Maite Alustiza
Ohikoa da kirolari eta entrenatzaileak mikrofonoari hizketan ikustea; ez, ordea, kirolari lotuta ez dagoen zerbaiti buruz. “Kirolariak gutxitan bustitzen dira politika edo gizarte gaietan”. Arritxu Iribar kirol kazetariak egin du baieztapen hori, eta bustitzearen kontuari zehaztapena egin dio Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak. “Askotan, bustitzen ez dena ere busti egiten da. Zerbaiti buruz galdetzen dizutenean eta hitz egiten ez duzunean, edo toki batera gonbidatzen bazaituzte eta ez bazatoz, ari zara esaten ez duzula horretaz hitz egin nahi… Hobe da pentsatzen duzuna esatea”.
Garitanorekin batera, Gure Esku Dago mugimenduak mahai inguruan elkartu ditu Asier Arteaga pilotaria, Mikel Astarloza txirrindulari ohi eta hautatzailea, eta Iraia Iparragirre Realeko jokalaria. Lasarte-Orian aritu dira berriketan, kirolaren esparrutik erabakitzeko eskubideari buruz.
Astarloza bi taldetan aritu da profesional gisa, Frantziako AG2R taldean eta Euskaltel-Euskadin. Aldea zegoen. Lehenean, ez zioten mugarik jarri nahi zuena esateko: “Haientzat mugaz bestalde nengoen, eta haiei bost inporta zitzaizkien esaten nituenak”. Euskaltel-Euskadin, ordea, arazo gehiago izan zituen: “Enpresa, babeslea edo taldea politikari jakin batzuen menpe zegoen, eta horrek ondorio batzuk dauzka”. Zer esanik ez Espainiako Gobernuaren diru laguntzari esker bizi diren kirolarien kasuan: “Horiek inondik ere ez dute esaterik zer pentsatzen duten, hurrengo urteko soldata hor jokoan baitago”.
Garitanok eta Astarlozak ez bezala, bi gazteenek ez dute horrelako trabarik topatu euren bidean. “Enpresan [Asegarcen] ez dut entzun inoiz inori ezer esaten; ez digute oztoporik jartzen”, dio Arteagak. Berdin Iparragirrek: “Ez digute hesirik jarri; ez da izan kasurik”.
Erabakitzeko eskubidea zer den azaltzeko, bere buruari jartzen dizkion adibideak aipatu ditu: “Kuadrillan hamabi bagara, inauterietan mozorrotu behar badugu, eta zortzik pailazoz mozorrotu nahi badute, ba, pailazoz mozorrotuko gara. Edo afaltzera joateko: bederatzik Zumaiara joan nahi badute eta hiruk Getariara, ba, Zumaiara joango gara”. Egunerokoan presente dagoen kontua dela uste du, eta demokraziarekin guztiz lotuta dagoena. “Gehiengoak nahi duena egin behar da, bizitzako esparru guztietan”. Arteaga ere bat dator eskubide hori gauzatzearekin: “Zure etorkizuna nolakoa izatea nahi duzun erabakitzeko eskubidea daukazu”.
Katalunia jarri dute adibide, eta Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohia eredutzat hartu du Garitanok: “Pentsatzen duena esaten du, eta hori da bizitzan ibiltzeko biderik errazena. Jendea ados egongo da edo ez, baina zu lasai egon zaitezke”. Kasu horretan, Guardiolak atzean duen babesa garrantzitsua da Astarlozarentzat: “Hemen ere gizartearen babesa egongo balitz, errazagoa litzateke kirolariak bustitzea”.
Kirolean ere, alde guztiek urratsak egitea beharrezkotzat jo du Garitanok, baina ezkorra da: “Errealitateak narama ezkorra izatera. Azken hogei urteetan ez dut ikusten aldaketarik. Oso gutxi mugitzen dira kirolariak, federazioak, politikariak…”. Konpromiso gutxi ikusten du kirolarien partetik: “Orain arte, nahiz eta euskaldun sentitu, Espainiako selekzioarekin joan behar duzu, eta orain arte euskaldunak hala joan dira. Politikariei leporatzen diegu hau edo bestea, baina behar da beste zerbait ere, adibidez norbaitek ezetz esatea selekzioari edo…”.
