Leire Narbaiza
Batzuetan gertatzen zaizkigun pasadizo txikiek hausnartzeko parada eskaintzen digute, eta azalarazteko errealitateren bat, hor egon dena beti, baina, beharbada lehenengo begi kolpean ikusten ez genuena. Guri halako zerbait gertatu zitzaigun Aste Santuan.
Lagun bat eta biok Donostiara joan ginen egun pasa. San Telmo museoko erakusketa gidatuan parte hartu eta gozatua handia izan zen. Disfrutatzeko moduko udaberriko eguraldia izan genuen, gainera. Primerako eguna zentzu guztietan. Hori bai, eskandalizatuta eta aho bete hortz laga gintuzten jatetxe eta tabernetako prezioek. Ikaragarria eta abusu hutsa! Era berean, iruditu zitzaigun turistak trumilka ibiltzea arazo bihur litekeela kopurua zaintzen ez bada. Askorendako pozgarria izango da, baina turismoarenak neurri kritikoa hartzen diharduela begitandu zitzaigun, hiria bitrina hutsa bihurtu nahi ez badugu, behintzat.
Iluntze aldera, Euskotreneko geltokirantz abiatu ginen, eta trenera joan baino lehen zerbait hartzera Easo plazako taberna baten sartu. Jende asko zegoen bertan. Barrara hurreratuta, eskatzen ari ginela, terrazako zerbitzaria etorri zitzaigun esatera terrazara joan nahi bagenuen berak eramango zigula kontsumizioa bertara. Guk ezetz, barruan nahi genuela. Gero, ea ez genuen nahi beste toki batean jarri, barrako zoramenetik aparte, eta zutabe bateko apal itxurako mahai batera eraman gintuen, aulkia ekarri ere egin zigun. Bitartean, ordaintzera joan nintzen, eta ezetz esan zidan, lasai jateko, ostean ordainduko genuela. Hantxe geratu nintzen ni, kartera eskuan, pintxoa eta freskagarria aurrean. Manipulatua eta txotxongilo sentsazioarekin. Hau guztiau minutu batean gertatu zen, erdara batuan, zerbitzari gazte, txurrodun eta hiper-adeitsuaren eskutik.
Oso txarto sentitu nintzen, baina ez nuen ulertzen zergatik. Normalean, ez naiz batere eroso sentitzen zerbitzari mota horrekin, ez dut gustuko jatetxeetan-eta kamareroa gainean izatea, adi beti, basoa betetzen, zelatatzen bezala. Urduri jartzen nau. Baina egun horretakoa harantzago zihoan sentsazio txarra zen, ondoeza beste non edo nondik ere bazetorkidala sumatzen nuen.
Lagunak komunera jo zuen, eta aukera izan nuen taburete hartan, pintxoari begira, kartera ondoan eta freskagarriari zurrut egiten, egonezin hura identifikatzeko. Berdin jokatuko luke gurekin Kontxi eta Leire izan beharrean, Aitor eta Patxi bagina? Ez! Eta Leire eta Aitor izanda? Ezta ere! Gizon zerbitzari horrek zerbitzu onaren izenean memelo legez tratatu gintuen. Jakingo ez bagenu moduan zer den egokiena guretako momentu guztietan. Emakume txatxala bi, enbarazuan.
Hor zegoen gakoa: adin ertaineko emakume ezgai bi ikusi zituen, bere nahira erabil zitzakeenak. Seguruenera, bera kontziente izan barik. Baina jarrera paternalista hark, jaun prestuarenak, antzinako caballero batenak, matxismo zoldatsuena ezkutatzen zuen, ilean txurroak eraman eta gaztea izan arren. Zoritxarrez, itxura eta jarrera ez datoz beti bat.
Ordaintzean, beste zerbitzari bati ordaindu genion, jakina. Zerbait esateko gogoz ere geratu ginen, baina ziurrenera berak ahaztuta edukiko gintuen, eta trenak alde egin behar zigun. Hurrengoan!
Leave a Reply