Amiantoarekin eta gai toxikoekin lotuta, hamaika araudi eta legedi onartu izan dira 1940tik Espainiako Estatuan, batik bat Francoren garaian. GEPEren arabera, enpresek ez zituzten lege horiek inoiz bete, ezta gobernuek betearazi ere, eta orain, horren ondorioak ari dira azaleratzen.
Laneko Segurtasun eta Higienerako Araudia (1940). 1940ko Ministerioaren Aginduak zioen lantegiak arduratu behar zuela bere lokaletan aire garbia mantentzeaz, langileen osasunari ez kalte egiteko moduan. Aireak langileen osasunari kalte egin ziezaiokeen kasuetan, neurgailuak eta analizagailuak jarri behar ziren, eta prebentzio neurriak hartu.
Gaixotasun profesionalak (1947). Asbestosia —amiantoak eragiten du— eta silikosia —silize hautsaren eraginez sortzen da— Gaixotasun Profesionalen Koadroan sartu zituen 1947ko urtarrileko dekretu batek.
Debekua emakume eta umeentzat (1957). Amiantoa atera, manipulatu eta ehotzeko lanetan emakumeak eta adingabekoak aritzea debekatu zuen 1957ko dekretu batek.
Osasun azterketak maizago (1959). Enpresako Zerbitzu Medikoen Araudian aldaketa egin zuten, gobernuaren agindu baten bidez. Gai toxikoekiko kontaktua Segurtasun Mugatik gertu zegoen kasuetan, enpresa behartuta zegoen osasun azterketen maiztasuna handitzera; sei hilabetean behin egin behar ziren, edo hilean behin.
Gehienezko neurriak (1961). Industria Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen Araudian airean silize eta amianto presentziaren gehienezko neurriak ezarri zituen, eta xurgatzeko eta arazteko instalazio eraginkorrak ipintzera behartzen zituen enpresak.
Azterketak sei hilean behin (1962). Asbestosia eta silikosia izateko arriskua zuten langileei sei hilean behin azterketa egiteko betebeharra ezarri zuen Gaixotasun Profesionalen Araudiak, eta, gaitza agertuz gero, enpresa langilea lanpostuz aldatzera behartzen zuen. 1978an amiantoarekin zerikusia zuten beste gaitz batzuk onartu ziren: biriketako minbizia eta mesotelioma, kasurako.
Eguneroko garbiketa, eta arropak etxera (1971). Laneko Segurtasun eta Higienerako Ordenantza aldatu eta enpresak tailerraren eguneroko garbiketa osoa egitera behartu zituzten, horretarako sistema eraginkorrak jarrita. Horrez gain, laneko arropak etxean garbitzea debekatu zuten.
Enpresen erregistroa (1982- 1984). 1982ko eta 1984ko gobernu aginduen arabera, enpresek izena eman behar zuten RERA izeneko erregistroan, eta amiantoarekin kontaktua zuten langile guztien zerrenda egin behar zuten. Erregistratu ziren enpresek —gutxiengo bat— langileen %10 baino ez zituzten sartu zerrendan, eta neurketak egin gabe eta osasun azterketa espezifikoak egin gabe jarraitu zuten.