Asier Zaldua
Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek… Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.
Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.
Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.
Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.
Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. “Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu…”.
Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. “Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean”.
Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: “Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu”.
Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.
Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.
Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan…
2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.
Leave a Reply