Testigantzak

Julian Garcia Prieto

Altzairu herdoilgaitza soldatzen zuen Julian Garcia Prietok (Hernani, 1944), eta bi galdaragintza lantegitan aritu zen lanean erretiroa hartu arte. Orain, enpresa horiek itxita daude. «Iaz, ohiko osasun azterketa egitera joan eta birikan orban bat nuela esan zidaten. Kendu egin behar zidatela. Minbizia zen». Ebakuntzan birika zati bat kendu zioten. «Orain ondo nago. Ebakuntzan minbizia kendu zidaten, eta ez kimiorik eta ez tratamendurik». Garciak ez zuen amiantoarekin harremanik izan; bere gaitza soldadurako gasen ondorio da, eta hala onartu zioten Osalanen eta Gizarte Segurantzaren ikuskaritzan. Ezintasun absolutua du gaixotasun profesionalagatik. «600 euro gehiago dira pentsioan», azaldu du, baina berak lan egindako enpresarik ez dagoenez, ez du kalte-ordainik jasotzeko modurik.

Felipe Cuñado Fernandez

Fundiciones Sarralden egin zuen lan Felipe Cuñado Fernandezek (Zumarraga, 1953). Erretiroa hartu ondoren, enpresan amiantoarekin harremana izan zuenez, Osalanekin harremanetan jarri eta erretiratu ondoren ere azterketak egiteko eskatu zuen, 2007an. Urteroko azterketak «ondo gainditu» zituen Cuñadok, 2014ko irailaren 2an birikako minbizia zuela esan zioten arte. «Nodulu bat nuen. Garaiz harrapatu nindutela esan zidaten. Baina, handik hamabost egunera, Onkologikora joan nintzen, eta ordurako minbizia lau bider handitu zen, eta bi nodulu berri atera ziren». Ezkerreko birikaren erdia kendu zioten, eta eskuineko birikako gongoil guztiak ere bai, minbizia gehiago zabal ez zedin. Ezintasun absolutua onartua du, gaixotasun profesionalagatik. Enpresa itxita dago.

Jose Robles Rodriguez

Bi galdaragintza lantegitan aritu zen lanean Jose Robles Rodriguez (Hernani, 1953), 38 urtez. Mutualitatean esan zioten lanpostuz aldatzeko, ez bazuen oxigeno botila bat bizkarrean eraman nahi. Enpresak lanpostua aldatzeari uko egin, eta bestela kalera zihoala erantzun zion. Osalanen eta Gizarte Segurantzako ikuskaritzan, ordea, haren aldeko txostena egin zuten, eta epaitegietara jo zuen. Enpresak nahi ez zuen neurketa bat egin behar izan zuen, non tailerreko toxikotasuna onartutakoa baino %366 handiagoa atera zen, eta Roblesi gaixotasun profesionala onartu zioten, soldadurako gasen eraginez. Enpresa irekita dagoenez, mutualitateak ordaindu behar dio pentsioaren diferentzia, eta enpresak kalte-ordaina; baina helegitea helegitearen atzetik jarri diote, bidea zailtzeko.

Felix Casado Garcia

Zortzi urtez bakarrik egin zuen lan Felix Casado Garciak (Lazkao, 1949) Aristrainen —gaur egun, Olaberriko Arcelor Mittal—, eta gero autonomo gisa aritu zen, amiantoarekin batere harremanik izan gabe. «Nahikoa, ordea, 40 urte geroago gaixotzeko». 2011ko otsailean, albo bateko min handiarekin hasi zen eta ahotik odola botatzen. Probak egin, eta eskuineko birikan minbizia zuela diagnostikatu zioten. Eskuineko birika osoa eta perikardio zati bat kendu zioten. Ezintasun absolutua onartu zioten gaitz profesionalagatik, baina mutualitateak horren kontrako bi helegite jarri, eta EAEko Auzitegi Nagusiraino iritsi zen. «Hori onartu zidatenean, kalte-ordainak eskatu genizkion enpresari, bi epaiketa izan ditugu, eta erdizka irabazi dut; eta orain, Auzitegi Gorenean dago, Madrilen».