Euskal selekzioen gaiari heltzean, futbolean Gabonetan jokatu ohi duten partidari jarri diote arreta. Guztiak bat datoz: festa polita da, baina ez doa aurrera. Iparragirrek dioenez, neskek mutilen egun berean jokatzen dute orain, giro ona dago, baina horretan geratzen da: “Izan zitekeen gero beste selekzio baten aurka jokatzea, edo potenteago baten aurka…”.
Egunak indarra galdu du, Garitanorentzat. Formatua aldatu behar dela dio: “Orain dela urte batzuk saiakera egin genuen, eta urte batean ez zen jokatu, federazioei eta politikariei presio pixka bat sartzeko. Partida hori simulakro bat da, keinu hutsa. Ez badira aurrerapausoak ematen, hor jarraituko du”. Futboletik aparte, beste kiroletan egiten ari diren urratsak goraipatu ditu Arteagak: “Sokatiran, adibidez, lortu dute euskal selekzioa izatea; aurrerapauso txikiak ematen ari dira”.
Txirrindularitzan, Astarlozak dio babesleak direla taldeak egiten dituztenak, “diruaren truke”; Munduko Txapelketan selekzioa modura lehiatzeko, berriz, Espainiakoa daukate. “Beste aukera bat da dirua jarriko duen enpresa bat izatea, Euskaltelen estilokoa, non euskal selekzioaren teoria aurrera eraman nahi duen. Baina zaila da, bere enpresa merkatua asko mugatzen duelako”.
Pilotan, afizionatu mailan, euskal federazioa eta Espainiakoa dituzte. Independenteak dira, baina Munduko Txapelketara Espainiako selekzioarekin joatea da aukera bakarra: “Selekzioarekin joateko betebeharra da Espainiako txapelketa jokatzea. Euskal pilotariak Madril edo Burgoseko klubetara joaten dira”.
Garitanok Realean, Athleticen, Alavesen eta Eibarren jokatu zuen, eta Realeko jokalari zenean ezagutu zuen girorik euskaldunena. “Bazeuden hiru edo lau atzerritar, Espainiatik kanpokoak, baina euskaraz bizi ginen, bai jokalariak, bai langileak…”. Dioenez, erdaraz entzutea ez zen oso ohikoa, eta askotan kanpotik iristen zirenek gehiago entzuten zuten euskara erdara baino. “Gauza batzuk harrapatzen zituzten, eta erabili”. Eibarren ere, jokalari zen garaian euskaraz bizi ziren asko, eta Bigarren B mailan entrenatzaile hasi zenean “giro oso euskalduna” zuten: “Kanpoko jende gehiago etorrita, zailagoa izan da”.
Astarlozak dioenez, euskal herritarren artean euskal hiztun gutxi samar topatu izan ditu oro har. Dena den, harreman estuenak haiekin egin ditu: “Feeling-ak ez du zertan hizkuntzara mugatu, baina egia da normalean euskal hiztunon artean beste sentimendu bat dugula”. Bere burua eredugarri izatetik urrun ikusten du, eta Euskaltelen lagun izan zuen Gorka Izagirre jarri du adibide: “Beti euskaraz egiten zuen euskal herritarrekin. Gai zen elkarrizketa bat bi hizkuntzetan mantentzeko: berari gazteleraz, eta berak euskaraz. Ni ez naiz kapaza; txalogarria iruditzen zait”.
Pilotarien artean, ia denek dakite euskaraz, “errioxarrek eta nafar batzuek” izan ezik. Arteaga euskaraz aritzen da gipuzkoarrekin, eta baita bizkaitarrekin ere, batzuek erdarara jotzeko joera daukaten arren: “Errioxarrekin ere saiatzen gara hitz batzuk erakusten, eta jartzen dute gogoa”.
Leave a Reply