Eider Goenaga Lizaso
“Konortea galduta ohera eraman behar izaten ninduten”. “Goizean, ogia eta egunkariarekin batera, bi garagardo erosten nituen; eta, lanean hasterako, biak edaten nituen”. “Publikoari begira lan egiten nuenenez, egunean zehar itxura gordetzen saiatzen nintzen, baina etxera iristean, lurra jotzen nuen”. “Beste edozeinen moduan, gaztetxotan hasi nintzen, festara irteten nintzenean, asteburuetan”. Leonor Carmonak (Donostia, 1964) hiru urte daramatza Aergin, errehabilitazioan dauden alkoholiko eta adiktuen Gipuzkoako elkartean, terapia jasotzen. “Nik ez nuen edan nahi, eta konorterik gabe oheratzen nindutenetan, biharamun goizean ez nintzen gai ispiluan begiratzeko. ‘Ez dut gehiago egingo, ez dut gehiago edango’, esaten nion nire buruari. Baina borondatea ez da nahikoa”.
Bikotekideak bultzatuta joan zen Carmona Aergira. “Botiletan markak egiten zizkidan, eta nire erantzuna edari fuerteagoak hartzea izan zen; zerbait egin behar genuela esaten zidan, eta, asko kostata, duela hiru urte hasi nintzen errehabilitazioan. Tartean, edatera itzuli izan naiz; sei hilabete edan gabe eman ondoren ere bai”. Carmonak bezala, martxan daramatzan hiru urte eta erdian, 401 alkoholikok eta adiktuk egin dute errehabilitazioa Aergin, eta 154 senitartekok jarraitu dute familientzako terapia. Iazko datuei erreparatuta, 165 adiktu eta senide artatu zituzten.
2015eko jardunaren memoria aurkeztu zuen, herenegun, Aergik, eta Josean Fernandez presidentea pozik agertu zen emaitzekin. “Erabiltzaileen %98 ez da berriro bere adikziora itzuli. Oso emaitza ona da. Gurera etortzen direnen artean %6an dago berriro itzultzen direnen batez bestekoa, eta horrek nabarmen hausten ditu Europako zein Espainiako Estatuko estatistikak”. Terapiara joaten direnek jarraipenez egiten dutela eta %99ko asistentzia dutela ere nabarmendu du.
Tratamenduen osagarri
Fernandezek azaldu duenez, “gaixotasunari aurpegia jartzea” eta mediku zein psikiatrek menpekotasunak dituztenekin hasitako tratamenduen osagarri izatea dira euren helburuak. “Gurera etortzen denak ez du zertan errehabilitazioa aurrez hasita eduki behar; baina, gugana etortzen den oro medikuarengana bidaltzen dugu, hemen egiten ditugun terapiekin batera, eta medikuak hala behar duela uste badu, dagokion tratamendu mediko-psikiatrikoa has dezan”. Taldeko terapia bidez funtzionatzen dute, eta banakako jarraipena egiten diete adiktuei zein senideei.
“Mota guztietako menpekotasunak hartzen ditugu, bai kimikoak —alkohola, tabakoa eta beste drogak— eta baita jokabidezkoak ere —ludopatia, erosketa konpultsiboak…—, eta denek batera egiten dute bidea. Izan ere, menpekotasun bakoitzak bere ondorioak dituen arren, adikzioaren oinarria eta konponbidea bera da”, azaldu du Fernandezek.
Carmonak alkoholarekin du arazo handiena, baina bestelako drogak ere kontsumitu ditu. “Ile apaintzailea naiz eta desfileak-eta antolatzen nituen, han eta hemen ibiltzen nintzen, Ku diskotekan, batean, bestean. Eta giro horretan, hor dauzkazu droga guztiak. Alkoholaz gain, speeda eta kokaina ere kontsumitu ditut”. Bere esanetan, legez kanpoko drogak uzteko zailtasun handirik ez zuen izan. “Baina, alkohola… Nire bizitzako hainbat gertaerek jotako kolpe emozionalen harira, alkohola izan zen nire babeslekua. Garagardo batzuk, ardo pixka bat… Edan, eta mina sentituko ez banu bezala zen. Eta, ia oharkabean, muga pasatzen duzu, eta ez zara konturatu. Kontsumo konpultsibo, amorratu eta frustragarria zen. Nik ez nuen edan nahi, baina edan egiten nuen”.
Orain bizitza “koloretan” ikusten duela dio Carmonak, ez dela zuri-beltza, merezi duela bizitzeak. “Hori ere zalantzan jartzen nuen. Maiz pentsatu dut hobe nuela desagertzea. Orain ez”. Eta Carmonak aurpegia ematea erabaki du, bere kasua ezagutaraztea, jendeak ikus dezan alkoholismoak edozein harrapa dezakeela. “Nik bizimodu osoa nuen, asko maite ninduen bikotekide bat, familia, izugarri maite dudan lanbide bat… Ez zirudien edateko motiborik zegoenik, baina edan egiten nuen. Alkoholikoa ez da kalean etzanda, ardo kaxa batekin eta eskean dagoena, ez. Alkoholikoa pertsona normala da. Zu eta ni bezalakoa”.
