“Txikitan ermitan ibiltzen nintzen pilotan, amona Mariarekin jolasten”

M. Alustiza

2011ko uztailean egin zuen debuta profesionaletan Aitor Mendizabal Mendizabal III.a-k (Antzuola, 1989), Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Aspeko pilotariak urte horretan irabazi zuen, hain justu, bigarren mailako lau t’erdiko txapelketa.

Zer gustatzen zaizu gehien Antzuolatik?

Niretzat, toki berezi bat Antigua auzoko ermita ondoko ahateen lekua da, han ordu asko pasatutakoa naiz eta. Oso leku polita da, eta oraindik ere beti bezala mantentzen da.

Nola aldatu da herria zu txikia zinenetik?

Antzuola herria asko handitu da, azken urte hauetan etxe asko eraiki dira eta. Aldi berean, herriko alde zaharra berrituz joan dira, eta herria oso polita gelditu da.

Antzuolan biziko ez bazina, non bizitzea gustatuko litzaizuke?

Betidanik Antzuolan bizi izan naiz, eta ez dut inoiz bizitzeko beste lekuren batean pentsatu.

Badago zerbait herrian faltan sumatzen duzuna?

Kiroldegi baten falta sumatzen dut, igerilekuak, kantxa eta abar dituena. Betidanik sumatu izan dugu igerilekuen falta.

Bisitari batek Antzuola ezagutu nahiko balu, urteko zein garaitan etortzea gomendatuko zenioke?

Herriko jaietara gonbidatuko nuke. Uztaileko hirugarren astebukaeran izaten dira, eta oso giro polita egoten da.

Noiz hasi zinen pilotan zaletzen? Herriko frontoian aritzen zinen txikitan?

Txikitatik gustatu izan zait pilota, eta lehen aipatu dudan ermitan ibiltzen nintzen amona Mariarekin jolasten. 16 urte egin arte, futbolean ere aritzen nintzen. Gero, futbola utzi, eta pilotan segi nuen.

Zer moduzko denboraldia daramazu? Gustura zaude egiten ari zaren lanarekin?

Nahiz eta txapelketetan ez dudan zorte handirik izan, oro har oso gustura nabil. Lesioek ere errespetatu egin naute, eta hori oso garrantzitsua da.

Bihar izango da binakako finala Bilbon: Olaizola II – Urrutikoetxea / Irujo – Rezusta. Ausartuko zinateke pronostikorik egitera?

Bi bikoteak onenak izan dira txapelketa osoan. Nahiz eta oso zail edukiko duten, Juanek [Irujo] eta Beñatek [Rezusta] irabaztea gustatuko litzaidake.

Leave a Reply

Your email address will not be published.