Maite Alustiza
“Hogei urtez artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman ditut. Horietako askok ezohiko itxura dute, musikan erabiltzen ditudan antzeko metodoak baliatu ditudalako”. Horrela hasten da John Cageren Silence liburuaren hitzaurrea. Donostiako Koldo Mitxelena kulturunera doan edonork irakur dezake egunotan, gaztelaniazko bertsioan. Baina baldintza bat dago: ozen irakurtzea. Argi gutxiko gela batera sartu, aulki batean eseri, eta bi mikrofonoren aurrean liburua irakurtzen hastea proposatzen du Mikel R. Nietok. Gelaren kanpoan dagoen taulan oharra egiten du artistak: “Soinuaren aldez aurretiko baldintza isiltasuna da”.
Gipuzkoako Artista Berrien erakusketako sorkuntzetako bat da Nietorena. Harekin batera, beste zazpi artista gazteren lanak bildu dituzte kulturuneko erakusketa aretoan, apirilaren 30era arte. Sarrerako azalpenak argi uzten du: ez dira ikusteko lanak bakarrik. “Sumatu daitezke, sentitu, eta zenbait prozesutan sartu”.
Ez dira ikusteko bakarrik, eta ez dira zerbait homogeneo ere. Formatuari, ideiei eta teknikei dagokienez, askotariko proposamenak bildu dituzte: “Mundua hartzeko erak eta bertan eragiteko moduak”, Leyre Goikoetxea erakusketako komisarioaren arabera. Aldundiak bultzatu du egitasmoa, eta programan parte hartu duten artista guztiek 35 urte baino gutxiago dituzte, Gipuzkoan jaioak dira edo deialdiaren aurreko hamabost urteen barruan gutxienez hiru urtez egoitza Gipuzkoan izan dute.
John Cageren liburuak isiltasuna dioen arren, aldameneko gelan musika ez da geratzen. Balsa etengabekoa da Ivan Gomez artistaren espazioan. Bideoak eta irudi geldiak jarri ditu alde batean; bestean, berriz, partitura bat paretan zintzilik, eta lurrean, hondar grisa, pilatuta.
Ez da erakusketa areto osoan soinua entzuten den espazio bakarra. Gomezenaren parean, Elisabeth Dominguezen gelan, badirudi norbait dagoela, baina ez dago. Telebista batetik dator soinua: oin batzuk ikusten dira, zapatiletan eta mugimenduan. Inguruan, aldiz, igeltsuzko eta zementuzko eskulturak eta hitzak. Alderantziz gertatzen da aldameneko gelan: badirudi ez dagoela presentziarik, baina badago. Julen Garciak sortutako irudietako batean mutil bat mugitzen ari da, lehen planoan, pantaila handi batean. Irudiak erabili ditu bere lanetan, eta “barne hartzeko eta kanpoan uzteko gaitasuna duten osagaiak” agertzen dituzte.
Instalazio interaktiboak ere badira; Izaskun Alvarezena, adibidez. Gelaren kanpoaldetik taupadak entzuten dira; barruan, aldiz, iluntasuna, eta kolore arrosez argiztatuta dagoen #SyntheticLove hitza. Horrela, “habitat ezberdinen arteko konexioak” landu ditu Alvarezek, “pertsonak eta bioerritmoak”.
Supplement izena jarri dio Ane Meokik bereari. Tinta eta akuarelak dira paper gainean, hedabideetan inspiratutako marrazkiak, “irudi artxibo pertsonal baten irudikapen bat”.
Sari bereziak
Artista berrien programako zortzi artisten artean, epaimahaiak sari berezia eman dio aurten Nadia Barkateri. Erreferentzia psikodelikoen eta herri irudigintzaren arteko konbinazioan “marrazkiarekin izan duen konpromisoarengatik” saritu dute. Haren kalitate teknikoa ere nabarmendu dute. Aipamen berezi bat ere egin du epaimahaiak, Xare Alvarezentzat. Artistaren arabera, materialen fisikotasuna, haien zimurtasuna, karga historikoa eta bizi karga dira lanaren oinarri nagusia. Komisarioak honela laburbiltzen du: “Gizakiak naturari egiten dion erasoaren erregistro fisikoa”.
Leave a Reply