Kendu luntx hori nire bistatik

Danel Agirre

Duela bi aste jokatu Saskibaloiko Espainiako Kopan, kreditazioa jaso, Diario Vasco-ko ezagun bat agurtzea saihesteko ez ikusiarena egin, prentsako tribunan eseri, eta pipertuta topatu nituen inguruko kazetariak. Jangela eraikin kaotikoaren kontrako aldean ipintzea nahikoa laido ez, antza, eta doako catering-a ere joan den urtekoa baino dezentez sustantzia gutxiagokoa omen zen. Bizarra zuen betaurrekodun bat sutan zegoen, antolatzaileen aurka matxinatzeko prest. Kideekin beste behin lotsatu nintzen ni. Kortesiazko mokadu horiek bilatu ere ez egitea erabaki, eta koka-kolak eta urdaiazpiko zaporezko patata zorroak guztiok albo-alboan genuen tabernan kaleko jende normalak erabili ohi dituen txanponekin erosiz igaro nuen asteburua.

Ordaindu behar ez duten kanape bat usaintzearekin bulimiko bilakatzen diren piztia horiek direla eta, toki goibelak dira luntxak oso. Eta pertsonaia mitologiko asko eman dituzte gurean. Anoetako palkoa ixtera zihoazen bakoitzean kakahuete platertxoa jakako poltsikoan hustu ohi zuen politikari moztaka, adibidez. Edo Donostiako kultur arloko aurkezpen guztietara letaginak zorroztuta agertzen zen editorea. Horiek irribarrea eragin izan didate. Antzeko pasadizoetan nahasten direnak kazetariak direnean, nire odoleko jendea, umorea ozpintzen zait.

Gogoan dut ekainero bezala Bartzelonako Sonar jaialdira bertaratu eta betidanik prentsarentzat erdi prezioan saldu ohi zituzten garagardoak kendu zituztela egiaztatzea. Ezin logikoagoa iruditu zitzaidan murrizketa: urte asko ziren profesionalek lagunekin edo dantzan ari ziren neskekin sinpatikoarenak egiteko garagardo horiek launaka eskatzen zituztela. Egunkari edo aldizkari baten txartela zintzilik eduki eta total eginda ibiltzen zirenak ziento bat izaten ziren. “Akreditauak zeate okerrenak!“, Ikerren akusazio klasikoa.

Kazetariok zuzenak izan bakarrik ez baizik zuzen plantak ere egin behar ditugula ulertzea hamabost bat urte kostatu zait niri. Gogoan dut prentsaurreko batean eman zidaten lehen oparia: kutxa beltz dotore bat, edizio bereziko Idiazabal gazta batekin. Harro erakutsi nien gurasoei, ofizio bikaina aukeratu nuela sinetsita. Kanpoan erregaliarik ez zegoenean etxean bilatzen zituenetakoa izan nintzen luzaroan. Autorako musika BERRIAko biltegitik lapurtutako CDetan grabatzen nuen, esaterako.

Lehen, ekitaldi garestietako sarrerarik batere ez ordaintzeko kreditazioa eskatu, eta gero ez nuen inongo artikulurik idazten. Askoz hobe sentitzen naiz, bai horixe, maionesa susmagarrizko pintxo pare bati uko egitearekin batera nire zutabetik beste kazetariak kritikatzeko nagusitasun morala eskuratu dudanetik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.