Eider Goenaga Lizaso
Gipuzkoaren egungo lurralde egitura ulertzeko, ezinbestekoa da itsasoa, eta horren inguruko dozenaka idatzi eta dokumentu historiko aurkitu ditu Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944) bere ikerketa lanetan. Filosofia ikasketak egin zituen bere garaian, baina historia izan da haren pasioa beti. Hala, 1987an, Historiako doktoretza egin zuen. Geroztik, “hogei bat liburu” argitaratu ditu, denak ere historiarekin lotuak. Euskal Herriko eta, batik bat, Gipuzkoako historiari erreparatu izan dio Azpiazuk bere lanetan, eta guztietan itsasoa oso presente egon da, “itsasoa gabe ezin baita gure historia ulertu”.
Los vascos se echaron al mar izan da kaleratutako azken liburua. “Badirudi Gipuzkoan itsasoarekiko lotura bakarrik kostaldeak duela; Hondarribitik hasi eta Mutrikuraino, horietan bakarrik izan dela harremana itsasoarekin. Baina ikertzen hasi, eta berehala ikusten da Gipuzkoa osoa, eta baita Bizkaia eta Araba ere, itsasora begira bizi izan direla mendeetan”. Horrek eraman du itsasoa ardatz duen liburu bat idaztera. “Izan ere, nire ikerketa guztiek, nahiz eta printzipioz barnealdeko gaiak landu ditudan, ezinbestean eraman naute itsasora”.
Gipuzkoako biztanleen eta itsasoaren arteko harremanaren hasiera XII. mendean kokatzen du Azpiazuk. “Ordu arte, gipuzkoarrek apenas zuten harremanik itsasoarekin”. Mendearen amaieran hasi ziren kostaldeko herriak sortzen —Donostia, Hondarribia, Mutriku, Getaria… —, arrantza eta itsas merkataritza garatzearekin batera. “Eta, ordutik aurrera, ezin dugu Gipuzkoa barnealdeko garapena ulertu itsasoa kontuan izan gabe”.
Izan ere, Los vascos se echaron al mar liburuan, batez ere, Gipuzkoa barnealdeaz hitz egiten du Azpiazuk. “Eta arrazoia oso sinplea da: hemengo lurra oso pobrea da, eta hemen, zerbait eskaintzekotan, burdina geneukan, lurpetik ateratako materiala, teknikariak, olak eta abar”.
Azpiazuren arabera, “Gipuzkoako ibar guztiak, Oria ibarra, Zumaia ingurua, Zestoa, Debarroa… burdin biltegi handiak ziren”. Gurdiz eta mandoz eramaten zuten burdina horietara, eta, gero, aterabidea eman behar zitzaien. Eta itsasoa zen aterabidea, itsasoa zen esportaziorako bidea, itsasoa zen mundura zabaltzeko atea. Europa iparraldera, Portugalera eta Mediterraneora eramaten zuten burdina, itsasoz. “Eta Sevillara. Sevilla zen burdina Ameriketara bidaltzeko atea”. Eta eraman bezala, itsasoz ekartzen ziren atzerriko lehengaiak ere. Kostaldera iritsitakoak modu berean garraiatzen zituzten barnealdeko herrietara: mandoz eta gurdiz. “Europa iparraldetik, adibidez, oihalak ekartzen zituzten. Baina itsasoz etortzen zenari erreparatzen badiogu, garrantzitsuena arrantza eta balea olioa zen, garai hartako Iberdrola litzatekeena”. Izan ere, argizaria oso lehengai garestia zen, eta balea olioa erabiltzen zuten Europa osoan argiztapenerako.
“Horrek mugimendu oso indartsua sortu zuen lurralde osoan itsasoari begira”, dio Azpiazuk, eta, halabeharrez, herritarrak ere itsasora begira jarri zituen. Izan ere, baserrietan senide ugari izaten ziren, lurrak ez zuen denentzako beste ematen, eta maiorazgoan anaia zaharrena gelditzen zen baserriarekin. “Horrek gainerako anaiak beste irtenbide bat bilatzera behartzen zituen, eta irtenbide hori itsasoak ematen zuen. Baserririk ez zutenen kasuan, are gehiago. Arrantzontzietan, merkataritza ontzietan edo gerraontzietan topatzen zuten ogibidea”.
Ildo horretan, ezin da ezkutatu arlo militarrak zuen garrantzia, Azpiazuk dioenez. “Gaur egun, ez dago ondo ikusita, baina, hemen, itsasora jotzen zuten asko Espainiako errege-erreginen aginduetara jarduten ziren. Andres Urdaneta Ordizian jaiotakoa zen; Miguel Lopez Legazpi, Zumarragakoa; biak barnealdekoak, biak militarrak”.
Itsasoa ez zen aisiarako
Itsasoak bizimodua baldintzatzen zien Gipuzkoako biztanle askori, eta bizimodu horrek itsasoaren ikuspegia zehaztu zuen hainbat mendetan. “Izan ere, itsasoa ez zen aisiarako gunea, eta ezta hondartzak ere. Hondartzak jende askoren lantokia ziren, batez ere emakumeena. Haiek ez zuten imajinatu ere egingo hondartza beste ezertarako gune izan zitekeenik; hondartzaren ikuspegi ludikoa XX. mendeko kontzeptu bat da”. Hondartzetan prestatzen zuten itsasontzietan ekarritako arraina, eta bertan konpontzen zuten arrantzarako tresneria ere. “Hondartza negozio gune garrantzitsua zen, eta itsasontziak ere hondartzan egiten zituzten. Donostiako irudi zaharretan ikusten da itsasontziak hondarretan bertan egiten zituztela”.
Hogeita hamar urte baino gehiago dokumentu historiko eta artxibategietan begira jardun arren, beti izaten dira sorpresak, Azpiazuk nabarmendu duenez. Azken liburuari begira, itsasoko protesten inguruko agiriak topatu ditu, XIX. mendekoak. “Itsasontzi batek istripuren bat izaten zuenean, edo belaontzi bat galtzen zenean, edo ura sartzen zitzaienean, Donostiara etortzen ziren, eta agintari militarren aurrean protesta egiten zuten. Litekeena da protesta hori aseguruei begirako zerbait izatea, gertatutakoa beraien errua ez zela frogatzeko, eta asegurua gastu horren kargu egiteko”.
Leave a Reply