Ikerketa bekak

Hernaniko Berdintasun Sailak ematen duen ikerketa bekarekin egindako hirugarren lana da Ilunpetik argitara liburua. 14 urte dira lehen deialdia egin zutenetik, eta 12 urte Ahotsak izeneko liburua kaleratu zutenetik. Bien artean, liburura eraman ez zuten ikerketa lan bat dago (La historia ignorada). Herenegun, Ilunpetik argitara liburuaren aurkezpenean, laugarren bekarako deialdia egin zuten.

Lehenengo beka   
Ahotsak. Emakumeak Historian. Hernani (1936-1970). Usoa Barrutiabengoa Olazabal, Nerea Elias Muxika, Garoa Gonzalez Fernandino eta Araitz Rodriguez Gutierrez izan ziren liburuaren egileak, eta 2004an atera zuten argitara. Euskaraz egindako lana da, baina gaztelerara itzulita ere argitaratu zuten.
Edukia. «Ikerketa honen helburua Hernaniko emakumeen historia berreskuratzea da; orain arte ahotsik izan ez dutenei ahotsa ematea. Horretarako, ezinbestekoa da  historia genero ikuspegitik lantzea», dio liburuaren sarrerak. 1936ko gerratik industrializaziora eta frankismoaren azken urteetara bitarteko tartea hartzen du lan horrek, eta lekukotza bitartez harilkatuta dago liburua. Emakumeek garai hartan egindako ekarpenak hiru bizi-estrategia ardatz hartuta aztertzen dira: nekazal produktuen merkaturatzea, estraperloa eta apopilotza.

Bigarren beka   
La historia ignorada. Una visión sobre el papel de las mujeres en la vida pública de Hernani (XVI-XIX). Miren Aintzane Egiluz Romero historialariak egin zuen lan hau, Berdintasun Sailaren bigarren bekarekin. Ikerketa lana ez zen liburu gisa argitaratu, baina kontsultagai dago beraien webgunean.
Edukia. Lekukotzarik ezean, artxibategietan arakatuz gauzatutako lana izan zen batik bat, historia liburuetan ez baitzegoen Hernaniko emakumeei buruzko aipamenik, bizitza publikoari dagokionean. «Udal administrazioa soilik haien zerbitzuak kontratatzeko behar gorrian zegoenean oroitzen zen emakumeez (eta beti gizonei baino okerrago ordaindutako lanetan), edo haiek zentsuratzeko beharra ikusten zuenean eta indarrean zeuden irizpide moralei men eginarazi behar zitzaienean». Egileak dioenez, honakoa da ikerketaren ondorio nagusia: «XVI. eta XIX. mendeen artean, Europan emakumeen kontra bizi zen errepresio testuinguru orokor baten barruan, Hernaniko emakumeen bizimodua izaera tradizionalista zuten ideia kontserbadoreek zehazten zuten, eta herriaren ekonomian eta kulturan landa ingurune bat izateak izandako eraginak betikotu zuen egoera hori».

Hirugarren beka   
Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan. Hernani 1939-1975. Maialen Apezetxea Lujanbio eta Mikel Ozaita Azpiroz antropologoek egin dute lan hau. 2012an hasi eta 2014ko abendua bitartean 19 elkarrizketa egin zituzten, eta «etxez etxe eta atez ate» ibili ziren, Hernaniko emakumeek etxean gordeta zituzten argazkiak bilatu nahian. Emakumeak lanean edo lan giroan ageri diren argazkiek ematen diote garrantzia lanari, «horrelako argazkirik ez baitzegoen artxibategietan orain arte», baina baita emakumeek beraiek emandako azalpenek ere.

 
Laugarren beka, deialdia
Emakume hernaniarrak plazara. Laugarren ikerketa bekarako deialdia egin zuen herenegun Hernaniko Berdintasun Sailak, Ilunpetik argitara liburua aurkeztearekin batera. «Hernanin izandako emakume esanguratsuen bizitzak ikertu eta plazaratzea, beraien biografien bitartez» da bekara aurkeztu nahi dutenek landu beharreko gaia. Proiektua aurkezteko epea apirilaren 4an amaituko da, eta bekaren zenbatekoa 9.000 eurokoa da. Hernaniko kale izendegian emakume erreal bakar bat ez agertzeak eraman zituen udaleko Berdintasun Saila eta Berdintasun Kontseilua honako deialdia egitera.