Aergiko erabiltzaileen adinaren batez bestekoa 46,8 urtekoa da; ikasketa mailari dagokionez, %32,14ek unibertsitate mailako ikasketak dituzte, %53,57k maila ertaineko ikasketak, eta %12,5 dira ikasketa gabeak. Generoari begiratuta, emakumeak eta gizonak pareko dira, %51 emakumeak eta %49 gizonezkoak. “Guretzat oso inportantea da datu hori. Kontuan hartu behar dugu orain dela 20 urte errehabilitazioan zeuden emakumeen batez bestekoa hogeitik batekoa zela, eta, egun, Espainiako Estatuan hirutik batekoa dela”.
Bigarren mailakoak
Profil horretan bete-betean sartzen da Carmona. Urduri dago prentsaurrekoan, lehen aldia da jendaurrean bere gaixotasunari buruz hitz egingo duela, lasaiago hitz egin du gero kazetariarekin. “Argi utzi behar da hau gaixotasun bat dela. Ni gaixo bat naiz, gaixo kroniko bat naiz, beste hamaika gaixotasun kroniko dauden moduan, eta osatzeko bidea egiten ari naiz. Hala, beste gaixoekin aurreiritzirik, arbuiorik eta mespretxurik ez badago, nik ere tratu bera merezi dut. Horregatik etorri naiz gaur, ondo nagoelako, jendeak ni ikus nazan nahi dudalako, ezagutu nazatela, jakin dezatela ez dela ezer gertatzen, alkohola utzi daitekeela, utzi egiten dela, bizitza bizi daitekeela, eta ez garela bigarren mailako herritarrak”.
Hain zuzen ere, aldarrikapen hori da Aergiren leloa zehazten duena: Ikusteko modukoak gara. “Bada garaia gaixotasun honek argia ikus dezan, denen begietara zabal dadin, adiktuek errehabilitazioa ezkutuan eta lotsaz egiteari utz diezaiogun. Alkoholismoaren eta menpekotasunen estigmatizazioa puskatu nahi dugu, gaixotasunari aurpegia jarri, ondorio guztiekin eta ezer ezkutatzen eta leuntzen ibili gabe”, dio Fernandezek.
Lehen pertsonan hitz egiten du Aergiko presidenteak alkoholikoez. Izan ere, Aergin menpekotasunen alorreko teknikariak eta masterdunak dira terapiak gidatzen dituzten pertsonak, baina haiek ere inoiz menpekotasunen bat izan eta gainditutakoak dira. “Ez daukagu inongo lotsarik, ez gaitu lotsatzen errehabilitazioan egoteak, eta are gutxiago errehabilitatuta egoteak”, dio Fernandezek. “Kontrakoa, guk hau guztia ikusgai egin nahi dugu. Zenbakiak ematen ditugu, baina zenbakiak ez dira ezer jendeak horien berri ez badu. Jendeak ikusi behar du arazo honek baduela konponbidea, hor kanpoan jende asko baitago arazo honekin, apurtutako familia ugari dago gaizki pasatzen. Guk guztiengana iritsi nahiko genuke, eta horretarako ateratzen gara prentsaurrera”.
Zertan lotsaturik ez duela sentitzen du Carmonak ere. “Edaten nuenean nire buruari esaten nion jendeak ez zuela nabaritzen, baina hori ez da horrela. Jende guztiek ikusten zuen zerbait gertatzen zitzaidala; lankideek, bizilagunek, supermerkatukoak… Orduan nengoen gaizki, orain ondo nago, eta jendeak jakitea nahi dut. Baina egia da, halaber, alkoholikoak ezerosoak garela jendearentzat, haien ispilua garelako. Niri, ni neu alkoholikoa izan arren, atzera egiten zidan tabernan emakume bat mozkortuta ikusteak, edo edaten eta makinan dirua botatzen ikusteak. Baina, zergatik arbuio hori? Ba nire ispilua zelako, eta ez nuelako ikusi nahi”.
Alkoholikoak ingurukoen begietara izaten duen bilakaera aipatu du Fernandezek. “Hipokresia izugarria da. Edale soziala izatetik edale konpultsibo edo gehiegizko edale izatera pasatzen garenean, jendea gu baztertzen hasten da, ingurukoen begiradak eta mespretxua nabaritzen hasten gara; eta, kurioski, errehabilitazioan hasten garenean, bazterketa bera pairatzen dugu, ziklo sozialetik kanpora gelditu garen jendea gara”.
Leave a Reply