak igaro ostean, Azpeitiko Urola kaleko seigarren zenbakian izan zuten suhiltzaileek parkea egin bitarteko bilgunea. “1996an, berriz, istripuak eta suhiltzaile profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen. Gainera, kamioi berriekin hasi ginen lanean, praktikak-eta egin ondoren”, gogoratu du Etxezarretak. Iriondok dioenez, 2001a bitartean suhiltzaile boluntarioak soilik ziren Azpeitian. “Donostian, Zarautzen eta Irunen, adibidez, profesionalak ere baziren ordurako. Hala, 36 suhiltzaile boluntario aritu ginen urte haietan. 2001ean egin zen eskualdeko suhiltzaile parkea, Arria auzoan. Orduan hasi ginen profesionalak eta boluntarioak elkarrekin lanean”.
Orotariko aldaketak
Hainbat aldaketa eragin zituen suhiltzaile parke berria egiteak; hala nola lan taldea eta lan egiteko modua aldatu ziren. “Gertaeren aurrean, berdin-berdin jokatzen genuen profesionalek eta boluntarioek, baina, boluntario aritzen ginenok beste lanbide batzuk genituenez, taldeka eta asteka antolatzen ginen. Lauzpabost boluntariok urte osoa pasatzen zuten bilagailuarekin, eta asteka txandatzen zuten besteek”, azaldu du Iriondok. Azken urteetan gauzak aldatu egin direla dio Etxezarretak, eta boluntarioak “babesa” izan dira profesionalentzat: “Deia edo mezua jaso, eta denok parkera joaten ginen, baina, normalean, profesionalak lehenago iristen ziren gertaeraren tokira. Azken urteetan, profesionalen laguntzaile izan gara, eta irteera gutxi egin ditugu. Dena den, sute handi bat gertatutakoan, guri deitzen ziguten laguntzeko. Orain suhiltzaile parke asko dago inguruan, eta, Azpeitian sutea gertatzen bada, berehala hemen dira Zarauzko edo Tolosako suhiltzaileak; izan ere, oraingo errepideak ez dira lehengoak, eta garraioa eta materiala hobetu egin dira”.
Espero zen erabakia
Gerta zitekeen kezka zuten, eta Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak deitu zien erabakiaren berri emateko. “Azaldu zigun zergatia, eta harrituta gelditu ginen, baina tira. Finean, parkeak, bitartekoak, suhiltzaile profesionalak, mendikoak… arrazionalizatu egin nahi ditu aldundiak. Panorama horrekin aurkitu gara, eta gu izan gara ondorioak jasaten aurrenak”, diote aldundiak boluntarioen figura desegiteko hartutako erabakiaz.
Halaber, Etxezarretak esan du ez daudela ados Azpeitiko Udalak eurekin izan duen jokabidearekin: “Ez digu kasurik egin; gutun bat soilik bidali digute. Ez dakit ahaztua zuten suhiltzaile boluntarioak bazirela herrian edo zer. Bere garaian, diputazioaren esku gelditu zen suhiltzaileen kontua, baina… Bazegoen kontu honi irteera ematea, eta prebentzioaren gaia lantzea, adibidez. Azpeitian oso gutxi landu da gaia, eta suhiltzaile boluntarioek egin zezaketen hori. Udalak gurekin elkartu eta gaiaz hitz egin behar zuen”.
Kaskoa kenduta
Kaskoa kendu badute ere, harekin itzuli ziren etxera aldundiko harreratik. “Etapa bat bukatu da, baina kaskoa gurekin daramagu, lehendik zituen kolpeekin-eta. Aurrerantzean, deituz gero, kaskoa jantzi eta joan egin behar al dugu?”, diote, barre artean. Urte hauetan guztietan izan dute anekdota eta pasadizorik: “Kamioi zahar-zahar batean abiatu ginen behin Beizamara, baserri bat erretzen ari zela-eta. Noizko ailegatu… Iritsi eta belarriak tapatu behar izan genituen: hori da maldizio pila. Azkar erantzun behar zaio suari, eta nahia eta ezina sartzen zaizkizu gu bezala kamioian ttirriki-ttarraka makal-makal zoazenean. Egun hura ez dut sekula ahaztuko”, dio Etxezarretak.
Beste behin, Oranda aldean “estutasun ederra” pasatu zutela dio Iriondok: “Mendian sua piztu zen, eta hara joan ginen. Kamioiko ura gastatu zitzaigun, eta sua genuen goitik eta behetik. Inguratu egin gintuen, eta ezin genuen alde egin. Haizea aldatu zen halako batean, eta azkar alde egin genuen handik”.
“Une gogor asko” pasatu badituzte ere, oso esperientzia aberatsa izan dela dio Iriondok: “Taldean gustura ibili naiz. Ederra da suhiltzaile izatea, baina arriskua du. Aro bat bukatu da; gure eskuetan zegoena egin dugu. Mundiala izan da esperientzia, eta berriz ere errepikatuko genuke”.
Leave a Reply