Ezer bota gabe atera behar da akaina, pintzekin

Oraindik orain, Euskal Herrian ez da martxan jarri akainek heltzen duten kasuetarako protokolorik. Bidasoaldeko Ospitaleko larrialdietan galdetuta, Interneten kontsultatzen dutela adierazi dute, eta animali horiek azaletik askatzeko mediku batzuek olioa eta beste batzuek alkohola erabiltzen dutela. Espainiako Estatuko Lyme gaixoak biltzen dituen Alce elkartearen arabera, akats handia da hori: «Ez da ezer eman behar, ez oliorik, ez alkoholik, ez baselinarik. Akaina erasotua sentitzen da eta pozoi gehiago botatzen du, erasoari erantzuteko».
Ezer bota gabe, animaliekin erabiltzen diren pintzarekin atera behar da akaina, «burutik ahalik eta gertuen hartu eta kanpora tira». Horrela, murriztu egiten da Lyme, tularemia edo bestelako gaixotasunak garatzeko aukera.
Akainak askatzen jakitea bezain besteko garrantzia du Alce elkartearentzat, zauria tratatzea. «Inportantea da pertsonaren jarraipen bat egitea, infekzioa ote den kontrolatu», argi du Fernandez Dorronsorok. Bederatzi urteko neskato hari ez zioten kontrolik egin, eta horrek eragin zuen hogeita bost urtez luzatu den oinazealdia.