Leire Narbaiza
Egunotan irakurtzeaz eta liburuez jardun dut hainbat leku eta lagunekin, letren pertzepzioaz eta liburuen plazeraz. Maniez eta apetez, nostalgiaz eta plazerez. Irakurtzeak sortzen digun gozamenez, alegia.
Ez dut gogoan noiz hasi nintzen irakurtzen, ezta zein izan zen nire lehenengo liburua ere. Badakit gaztelaniaz izango zela, gaztelaniaz ikasi bainuen irakurtzen; baina badakit txikitatik irakurri izan ditudala liburuak, egunero, meriendatu bitartean. Laranja orbainak dituzte gordetzen ditudan liburu horiek, askarien lekuko. Atseden tartea ziren eskola eta etxerako lanen artean.
Merienda balira bezala hasi nintzen liburuak dastatzen, gosez. Eskuetara zetorkidana irakurtzen, etxean geneukan bilduma dotoretik ere hartzen, XIX. mendeko klasikoak, nobelagile handiak. Antzerkia ere tarteka. Inoiz poesia.
Askotan lurrean eserita irensten nituen, armairu eta ate ostearen artean zegoen espazioan, kuxin baten gainean. Edo miradorean, lurrean jarrita ere bai. Ezkutalekuak ziren, leku pribatuak, barneratzeko balio zidatenak. Etxez aldatu ginen, eta espazio horiek barik geratu nintzen. Gogorra izan zen oso.
Izarapean ere makinatxo bat irakurketa dut eginda, argia amatatzeko agindua emanda zidatelako, baina liburua laga ezinda hantxe ezkutatzen nintzen, kaleko argiek bidalitako izpiez letrak aletu nahian… Hori ote nire miopiaren jatorria?
Garraio publikoa erabiltzen hasi nintzen, eta bertan ere irakurtzen. Leku guztiak aprobetxatzen nituen. Baita automobilean ere: auto-ilaretan ateratzen nuen liburua, jakinekoa baitzen egunero non egongo nintzen geldirik luzaroan. Ikasturte horretan liburu mardul oso bat irakurri nuen kotxean!
Lekuak leku, irakurgaiek sortutako gozamena azpimarratu nahi nuke, justu hasieran aitatu dudan elkarrizketak eragindako hausnarketa. Lankide batek esan zidan orain ere irakurtzea plazera dela berarendako, baina dagoeneko liburuek ez diotela eragiten lehen sortzen zioten zirrara handi eta magikoa. Harridura eta txundidura hura desagertu direla. Niri ere gertatzen zait, lilura hura joan da. Seguruenik helduagoak izanda gutxiago haluzinatzen dugulako edozerekin, asko irakurri dugulako, eta maisu/maistra lan asko gozatu ditugulako. Pena da, baina hartutako atsegina barruan dugulakoan nago.
Txundidura gero eta urriagoa bada ere, xarmak hor segitzen du, gozatzeko aukera. Eta liburuen aterpea. Izan ere, irakurtzea babeslekua da niretako, abaroa, ihes egiteko parada, beste mundu batzuetan murgildu eta erlaxatzeko unea. Errutinatik babesten gaituzten parapetoak dira liburuak, asperkizunaren kontrako babesleku, errealitateari tiro egiteko lubakiak. Mundutik salbatzen gaituztenak, baita geure buruarengandik ere. Botika bikaina egoera eskasetan.
Hala ezkutatzen naiz liburu baten atzean, edota barnean. Barruan murgilduta, desagertu; eta portada atzean, ostendu. Ez da ona izan behar, gainera. Liburu atsegina izanda ere nahikoa da sarritan; halakoek ere eraikitzen baitute inguruan habia segurua, bihurtzen baitira flotagailu eguneroko ur-nahasietan.
Irakurtzea txerto, botika eta antidoto da niretako. Babestu eta armatzen nauena mundu honetan bizi ahal izateko. Horregatik eramaten dut beti liburu bat poltsan, senda nazan.
Leave a Reply